Arnaitz Gorriti

London Lions baino pare bat eskailera maila beherago dago gaur Lointek Gernika (87-59)

Talde bizkaitarrak ez du inolako aukerarik izan Malosten jasotako 69-76ko porrotari buelta emateko. Aurreneko minututik azkeneraino, hirugarren laurdeneko hasieran izan ezik, talde ingelesa askoz gehiago izan da eta merezita eman du urratsa final-laurdenetara.

Etsipena eta nahia eta ezina Lointek Gernika Bizkaiako jokalarien aurpegietan.
Etsipena eta nahia eta ezina Lointek Gernika Bizkaiako jokalarien aurpegietan. (@FIBABASKETBALL)

LONDON LIONS 87 (163) - LOINTEK GERNIKA BIZKAIA 59 (128)

Lointek Gernika Bizkaiak beste behin Emakumeen Eurocupeko final-zortzirenetan jo du goia. London Lionsen aurka lan zailak zituen itzulerako partida hasterako ere, baina kantxan gertatutakoa ikusi ostean, garbi geratu da talde baten mailatik bestearenera pare bat eskailera maila daudela.

Hirugarren laurdenean izan ezik, Lucas Fernandezek zuzentzen duen taldea txotxongilo baten antzera erabili du London Lionsek. Fagbenle eta Karlie Samuelson buruzagi hartuta, 11-2ko partzialarekin hasi dute norgehiagoka. Bizkaitarren artean, berriz, Itziar Ariztimuño kantxaratu arte behintzat bizitasun izpirik ere ez. Pieza guztiek partida onena egin behar zuten kanporaketa honi buelta emateko aukerarik izango bazen, baina ingelesen defentsak punturik gabe laga du Stephanie Watts, eta Nikitinaite eta Milapie ahalegindu badira ere, ez da nahikoa izan.

Atsedenaldira 47-31 iritsi ostean susperraldi on bat izan du talde bizkaitarrak, 0-9ko partziala lortuta ekin baitio hirugarren laurdenari. Roso Buch eta Dodsonek puntuak sartzeko bidean aurkitzen ari zirela zirudien, baina ez da une polit eta labur bat baino izan. London Lionsen erreakzioa Katanic edo Snytsina bezalako jokalarien eskutik etorri da, 11-3ko partzial batekin erantzunez.

Hirugarren laurdena bederen gernikarrek eraman dute, baina pena apur bat eman du, egia esan, azken hamar minutuetan bizkaitarrek izan duten beherakadak. Ulergarria izan da, zalantzarik gabe, final-laurdenetara pasatzeko inolako aukerarik gabe ikusi dutelarik beren burua, bada, burua makurtu dute Lucas Fernandezek. Ez dute azken laurden horretan beren egiazko maila eman eta noski, London Lionsek bikain baliatu du egoera hori jokoan beste estutu bat eman eta markagailuan 30 puntuko aldea zabaltzeko.

Europa hortxe izango du zain Lointek Gernika Bizkaiak datorren urtean ere, ondo bidean, baina jakinik London Lionsen mailako talde bat baino gehiago dabiltzala Europan, zaila izango da orduan ere final-zortzirenetako langa hori behin betiko haustea.

FITXA TEKNIKOA

LONDON LIONS: Katanic (9), Snytsina (12), Karlie Samuelson (15), Winterburn (6) eta Fagbenle (16) –hasierako bostekoa–, Gustafson (8), Beckford-Norton (7), Wilkinson (6), Meyers (6), Endean (2) eta Cox.

GERNIKA: Laia Flores (7), Roso Buch (11), Marie Milapie (13), Sofia Da Silva (2) eta Stephanie Watts –hasierako bostekoa–, Itziar Ariztimuño (5), Maya Dodson (4), Sara Madera (3), Gabby Nikitinaite (11) eta Marta Alberdi (3).

Epaileak: Faur, Tomasson eta De Lange. Egotzitakorik gabe.

Partzialak: 28-14, 19-17, 17-20, 23-8.