NAIZ

Joseba Diez hautagai gisa babestu dute EAJren afiliatuek, zuzendaritzak proposatu ez bazuen ere

Arabako EAJren afiliatuek Joseba Diez Antxustegi aukeratu dute udaberriko hauteskundeetan hautagai izateko, zuzendaritzak egindako proposamenean bere izena agertzen ez bazen ere.

Joseba Diez, joan den apirilean Guardian egin zuten EGI Egunean.
Joseba Diez, joan den apirilean Guardian egin zuten EGI Egunean. (Pablo GONZALEZ | EUROPA PRESS)

Arabako EAJren afiliatuek Joseba Diez Antxustegi aukeratu dute Gasteizko Parlamenturako zerrendetan hautagai izateko, alderdiak horretarako aurkeztu ez bazuen ere. Arabako Batzar Nagusietan eledun da Diez eta Parlamentuan ere aritutakoa da.

EAJk larunbatean Durangon egingo duen Ezohiko Asanblada Nazionalean afilatuek harturiko erabakia berretsi beharko du. Bilkura horretan oraindik data ez duten hauteskundeetan aurkeztuko dituzten hautagaien behin betiko zerrenda erabakiko dute,

Bizkaian eta Gipuzkoan izandako prozesuetan ez zen ezustekorik izan eta alderdiaren afiliatuek Imanol Pradales lehendakarigai eta Bakartxo Tejeria Gasteizko Parlamentuko buru izateko hautagaia izatea onartu zuten, eta haiekin batera, alderdiaren zuzendaritzak proposaturiko zerrenda babestu zuten.

Arabako kasuan, berriz, Joseba Diez ez zegoen Euzkadi Buru Batzarrak proposaturiko lehen hamabost hautagaien artean.

Hautagaiak hautatzeko prozeduran, EAJren zuzendaritzak zerrenda baten proposamena luzatzen die afiliatuei, baina ez da zerrenda osoan agertzen diren 25 izenak ematen, lehen postuak baizik. Afiliatuek zerrenda hori osatzeko aukera dute. Arabaren kasuan zuzendaritzaren proposamenean agertzen ez zen Diezen alde egin dute.

Aurreko hauteskundeetan Iñigo Urkullu izan zen EAJren zerrendaburua Araban, baina iragan azaroaren 24an publiko egin zen alderdiak jakinarazi ziola ez zela berriz lehendakarigai izango.