Azken sei partidetan puntu bakarra batuta, behar puntu handi xamarrarekin heldu dira Aitor Elordi eta Beñat Rezusta Mungiara eta, lanak erraza ez zirudien arren, arnas puska bat hartu dute orain arteko euren bide zuzenetik desbideratu diren Peio Etxeberria eta Jose Javier Zabaletari 22-16 irabazita. Atzean indarrak nahikoa orekatuta, partida aurrean erabaki da eta hor egungo Buruz Buruko txapelduna erabat nagusitu da.
Partida hasieratik gorriak gehiago izan dira. Gustuko pilotalekua duen arren, Jose Javierrek ez du espero zena agindu atzeko koadroetan, Rezusta bera adina edo gehiago izan da eta nafarrei kosta egin zaie haizearen kontra aritzea. Mallabitarrak min egin die boleaz Peio Etxeberria kontrakantxara bidaliz eta ezker gantxoarekin ere ondo topatu ditu angeluak, ultzamarrak gaur ez bezala. Gasteizen igandean asko asmatu bazuen, gaur kamutsago aritu da aukerak izan dituenean.
Zabaleta galtzaile
Gauzak horrela eta Zabaletak ere ohikoak baino pilota gehiago galduta –azkenerako sei pilota ere bota ditu–, gorriak oso aurretik heldu dira lehen atsedenaldi luzera (12-5). Euren egunik distiratsuena izan ez duten arren, lanarekin eta partida gogortuz, Peio Etxeberria eta Jose Javier Zabaleta partida orekatu eta markagailuan gerturatzeko gai izan dira, bi alditan hiru tantotara gerturatuz, (12-9 eta 14-11).
Oso tanto gogorrak izan dira hurrengoak baina Peio Etxeberria ez da egoerak eskatzen zuen bezain zorrotz egon eta mallabitarrak era bergararrak berriz ere lortu dute zazpi tantotako aldea bigarren atsedenaldi luzearen aurretik. Amorerik ez dute eman nafarrek eta azkenera arte borrokatu dute puntua, baina Aitor Elordik errematean beste erraztasun bat erakutsita, balio handiko puntua eskuratu dute gorriek.
FITXA TEKNIKOA
Elordi-Rezusta: 22
Peio Etxeberria-Zabaleta: 16
Pilotakadak: 571. Iraupena: 66 minutu. Markagailua: 4-0, 4-1, 5-1, 5-4, 8-4, 8-5, 12-5, 12-9, 14-9, 14-11, 18-11, 118-14, 40-14, 20-15, 21-15, 21-16 eta 22-16. Sakeak: 1 Elordik eta 3 Peio Etxeberriak. Egindakoak: 8 Elordik, 1 Rezustak, 5 Peio Etxeberriak eta 3 Zabaletak. Galdutakoak: 2 Elordik, 3 Rezustak, 5 Peio Etxeberriak eta 6 Zabaletak. Gorabeherak: Sarrera polita Mungiako udal pilotalekuan.