NAIZ

Euskararen erabilera indartzea helburu, Korrikaren unitate didaktikoak argitaratu dituzte

Ikasle eta irakasleen esku material sorta bat jarri du Korrikak, modu digitalean, euskararen erabilera sustatu, ekimena bera hobe ezagutu eta girotze-lana hauspotze aldera.

Korrikaren unitate didaktikoak aurkeztu dituzte.
Korrikaren unitate didaktikoak aurkeztu dituzte. (Korrika)

Euskal Herri osoko eskoletan zabaldu asmoz, Korrikak unitate didaktikoak argitaratu ditu modu digitalean, bere webgunearen bitartez. «Euskararen erabilera sustatzea eta indartzea eta, noski, euskararen aldeko ekimenaren girotze-lana egitea» dute jomuga.

Ikasmaterialak adinaren arabera sailkatuta daude, Haur Hezkuntzatik Batxilergora, eta hainbat berrikuntza dakarten arren, betiko helburuak azpimarratu dituzte Korrikaren sustatzaileek: euskararen aldeko jarrera zabaldu, euskararen aldeko kontzientzia suspertu, erabileran eragitea eta Korrika ezagutaraztea.

Iñaki Zapirain Orereta ikastolako irakasle eta unitate didaktikoen egileak «oso modu errazean erabiltzeko materiala» sortu dutela nabarmendu du.

Aurten izenak ere jarri dizkiete unitate ezberdinei. Harro unitatea, 3-6 urte bitartekoentzat, Herri unitatea, 6-9 urte bitartekoentzat, Orro unitatea, 9-12 urte bitartekoentzat, eta Korri unitatea, ikasle nagusientzat (12-18 urte bitartekoak).

Lehen bietan ikasgelako arbela digitalean proiektatzea proposatzen da eta helduagoentzako direnetan, aldiz, ikasleek ordenagailu eramangarriak erabil ditzakete webgunean sartzeko. Gida didaktikoak irakasleei ere badaude zuzenduta. Unitate bakoitzari dagokion gida deskargatzeko aukera dago; jarduerak aurrera eramateko argibide guztiak daude bertan.

Era berean, aipatzekoa da jarduerak ez direla soilik euskara arloan lantzekoak. Izan ere, hainbat irakasgaitan erabiltzeko pentsatuta daude, Gorputz Hezkuntzan, esaterako.

Iraupenari dagokionez, bi asteko kanpaina egitea proposatzen dute Korrikaren antolatzaileek, baina «nahieran» erabili daitezkeela azpimarratu du Zapirainek.

Edukiak eta berrikuntzak

Eduki ezberdinak plazaratu dituzte. ‘Ispilu harrogarria’ izenekoan, adibidez, Goiatz Labandibar idazlearen ipuin batek ematen die lotura jarduerei. Ipuineko protagonistak Nora eta Harri izeneko bi ume dira, eta, edizio honetako leloari ‘Harro herri’ erreferentzia eginda, hainbat gairen inguruan hausnartuko dute ikasleek: lotsari buruz hitz egitea, harro sentitzearen garrantzia... Lur Kortak egin du ipuinaren kontaketa.

Bestetik ‘Harro, herri, korri!’ esku-jolasa topatu daiteke. «Harri, orri, ar» jolasa aitzakia gisa hartuta, Irundik Baionara doan ibilbidea osatu beharko da.

‘Artelana’ edukiak, aldiz, Korrikaren logoaren atzeko hondoak, euskararen eta euskal kulturako erreferentzia pila bat ditu. Ikasleek horiek identifikatu beharko dituzte, antzeko irudiak sortu eta horma-irudi handi bat eraiki.

‘Omenaldia’ jardueran, berriz, ekimenaren omenduen inguruko lanketa bat egitea proposatzen da. Ipar Euskal Herriko gazteek azterketak euskaraz egiteko dituzten arazoez jabetzea da jardueraren helburua, eta Seaskaren Azterketak Euskaraz kolektiboari elkartasun-gutunak bidaltzea. Horrekin lotuta, 23. Korrikaren dokumentalaren inguruan zineforum bat egitea ere iradokitzen zaie ikasle helduenei.

Era berean, ‘Ozto(poz)’ lasterketa topa daiteke, non Korrikak ibilbidean zehar gainditu behar izaten dituen oztopoei erreferentzia egiten die jarduerak. Gorputz Hezkuntzako saioetan, oztopoz beteriko zirkuitu bat gauzatzea proposatzen da bertan.

Koreografia bat ere badakar, ‘Plazara dantzara!’ jardueran eta Korrikaren historia ezagutzeko ‘Korrikahoot’ jolasek emanen dute aukera. Historia horren parte diren abestiak, aldiz, bingo musikatu baten bidez iritsiko dira.