NAIZ

Teilatu batean lanean zebilen 42 urteko gizonezkoa hil da Arriben

Araitz bailarako Arribe herriko Orella auzoko etxebizitza bateko teilatuan lanean ari zen 42 urteko eraikuntzako langilea hil da astelehen honetan, Foruzaingoak jakinarazi duenez. Gehiengo sindikalak elkarretaratzea deitu du etzirako.

Lan istripua izan den Arribeko etxebizitza.
Lan istripua izan den Arribeko etxebizitza. (FORUZAINGOA)

Araitz bailarako Arribe herrian izandako lan istripuan 42 urteko gizonezkoa hil dela jakinarazi du Foruzaingoak.

Goizeko 9.02ean deia jaso dute SOS Nafarroa 112 larrialdien zerbitzuan. Bertara, guardiako mediku taldea, SOS Deiak-en anbulantzia medikalizatu bat (gertutasunarengatik) eta Iruñeko komisaldegiko foruzainak hurbildu dira.

Orella auzoko etxebizitza batean lanean zebilen 42 urteko gizonezkoa zortzi metroko altueratik erori da, Foruzaingoak zabaldu duenez. Larrialdietako zerbitzuak bertara heldu direnean erreanimazio lanak egiten saiatu dira, baina langilea hil zen ordurako.

Gorpua Nafarroak Medikuntza Legaleko Insitutura eraman dute autopsia egiteko. Foruzaingoak istripua ikertzeko ardura hartu du.

Elkarretaratzea

LAB, ESK, Steilas, EHNE, HIRU eta CGT/LKN sindikatuek salatu dutenez, 2024 urteak, bere lehen bi asteetan, lau langile hildako utzi ditu Euskal Herrian. Egoera hori salatzeko eta langileriaren elkartasuna adierazteko, mobilizazioa antolatu dute etzi, asteazkena, eguerdiko 12.00etan, Iruñean, Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean.

LABek nabarmendu duenez, urteko lehen bi astetan lau hildako izan dira Euskal Herria. Honekin batera, joan zen astean Aginagako Viveros de Mariscos Viuda e Hijos de Jeronimo Izagirre enpresan altuerako beste istripu bat izan zen eta langile bat oso larri dago.

«Nahiz eta altueretako lanek baduten araudi propioa, zorrotza, errealitatean patronalak inpunitate osoz saihesten du langilearen bizitzarako bermeak eskaintzea, araua hautsiz. Honen aurrean administrazioek ez dute nahikoa neurri hartzen eta isunak, istripua gertatu ostean soilik egoten dira, inoiz ez aurretik egondakoa ez betetzeagatik», salatu du LABek.

ELAk nabarmendu duenez, «altuerako erorikoak dira lan-istripuek eragindako heriotzen lehenengo kausa. Heriotza mota horiek erraz saihets daitezke oinarrizko segurtasun-neurriekin, eta, hala ere, iaz gutxienez bi pertsona hil ziren kausa horren ondorioz, eta aurtengo lehen biktima [Nafarroan] arrazoi beragatik hil da.».

«Hori dela eta, enpresaburuen zigorgabetasuna amaitzea» eskatu du ELAk. Nafarroako Gobernuari «berehala, lan-ikuskaritzaren plantilla handitzeko, Nafarroako lantokietan lan-arriskuen prebentzioari buruzko araudia zorrotz betetzen dela kontrolatzeko» eskatu dio.

UGTrentzat ezinbestekoa da Nafarroan dagoen lan istripu mailaren aurrean prebentziorako neurriak eta politikak indartzea. Gauzak horrela, prebentzioa kostu bat bezala hartzeari utzi behar zaiola eta inbertsioa gisa jo behar dela nabarmendu du.

CCOO sindikatuak ere langilearen heriotza gaitzetsi du eta «babesa eta doluminak» helarazi dizkie hildakoaren familiari eta lankideei. Salatu duenez, «onartezina da laneko edozein heriotza, eta, horregatik, inplikatutako erakunde guztiak kontzientziatu behar dira prebentzioa areagotzeko».

Gainera, 20203ko lehenengo sei hilabeteetan lan istripuei dagokienez Nafarroa «Estatuko lurralde txarrenetako bat» izan zela gogorarazi du CCOOek.