Jon Ormazabal
Elkarrizketa
Iñaki Artola
Baikoko aurrelaria

«Espero dut ez izatea bolada bat, baizik eta salto bat nire mailan, eta luzaro eustea»

Ander Imazekin bikote oso lehiakorra osatuta, bigarren posturako borrokan aritzeko aukerak dituzte Baikokoek. Une bereziki gozoan daude emaitzaz eta jokoz; alegiarra gozatzen ari da, jauzi bat eman duela uste du, baina ez du perspektibarik galdu nahi. 

Iñaki Artola.
Iñaki Artola. (Jon URBE/FOKU)

Aspaldi ez bezala gozatzen ikusten zaitugu.

Bai, egia esan, aspaldi samarretik esango nuke. Gustura irteten naiz frontoira, oso motibatuta ari naiz pilotan eta gauzak ondo ateratzen ere bai azkenaldian. Puntuak lortu ditugu, nahiko ondo gaude kokatuta sailkapenean, baina jakinda asko falta dela oraindik.

Aste batean inguruak eta kazetariek oso behean ikusten zaituzte, handik astebetera oso goian ere bai, eta ez bata ez bestea. Oraindik lau partida geratzen dira; ez dakigu goiko lehiari begira egongo garen erabat edo behera begira, oraindik denerako aukera dago. Beraz, partidaz partida jarraitu behar dugu, orain arte aritu garen bezala; ez pentsatu gehiegi puntu bat bestea baino garrantzitsuagoa denik, bakoitza borrokatu ahal den guztia eta aurrera..

Gorabeherak aipatu dituzu; Oiartzunen behea jo zenutela ematen zuen eta orain berriz aparretan zabiltzate.

Garbi genuen hasterako, Binakako txapelketan izenak, jokoak eta inporta dutela baina astetik astera asko aldatzen direla gauzak. Nik uste nahiko txapelketa erregularra egiten ari garela, partida hori kenduta. Oiartzungo partida horretan ez dakit oso ondo zer pasa zitzaigun, ez ginen batere entxufatuta hasi; aldea hartu ziguten aurrez faborito ez ginen partida batean eta ez genuen buelta ematerik izan. Esan daiteke porrot gogorra izan zela; Anderrentzat, gainera, bere  herrian izanda, are eta gehiago, baina aurrera begira balio izan digula eta esnatzeko bentaja pixka bat ere egin zigula esango nuke, orduan sentitu genuelako hemen, gauzak ondo egin ezean, partidara ondo entxufatuta irten ezean, zer gerta daitekeen.

Nabarmen egin duzue gora.

Nik uste Oiartzungo partida hura kenduta, hasierako partidak ez zirela txarrak izan. Ni beti naiz partida txukuna jokatutakoan ez kexatzearen aldekoa, ze hobea joka litekeen irudipena beti izaten da, baina gero errealitateak erakusten du okerrago ere joka daitekeela. Baina, hala ere, ausartuko nintzateke esatera udatik eta Lau eta Erdikotik nekarren maila horretatik, Binakako hasiera horretan beheralditxo  bat izan nuela, batik bat Oiartzungo partidan antzeman zena. Nire kasuan eskuetako arazo batzuk izan ziren, aldaketa batzuk-eta egin behar izan nituen takoetan eta horrek pixka bat atera egin ninduen. Gero, ondo errekuperatu ahal izan dut eta horrekin batera jokoa ere hobetu da.

Iruditzen zait binaka eman duzula jauzi bat. Izan zenuen uda oso on bat, 2019koa, Larunberekin Lekeitio irabazi zenuen hura... orduko Artola berriz azaldu da.

Gure sentsazioak, pilotariarenak, eta kanpokoenak, normala den bezala, ez da kritika bat, beti desberdinak dira. Norberak oso balorazio pertsonal bat egiten du eta agian badaki  txapelketaren batean, 22-21 galduta, aurrera egin ez zenuela baina bolada horretan latz jokatzen ari zinela. Eta kanpoko begirada da gehiago emaitzen araberakoa. Beti esaten dudan adibidea da, Lau eta Erdian Agirreren aurka, tanto batez irabazitako partida hura galdu banu, ziurrenik kanpoko begirada eta zarata oso desberdina izango zen eta igual txapelketa hau jokatu ere ez nuen egingo. Aldiz, nire aurreko sentsazioa agian ez zuen horrenbeste aldatuko.
Egia da bolada honetan ondo sentitzen naizela, baina lehen ere bolada onak izan ditudala esango nuke; adibidez, aipatutako uda hori, finalera heldu ere bai buruz buru... Bai, egia da beti boladak izan direla, jarraipena ematea kosta egin zaidala, bai lesioengatik edo bai nire bestelako gorabeherengatik, intermitente samar aritu naizela, baina oraingo honetan esango nuke pare bat urte edo badaramatzadala onak, eta pare bat urte ez dira bi hilabete. Espero dut ez izatea bolada bat, baizik eta salto bat nire mailan eta maila honi luzaro eustea.

«Esango nuke hor gabiltzan guztiak lehiakorrak garela, baina esan daiteke Ander [Imaz] are gehiago dela, bikoteari plus bat ematen diola eta laguna kutsatu ere bai»
 
Azken lau jardunaldi hauetan sailkapenean gora edo behera begira aritu behar duzue?

Inora begira ez, eta hori egia da. Azkenean guri gora begira edo behera begira egoteak ez digu ezer aldatzen; astero partida etortzen da eta ahalik eta ondoen egin behar dugu. Batzuetan izaten da azkeneko jardunaldira heldu, jakin finalerdia datorrela eta lasaixeago har dezakezula, partidaren bat jokatzeke utzi edo horrelako zerbait, baina oraingoz halako aukerarik ez dugu izan.

Anderrek –Imazek– ere gora egin du, baina beti da oso lehiakorra.

Bai, bueno, hasieratik ondo dabilela esango nuke, baina egia da azkenaldian gehiago luzitzen ari dela. Anderrek gauza on bat badu, hori da hain ondo ez dagoenean ere borrokatu egiten duela, eta hori ez dio inork kenduko.

Eta lehiakor izate horretan Ander berezia da. Esango nuke hor gauden guztiak lehiakorrak garela, baina esan daiteke Ander are gehiago dela, eta  dudarik ez dago horrek bikoteari plus bat ematen diola eta laguna kutsatu ere bai.

Joseba –Ezkurdia– egon daiteke orain agian zure txanponaren beste aldean?

Bai, egia da aurtengo txapelketa ez dela izaten ari berak egindako onena, baina badakigu ze maila duen eta aste batetik bestera alda daiteke. Hori ikusten ari gara astero, begira Reszusta eta, aurreko astean ze partida galtzetik zetozen eta ze partida irabazi zuten. Nik uste izenekin eta kabalak egiten ditugula, zein egongo den ondo eta zein gaizki, baina pilotari bakoitzaren momentuak ikaragarri balio du.