Gipuzkoako Caritasek oharra kaleratu du etxerik gabeko pertsonen egoeraz ohartarazteko, Donostiako La Sirena udal aterpearekin gertatzen ari denaren karira, zehazki aipatzen ez badu ere.
Hala, kezka «handia» agertu du kalean bizi diren pertsonen kopuruak gora egin duelako, eta pertsona horiek ez dutelako baliabide nahikorik «elikagaiak eta bizitokia eskuratzeko, neguan hotzetik babesteko, ezta enplegua eta etxebizitza posible diren gizarteratzeko prozesurako sarbidea lortzeko ere».
Etxerik gabeko pertsonen oinarrizko premietaz arduratzen den erakundea izaki, pertsona horien errealitatea «modu esponentzialean» hazten ari dela nabarmendu du eta egoera larri horretan dauden pertsonei gutxieneko arreta emateko antolatzen diren prestazio eta zerbitzuak ez direla nahikoa ohartarazi du ohar batean.
Caritasen iritziz, errealitate horrek «administrazio publiko osoa» interpelatu behar du, «baita erantzun sozial egokien garapenean funtsezko zeregina duten udalak ere».
Ildo horretan, uste du eguneko zentroak beharrezkoak direla norberaren zaintzarako prestazioak eta gutxieneko elikadura bermatzeko, «baita larrialdiko gaueko zentroak ere, gaur egungoa baino irizpide irekiagoak eta malguagoak dituztenak». Izan ere, deitoratu du, «gaur egungoa gauean muturreko hotz baldintzak izatearen mende dago ateak ireki eta atseden segurua eskaintzeko».
Caritasek ohartarazi du neguak, baldintza meteorologikoak direla eta, «eragin negatiboa» duela gaua kalean igarotzen duten pertsonengan, horregatik, hotzaren aurkako aterpeak irekitzeko irizpide batzuk berrikusi egin behar direla uste du (hala nola izotz arriskuaren edo gradu bateko tenperaturaren irizpidearen arabera irekitzea), «gaua kale gorrian igarotzen dutenen osasuna eta bizitza bera babesteko».
La Sirena aterpearekin gertatzen den ez bezala, gogoratu du udalerri batzuek baliabide horiek irekitzeko irizpide malguagoak dituztela jada eta horregatik «jardunbide egokiak hedatzeko» eskatu du, «hotz protokoloak aktibatzeko gaur egun erabiltzen direz irizpideak berrikusiz».
«Irizpide sozialak ezartzeko eskatzen dugu, bizitza duina izateko giza eskubideari erantzuten diotenak, gizarte babeseko sistemetarako sarbidean gauzatzen direnak», aldarrikatu du.