NAIZ

«Eskualdeko hizkuntzetako azterketak egonkortzeko» deia frantziar Hezkuntza ministro berriari

Euskaraz edo okzitanieraz jarduten duten hezkuntza ordezkariek agerraldia egin dute Pauen eta, bertatik, «eskualdeko hizkuntzetako azterketak egonkortzeko eta mantentzeko» lan egin dezan galdegin ondoren hainbat eskaera helarazi dizkiote frantziar Hezkuntza ministro berriari.

Euskaraz edo okzitarieraz jarduten duten hezkuntza eragileak elkartu dira, gaur goizean, Pauen.
Euskaraz edo okzitarieraz jarduten duten hezkuntza eragileak elkartu dira, gaur goizean, Pauen. (NAIZ)

Euskaraz edo okzitanieraz aritu, murgiltze ereduan jarduten duten ikastetxeetako ordezkariek kezkak eta erronkak partekatzen dituzte, are gehiago azken urteotan gorabehera handiak ezagutu dituen azterketen auzia aintzat harturik.

2021ean frantziar Gobernuak Eskualde Hizkuntzen Ondarea Zaintzeko eta Sustatzeko Legea bozkarazi zuenean, aurrerapenak gertatuko zirela pentsatzeko arrazoiak baziren, geroztik  «azterketen auzia diskurtso bikoitz honen adierazle enblematikoa bihurtu da», asteazken honetan Pauen elkartu diren hamar bat hezkuntza eragileek mahaigainean jarri dutenez.

Hauek dira frantses Hezkuntza Nazionalak Biarnoko hiruburuan duen egoitzaren aurrean eginiko agerraldia babestu duten eragileak: Azterketak Euskaraz dinamika; sare publiko elebidunean jarduten duten ikasleen gurasoak batzen dituen Biga Bai elkartea; okzitanierazko murgiltze ereduan jarduten dute Calandreta eskolak; Akitaniako Hizkuntz eta Kulturen Zentroa (CRE); bigarren mailako sail elebidunean lan egiten duten irakasleak biltzen dituen Euskara Geroan sarea; euskal ikastetxe giristinoetako sare elebiduna ordezkatzen duen Euskal Haziak elkartea; Ipar Euskal Herrian sare publiko elebiduna ordezkatzen duen Ikas Bi; sare publikoan okzitaniera bultzatzeko xede duen Oc-Bi elkartea eta, Ikas, euskal pedagogia zerbitzua, eta Seaska.

Hamar eragile horiek agerian jarri dutenez, eskualdeko hizkuntzei dagokionez azken urteotan harturiko hainbat erabakitan borondate politikoak eta erabaki administratiboak bat ez datozela adierazi dute.

Ildo beretik, Bordeleko Hezkuntza errektore Anne Bisagni-Faurek behin baino gehiagotan «gure hizkuntzekiko kontrakotasuna» agertu duela salatu dute.

Bordeleko Erretoretzak ezarritako hesiak

Bisagni-Faure Bordeleko Errektoretzara heldu bezain laster, ordura arte ikasleek bere hizkuntzan egiten zuten Brebet azterketaren zientzietako probari buruz erabaki trabagarria hartu zuela, «bere aurrekoak ez bezala, irakasle elebidunei frogak zuzentzea eragotziz», oroitarazi dute agerraldian irakurritako agiriaren bidez.

«2023ko abenduaren 4an aurtengo saiorako sail elebidun publiko eta pribatuetatik etorriko ziren
eskaerak aztertuko zituela iragarri zuen Erretoretzako buruak baina abenduaren 15ean sinatu zuen zirkularrak berriz gogorarazten du sail publiko eta pribatu elebidunetako ikasleek duten debekua bertako hizkuntzan idazteko Zientzietako probari dagokionez», deitoratu dute, euskaraz eta okzitanieraz jarduten duten ikastetxeetan dagoen kezka azaleratuz.

Azterketak euskaraz egiteko aukera hedatzea

Horrendako, frantses Gobernu berria lehen urratsak egiten ari den honetan mezua helarazi nahi izan diote, aho beretik mintzatuz, Hezkuntza ministro berria den Amelie Oudea-Casterari.

Hala, «eskualdeko hizkuntzetako azterketak egonkortzeko eta mantentzeko» jokatu dezan galdetu diote eta, horri begira, hainbat neurri hartzea ezinbestekotzat jo dute.

Lehenik eta behin, Brebetako probetako irakasgaiak eta dokumentuak eskualdeko hizkuntza batera itzultzea galdegin diote Hezkuntza ministro berriari.

Era berean, Seaskako ikasleei bezala sail elebidun publiko eta pribatuko ikasleei aukera ematea Zientzietako proba «nahi duten hizkuntzan osatzeko» eskatu diote.

Bestalde, Gobernuak iragarritakoaren arabera batxilergoaren lehen ikasturtean irakasleek osatu beharko luketen Matematika azterketa berria «eskualdeko hizkuntzan egiteko aukera esperimentalki baimentzea» proposatu diote Oudea-Casterari.

Baxoarekin jarraituz, Ahozko Proba Handia eskualdeko hizkuntzan egin nahi duten ikasleei aukera hori baimentzeko eskatu diote ministroari.