NAIZ

Migrazio legearen alde bozkatu zuten hautetsien argazkiekin afitxak jarri ditu Bizi!k

Bizi! mugimenduak jakitera eman duenez gaur arratsaldean Kontseilu Konstituzionalak hartuko duen deliberoaren zain afitxak eman ditu Biarritzen zein Baionan migrazio lege berriaren alde Parisen bozkatu zuten Pirinio Atlantikoetako parlamentarien argazkiekin.

Migrazio legea babestu zuten hiru euskal hautetsien aurpegien azpian 'RN bozkatu du' leloa eman du Bizi!k.
Migrazio legea babestu zuten hiru euskal hautetsien aurpegien azpian 'RN bozkatu du' leloa eman du Bizi!k. (@Bizimugi)

Frantziar Kontseilu Konstituzionalak gaur, urtarrilaren 25an, 16.30etan plazaratuko du Parlamentuak abenduan onartu zuen Migrazio eta Asilo Legeari buruzko bere deliberoa.

Erabaki horren bezperan, Bizi! mugimenduko militanteek afitxak kolatu zituzten, bart, Baionan eta Biarritzen, «Vincent Bru diputatuaren eta Max Brisson eta Denise Saint-Pé senatarien erantzukizuna gogorarazteko». Lehenengo biak Euskal Herrian hautatuak dira, hirugarrena Biarnon, baina guztiak Pirinio Atlantikoen departamendua ordezkatzen dute Parisen.

Militanteek afitxak itsatsi zituzten bereziki hiru parlamentari horiek Biarritzen dituzten egoitzetan, baina, horretaz gain, Baiona Handiko karriketan ere jarri zituzten.

Afitxa horiek hiru hautetsien argazkiak erakusten dituzte, eta 'RN bozkatu du' leloa agertzen da horien azpian, lege berria, neurri handi batean, «Rassemblement National alderdiaren ideologian inspiratua dela salatzeko».

Parisen iragan zen bozketa

Errepublikanoek (LR, eskuina) idatzitako proposamen nagusiak onartu behar izan zituen, abenduaren 19an, Emmanuel Macronen Gobernuak migrazioari buruzko lege berria aurrera ateratzeko.

Senatuan aise atera zen aurrera testua eta, hainbat gorabeherarekin bada ere, Asanblea Nazionalak ere babestu zuen lege egitasmoa. Asanblea Nazionaleko webgunean atzeman daitezke bozketaren gaineko xehetasun guztiak.

Asanblea Nazionalean 349 aldeko eta kontrako 186 boto bildu zituen migratzaileei osasun zerbitzua zein laguntza sozialak murriztera joko duen legeak.

Bi hautetsi zentrista eta bi boto joera

MoDem taldean jarduten duen Vincent Bru diputatu kanboarrak testuaren alde botoa eman zuen. Zentzu horretan bat egin zuen hautetsi lapurtarrak bere taldeko legebiltzarkide gehienek harturiko bidearekin. 51 diputatu zentrista izanik, 30ek aldeko botoa eman zuten. Bost kontra azaldu ziren eta beste 15ek abstenziora jo zuten.

Erran bezala, Bruk babestu zuen migrazioaren aurka franziar Estatuak hamarkada luzeetan indarrean emanen duen araudirik zorrotzena. Alta, talde berean izena emana duen beste euskal hautetsiak abstenziora jo zuen. Florence Lasserre angeluarrak ez zuen bat egin, beraz, Bruk eginiko hautuarekin.

Finean, Biarno eta Euskal Herriko udalerriak metatzen dituen laugarren hautesbarrutian bere eserlekua irabazi zuen Iñaki Echaniz sozialista biarnesak eskuin muturraren txalo beroak –Marine Le Penek dituen diputatu guzti-guztiek, 88k orotara, lege egitasmoa onartzearen alde bozkatu zuten– jaso dituen egitasmoaren kontra eman zuen botoa.

Asanblea Nazionalak burutu zuen bozketaren aitzin, Senatuak legea ontzat eman zuen. Max Brisson senatari biarriztarrak bere botoarekin babestu zuen bere alderdiak eta Macronen gehiengoak erdietsitako akordioa. MoDem taldeko Denise Saint-Pee senatari zentrista biarnesak migrazio lege berriari ere onespena eman zion. Paueko Frederique Espagnac senatariak, ordea, migrazio legearen kontrako botoa eman zuen.