NAIZ

Mario Lopezen auzian, Gernika KESB-ren «zuriketa kanpaina» gaitzetsi du bazkide talde batek

Gernika KESB klubak ezohiko batzarra egin zuen atzo, asteartean, Mario Lopezen kasuan hartu diren erabakien berri emateko. Oro har, bazkideen gehiengoak klubaren kudeaketa babestu bazuen ere, bada «kopuru bat» desados agertu dena eta erantzukizuna beregain hartzea eskatzen duena.

Mario Lopezen auzian, Gernika KESB-ko zuzendaritza taldearen konplizitatea gaitzesteko elkarretaratzea egin zuen Sare Feministak.
Mario Lopezen auzian, Gernika KESB-ko zuzendaritza taldearen konplizitatea gaitzesteko elkarretaratzea egin zuen Sare Feministak. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Gernika KESB klubaren ezohiko batzarrean askotariko iritziak egon zirela onartu dio NAIZi Migel Bidaurreta bazkideak. Haserre atera zen bera, zuzendaritza taldeak «xantaia» kanpaina egin zuela argudiatuta. «Zuzendaritza taldeak gaizki egin duela eta beraz, erantzukizuna beregain hartzea» eskatzen du, Mario Lopezen auzian hartutako erabakien ondotik.

Gerardo Candina presidenteak adierazi zuen gainontzeko bazkideek, aho batez, beraien babesa adierazi ziela zuzendaritzako kideei. «Bazkideen aldetik babesa jasotzeko eguna zen, eta babesa espero zena baino askoz handiagoa izan da. Horregatik, azkenean, bazkide guztien txalo zaparradarekin hunkitu egin gara, eta esan dezakedan gauza bakarra da oxigeno pixka bat hartu dugula proiektu hau eror ez dadin», esan zuen Candinak.

Bidaurreta, aldiz, kexu da, zuzendaritzari helarazitako babesa ez zelako erabatekoa izan. Gogora ekarri du ez zela inolako bozketarik egon, deialdian agertzen gai zerrendan bi puntu bakarrik baitzeuden, guztiz informatiboak: batetik, klubak Gernika KESB-ko kategoria guztietako kideentzako espazio segurtasuna mantentzeko eta garatzeko hartutako neurriak azaltzea eta bestetik, elkarteak hartutako neurri judizialen berri ematea bazkideei.

Abenduan egin zen prentsaurrekoan aurreratu zuten, aldiz, ezohiko batzar bat deituko zela eta bazkideen nahietara jarriko zirela. Azken deialdian, ordea, ez zuten puntu hori sartu. «Bertan, abokatuak esan zuen nahi izanez gero bozketa egin zitekeela», baina gai zerrendan jaso gabe, bozketa hori distortsionatua izan zitekeela erantzun zion Bidaurretak, arrazoi horregatik ez baitziren bertaratu batzuk. 

«Erantzukizuna alboratu nahi izan zuten, uneoro. Eztabaida bat ere sortu zen eta Candinak esan zuen dimisioa ematea eskatuz gero, zuzendaritza batzorde berriak beregain hartu beharko lituzkeela abal guztiak, ondare pertsonalen bitartez. Akusazio pertsonalak ere egin zituzten nire aurka», kexatu da Bidaurreta.

«Argi dago kasu honen berri ez genekiela inork ere ez baina behin jakin zenean, zuzendaritzak gutxietsi egin zuen kasuaren garrantzia», oroitarazi du Bidaurretak. Hala, ‘El Pais’ egunkariak albistea atera ondotik, Sare Feministaren bertsioa zalantzan jartzeko estrategia hartu duela gaitzetsi du. «Klubak Mario Lopezen jazarpen sexualei buruz jakin zuenean zergatik ez zuen erabaki tinkorik hartu, horretaz kexu gara», esan du. «Lopezekiko zuten mendekotasuna ikaragarria zela ikusi da», gehitu du.

Mario Lopez entrenatzaile ohiaren gainean dagoen salaketaren harira egin zen ezohiko batzarra. 2021ean bere aurkako salaketa bat erregistratu zuen emakume batek Gernikako auzitegian, 13 urte zituela teknikariaren aldetik jasan zituen jazarpen sexualak egotzita.  Allende Salazarreko saskibaloi taldeko eta ostean, Gernika KESB klubean, entrenatzaile zela eman zen jazarpena, 1998tik 2001era bitartean, salaketan jasotzen denaren arabera.

Sare Feministak 2023ko udara hasieran izan zuen honen berri eta honen garrantziaz jabetu nahi izan zion klubari, Lopez kargugabetzea ere eskatuz. Klubak, aldiz, kirol arduradun postura pasa zuen Lopez eta «auzia ezkutatu» izana salatu zuen talde feministak. Azkenean, ‘El Pais’-en argitalpenaren ondotik eta Espainiako Federazioak ikerketa bat abiatu zuelako, Mario Lopezen jarduna eten egin zuen Gernika KESB-k. Geroztik, klubaren «konplizitatea» salatu du Sare Feministak eta zuzendaritza kargugabetzea eskatu zuen.

«Gernikan egin zen manifestazioan esan zen bezala, bakoitzak jakingo du zein erantzukizun izan duen hartu diren erabakietan. Nik argi daukat zer egingo nukeen», adierazi du, aditzera emanez zuzendaritzak, inolako kontsultarik gabe, egin beharko lukeela dimisoaren hautua. «Badirudi batzar honetatik indartuta atera dela zuzendaritza talde hau», esan du. Bidaurreta Gernika KESB-ko zuzendaritza taldeko kide izan zen duela 20 urte.

Sare Feminista ere NAIZekin kontaktuan jarri da ezohiko batzarrean egon ziren desadostasunen berri emateko.