NAIZ

«Bizi ez genuen finalaren bila; konpromezua, indarra, bultzada», Realeko zaleen mezua Zubietan

Realeko jokalariek azken lan saioa burutu dute astearte honetan, begirada guztiak Osasunaren aurkako Kopako kanporaketan daudela. Asteazken honetan euskal derbia jasoko du Sadarrek, final zortzirenetan, eta zale txuri-urdinak ilusioz daude. Ilusio hori Zubietara eraman dute pankarta baten bitartez.

Zubietako zelai batean pankarta bat zintzilikatu du ‘Bultzada Txuri Urdina’ zale taldeak.
Zubietako zelai batean pankarta bat zintzilikatu du ‘Bultzada Txuri Urdina’ zale taldeak. (REAL SOCIEDAD)

Kopako kanporaketek badute, bere horretan, nolabaiteko xarma, esentzia berezia. Bada, aste hau euskal taldeentzat erabat espeziala izango da, derbi bikoitza jokatuko baita. Lehendabizi, astearte honetan, Athletic eta Alavesen arteko dema jokatuko da, Kopako final-laurdenetan txartel batekin egiteko eta bihar, asteazkena, Osasuna eta Realaren txanda izango da.

Ilusio berezi hori, hain zuzen ere, Zubietara helarazi nahi izan du Bultzada Txuri Urdina zale taldeak. «Bizi ez genuen finalaren bila; konpromezua, indarra, bultzada», mezuarekin entrenatu da Reala astearte honetan, asteazkeneko Kopako kanporaketara begira, baina baita txapelketa honetan sortzen diren espektatiben adierazle modura ere.

Zale txuri-urdinek finalarekin amesten dute, 2020an lortu bezala, Athleticekin batera, final historiko bat erdietsita. Orduan, pandemiak urtebete atzeratzea ekarri zuen, eta hala ere, Sevillako La Cartuja estadioan harmaila hutsik zirela jokatu zen. Hain zuzen ere, orduan kendutako ilusioa gogorarazi nahi izan du Bultzadak, futbolari zentzua zaleek ematen baitiote. Modu horretan, beste final batera iristeko borrokan 12. jokalaria izan nahi dute eta modu horretan, astearte honetatik bertatik hasi dira lanean, Sadarren, milaka zale gorritxoen artean bakarrik sentitu ez daitezen.

Osasunak iaz jokatu zuen finala, Real Madrilen aurka, historikoa izan zen denboraldia erabat biribilduz –Europa jokatzeko ere sailkatu zen, ligan 7. bukatu ondotik–. Aurten, ordea, Jagoba Arrasateren taldeak ez du guztiz aurkitu iazko sendotasuna eta bere jokoan irregulartasuna agerikoa da. Nolanahi ere, derbi bat izanik, partida lehiakorra espero da eta zaleen ekarpena ere oso garrantzitsua izango da, Bultzada Txuri Urdinak ondo ulertu duen bezala.