NAIZ

Vanessa Mendoza ekintzaile feminista absolbitu du Andorrako justiziak

Mendoza epailearen aurrera eraman zuten Andorrako erakundeen «izen ona zikintzeagatik» eta difamazioagatik. Izan ere, NBEren aurrean Andorran haurdunaldia eteteko eskubiderik ez dagoela salatu eta herrialde hori «apezpikuak, misoginiak eta eskuin muturrak gobernatzen dutela» deitoratu zuen.

Vanessa Mendoza absolbitzea erabaki du epaileak.
Vanessa Mendoza absolbitzea erabaki du epaileak. (Europa Press)

Andorrako Gorteko Auzitegiak absolbitu egin du Vanessa Mendoza aktibista feminista eta Stop Violències elkarteko presidentea; Fiskaltzak «Andorrako erakundeen izen ona galtzea» leporatu zion.

Ministerio Publikoak sei hilabeteko gaitasungabetzea, 6.000 euroko isuna eta 6.000 euroko kalte-ordaina eskatzen zituen.

Mendozaren aurkako auzibide judiziala 2019koa da, Emakumeen Aurkako Diskriminazioa Ezabatzeko Nazio Batuen Batzordearen (CEDAW) aurrean egindako adierazpenengatik. Bertan ziurtatu zuen Andorran arazo ekonomikoak zituzten familietan haurren zaintzak erretiratzen zirela eta Andorrak abortua debekatzen duela.

Epaia oraindik ez da irmoa eta Fiskaltzak errekurtsoa jartzea erabakiko duen ala ez jakitea falta da. Epaiketaren egunean bezala, pertsona askoren babesa izan du ekintzaileak, eta epaiaren irakurketa publikoan lagundu diote.

Balorazioak eta erantzuna

Behin absoluzioa ezagututa, aktibistaren abokatuak, Miquel Bellerak, «sentimendu kontraesankorrak» agertu ditu erabakiarengatik. Alde batetik arrazoia ematen die, baina, aldi berean, uste du bere bezeroak une txarrak igaro behar izan dituela, eta Gobernuak beste modu batean jokatu izan balu saihestu zitzakeela.

Ildo horretan, Vanessa Mendozak esan du «publikoki lintxatu» dutela, eta aurpegiratu du bere irudiari eta bera buru duen elkartearen lanari zuzenean eragin diola.

Sententzia «borroka sozialaren eta adierazpen askatasunaren garaipena» dela uste du ekintzaileak. Eta Xavier Espot gobernuburuaren dimisioa eskatu du ondorio gisa.

Bestalde, Espotek «independentzia judizialarekiko errespetua» agertu du, hedabideek epaiaren inguruan galdetu diotenean. Gobernuburuak aldarrikatu du ebazpenak «erakusten» duela organo judizial batzuek modu aske eta independentean ematen dutela irizpena. Izan ere, bera izan zen Mendozaren aurkako salaketa jarri zuena.

Hala, pertsona batzuek «birgogoeta» egin beharko luketela uste du, herrialdeko organo judizialak zalantzan jarri dituztelako.