NAIZ

EAEko itunpeko ikastetxeetan hamar greba egun gehiago, bileratik akordiorik gabe atera ondotik

Asteazken honetatik aurrera beste hamar greba egun egingo dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako itunpeko ikastetxeetan. 9.000 langile deitu dituzte ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGTk. Izan ere, Kristau Eskola eta Aice-Izea patronalekin bildu dira berriz negoziatzeko, baina ez dute adostasunik lortu.

Itunpeko ikastetxeen greba, joan den abenduaren 11n, Bilbon.
Itunpeko ikastetxeen greba, joan den abenduaren 11n, Bilbon. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Hamar greba egun gehiago egingo dituzte EAEko itunpeko ikastetxeek, asteazken honetatik bertatik hasita. Sindikatuak eta Kristau Eskola eta Aice-Izea patronalak azken ordura arte saiatu dira negoziazioan aurrera egiten eta hitzarmena berritzeko adostasunetara iristen; ez da bien jarrerak hurbiltzeko modurik izan, ordea.

Mobilizazioei eutsiko diete, hortaz, ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGTk. Urtarrilaren 17, 18, 23, 24 eta 25erako eta otsailaren 6, 7, 8, 19 eta 20rako finkatu dituzte greba egunak. Orotara, 9.000 langile daude deituta lana uztera, eta horrek 130.000 ikasleri eragingo die. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako itunpeko hezkuntzan dabiltzanak dira, ikastolak salbu, hauek hitzarmen propioa baitute.

Hain zuzen ere, ikastoletako mahaian lan-hitzarmen berria erdiesteko aurre-akordioa sinatu du LABek, eta gizarte ekimeneko mahaira antzeko edukiak ekartzeko eskatu du. EHI eta EIB patronalek Ikastoletako mahai-negoziatzailera sindikatu abertzaleak ekainean sinaturiko akordioaren edukiak ekarri dituzte, eta, horrez gain, mahaia desblokeatzeko eros ahalmena bermatzen duen proposamena, enplegua mantentzeko edukiak, lan zamei loturiko neurriak zein lizentzia eta baimen gehigarriak. Eremu batean posible dena gizarte ekimenean ere posible egin behar dela uste du LABek.

«Aurrerapen gutxi»

Astearte honetan, Bilboko Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzan bildu da gizarte ekimeneko mahaia, alde batean bi patronalak eta bestean sindikatuak, 9.30etik aurrera. Ostean, adierazpenak egin dituzte.

ELAko Miren Zubizarretak azaldu du «oso gauza gutxi» aldatu dituztela patronalek beren proposamen berrian eta oroitu du sindikatuek eros ahalmena berreskuratzea galdegiten dutela. Baieztatu duenez, «ez da hori bermatzen». Zehazki, hitzarmenak irauten duen bitartean KPIa ziurtatzea eskatzen dute, baina mahai gainean jartzen ari diren planteamenduak helburu horretatik «oso urruti» daude.

Jakinarazi duenez, momentuz ez dute bilera berririk deitu, baina sindikatuak prest daude behar den guztietan elkartzeko, «gakoak diren gauzei buruz» aritzeko betiere.

CCOOeko Jose Antonio Gonzalez bat dator patronalen proposamenak «ekarpen gutxi» egiten dituela esatean. Bere ustez, «oinarrizko eta lehentasunezko puntuak falta» ditu.

Steilaseko Iñaki Balmasedak berretsi du patronalek ez dietela erantzuten beren beharrei.

Kristau Eskola, «ardura» eske

Bestalde, Kristau Eskolak «arduraz» jokatzeko galdegin die sindikatuei, «eskatzen eta eskatzen segitzea ez baita arduratsua» bere iritziz. Maria Eugenia Iparragirre zuzendariak «penaz» adierazi du adosteko «aukera bat» galdu dela, eta berriz esan du asko –«dozenaka milioi euro»– hobetu dituztela proposamenak.

Kristau Eskolak deitutako hirugarren batzarra egin dute, Iparragirrek zehaztu duenez. Bere esanetan, joan den urtarrilaren 10ean proposamen «berri eta hobe» bat ekarri zuten, baina sindikatuei ez zitzaien aski iruditu. Berriz hobetzeko eta biltzeko eskatu zieten eta ostiraleko bigarren bileran are planteamendu hobeak aurkeztu zituen patronalak, zuzendariaren hitzetan. «Diru kantitate handiez hitz egiten ari gara, baita konpromiso handiaz ere», azaldu du.

Erantsi du bilera hauek egin bitartean sindikatuek ez dituztela «une batean ere» mobilizazioak baztertu eta giro horretan aritu direla negoziatu nahian.

«Gure konpromisoa eta ardura akordio bat lortzea da», berretsi du Iparragirrek. Bere iritziz, ez da «erreala» sindikatuen etengabeko eskaera hori, «dena ez da posible».