NAIZ

‘Orgia’-k Opera XXIen sorkuntza liriko garaikideko proposamen berri onenaren saria jasoko du

Arriaga Antzokiak koproduzitutako Hector Parraren ‘Orgia’ operak, Calixto Bieitoren libreto eta zuzendaritza dituenak, Sorkuntza liriko garaikideko proposamen berri onenaren Saria jasoko du VI. Opera XXI Sarietan.

‘Orgia’ operaren entsegu orokorreko argazkia.
‘Orgia’ operaren entsegu orokorreko argazkia. (E. Moreno Esquibel)

‘Orgia’ koprodukzioak VI. Opera XXI Sarietan Sorkuntza liriko garaikideko proposamen berri onenaren aitortza jaso du. Arriaga antzokitik jakinarazi dutenez, «poz handiz» jaso dute berria eta saria urriaren 22an, Madrilgo Teatro de la Zarzuela antzokian jasoko dutela jakinarazi dute.

Izan ere, Bilboko Arriaga Antzokiaren, Gran Teatre del Liceu-ren eta Castell Peralada Jaialdiaren arteko koprodukzio bat da, eta Arriaga Antzokian izan zuen mundu mailako estreinaldia 2023ko ekainean. Hector Parrak konposatutako opera honek, gainera, Calixto Bieito Arriaga Antzokiko zuzendari artistiko eta eszena-zuzendariaren libreto eta zuzendaritza ditu.

Arriagatik gogoratu dutenez, opera «aurreko denboraldiko ekoizpen izarra» izan zen. Pier Paolo Pasolini artista italiarrak 60ko hamarkadaren bigarren erdian sinatu zuen izen bereko antzezlanean oinarritzen da obra eta Bieitok egin zuen operaren libretoa, funtsezko premisa batekin: «Pasoliniren jatorrizko obraren bihotza jasotzea».

Opera arrakastatsu hau Bartzelonako Teatre del Liceu antzokian emango da apirilaren 11 eta 13an.

Ekoizpen jasangarria

Arriagatik nabarmendu dute ‘Orgia’ izan zela antzoki bilbotarrak European Theatre Convention (ETC) garatzen ari den Green Book-aren parametroen arabera egin zuen lehen ekoizpen propioa. Eszenografiarako baliatu zen materialen %50 birziklatutako edo berrerabilitako materialak izan ziren (aurreko ekoizpenetako elementuak) eta bigarren eskuko arropa eta atrezzoko elementu batzuk erosi ziren tokiko saltokietan.