Arnaitz Gorriti

Kanporaketa bizirik baldin badago, Lointek Gernikak badu London Lions kanporatzeko aukera bat

Final-zortzirenetako joanekoa zazpi puntuko aldeaz galduagatik, gernikarren badute federik buelta emateko kapaz izan daitezkeela. Batetik, London Lionsen aurka Malosten lehiakor izan zirelako, eta bestetik, galtzekorik ez dutelako, lehiaketa hau irabazteko faborito nagusienetakoa den honen aurka.

Maya Dodson pibotak latz sufritu zuen uztaipean joan zen astean London Lions taldeko Fagbenleren aurka.
Maya Dodson pibotak latz sufritu zuen uztaipean joan zen astean London Lions taldeko Fagbenleren aurka. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Emakumeen Eurocupeko final-zortzirenetan jo dezake goia beste behin Lointek Gernika Bizkaiak. Orain arte beste bi alditan iritsi da final-zortzirenetaraino talde gernikarra, baina beti geratu da zortzi onenen artera sartzeko atarian. Kasu honetan ere lan txarrak dituela bistan da, London Lions taldeak 69-76 irabazi baitzuen Malosten kanporaketa honetako joaneko partida. Alabaina, zazpi puntuko alde horri buelta ematea ez da ezinezkoa eta horretan saiatuko dira Lucas Fernandezek gidatzen dituen jokalariak Euskal Herrian 20.00ak direnean –ETB 4 katearen bitartez, zuzenean–.

Joaneko partida gogorra izan zen bizkaitarrentzat hasierako 2-0ekoan baino ez baitziren markagailuan aurretik izan eta, egiari zor, aurreneko partziala astunegia izan zen nahiz eta hiruzpalau puntura behin baino sarriagotan hurbildu ziren Lucas Fernandezenak, Roso Buch eta Stephanie Wattsen bitartez.

London Lionsek jokalari kopuru mugatua darabil, baina Fagbenle, Karlie Samuelson, Gustafson eta Winterburnen mailako jokalariak izanda –Ivana Katanic antolatzaile serbiarraren 14 puntu eta 8 erreboteak ahaztu gabe–, ez da askoz gehiago behar Eurocupa irabazteko hautagai nagusiena izateko. Egiari zor, kale egin zuen talde ingelesak Euroliga jokatzeko aurre-kanporaketan eta besterik ezean, orduko aho zapore mingotsa Emakumeen Eurocupa irabazita gozatu nahiko luke.

London Lionsek ez dauka talentua bakarrik, lanerako jarrera ere berarekin baitu. Esaterako, Lointek Gernika Bizkaiari asko kosta zitzaion bere uztaipean errebotea ixtea eta horrek asko zaildu zion talde bizkaitarrari aurkariaren saskirantz arineketan ateratzeko abagunerik izatea. Ez zen, halaber, gernikarren egunik borobilena izan hiruko jaurtiketei dagokienez, 27 ahaleginetatik 8 baino ez zituztelako gauzatu. Bai erreboteak ixtea zein bakarrik botatako hiruekoeta asmatzea talde guztiari dagokion lana bada ere, joan zen astean beren mailaz behetik aritu ziren Laia Flores, Sara Madera, Gabby Nikitinaite eta Maya Dodsonek Malosten baino hobeto jokatu beharko dute osteguneko partidan.

Garaipenean sinetsi

Alabaina, osteguneko partidari ekin aurretik etsipena hartzeak ez du zentzurik. hasteko, gernikarrek galtzekorik ez dutelako. Etxean galdu zuten eta horrek ez dauka bueltarik, baina partidak aurrera egin ahala, London Lions estu hartzeko adina gaitasun baduela erakutsi zuten ere. Esaterako, 16 baloi galdu zituzten ingelesek eta Milapieren lau metroko jaurtiketak gelditzeko sekulako buruhausteak izan zituzten partidaren azken minutuetan.

«Zailtasunak gorabehera, taldeak egundoko ilusioz ekingo dio kanporaketa honen itzulerako partidari. Orkatilako arazoekin jarraitzen badu ere, Marta –Alberdi– jokatzeko moduan dago berriro eta motibazioz gainezka gaude. Jarraitutasuna ezinbestekoa izango da, neurketako 40 minutuetan gure egitekoa energiaz beteta burutzea. Partidako azken txanpara aukerekin iristea nahi dugu, baina horretarako estuasunak gainditzen jakin beharko dugu. Zaila bada ere, ohituta gaude antzeko erronkei aurre egiten», adierazi du Lucas Fernandez entrenatzaileak partida jokatu bezperan.

Marta Alberdiren iritziz, berriz, «etxean erakutsi genuen beraiei irabazteko gaitasuna badugula, zazpi puntura geratu arren. Eurocupen jokatzen jarraitu nahi dugu eta horretan sinesten dugulako, posible ikusten dugu gainera kanporaketari buelta ematea».