NAIZ

Hazparneko higiezinen-agentzia bat okupatu dute espekulazioaren aurkako ekintza batean

Arberoako ‘Lurra eta etxebizitza’ kolektiboak ekintza bat egin du larunbat honetan Hazparnen dagoen Puyo higiezinen-agentziako bulegoan, bigarren bizitegien gaineko salerosketa espekulatiboak salatzeko.

Hazparnen egindako ekintzaren argazkia.
Hazparnen egindako ekintzaren argazkia. (Patxi BELTZAIZ)

Arberoako ‘Lurra eta etxebizitza’ kolektiboak Hazparneko Puyo higiezinen-agentziako bulegoa okupatu du larunbat honetan.

Mediabask-ek argitaratu duenez, 50 bat pertsona joan dira lokalera, eta bertan lan egiten dutenei eskatu diete kentzeko Aiherrako etxe baten iragarkia, 1.600.000 euroren truke salgai dagoena.

Higiezinen-agentearekin hitz egin ondoren, manifestariek lekua okupatu dute. Jendarmeria bertara joan da, inolako istilurik jazo gabe.

Agentziako zuzendaria Jean-Michel Puyo bertan izan da ere eta militanteekin hitz egin du. Ondoren bildutakoek alde egin dute eta manifestazioa egin dute plazaraino.

Auzokiden harrera beroa

Espekulazioaren aurkako kolektiboko kideek harrera beroa izan dute auzokideen aldetik.

Etxebizitzaren krisiaz ohartarazi dute eta etxebizitzen prezioen igoera salatu dute. Halaber, gazteei eta tokiko biztanleei etxea erostea eragozten dien merkatu librearen krisia kritikatu dute.

Kolektiboko kideek higiezinen-agentziei eskatzen diete beren estimazioak jaitsi ditzatela eta merkatua kontrolatzeko neurriak abian jar dezatela.  

Arberoako kolektiboak, Herrian Bizi plataformarekin batera, bigarren bizitegien aurka agertu da, eta agentziei dei egin die espekulaziozko salmenta espedienteak onar ez ditzaten.