Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Zer ikusi 2024an?

Telebistako ekoizpenaren burbuilak ez du etenik eta aurtengorako aurreikusita dagoen estreinaldi kopurua ere itzela da. Soilik izenburu garrantzitsuenetan zentratuta ere, zuen denbora matematika-trebetasunez antolatu beharko duzue. Hona hemen 2024an iragarri dituzten izenburuen artean deigarrienak.

«True Detective Night Country» telesail berriaren fotograma bat.
«True Detective Night Country» telesail berriaren fotograma bat. (HBO MAX)
True Detective Night Country

HBO MAX

Urtarrilaren 15a. Hori zen aspalditik egutegian biribildua neukan eguna. Izan ere, “True Detective” telesail antologikoaren laugarren zatia astelehenean iritsi zen, “Night Country” izenekoa. Jodie Foster eta Kali Reis protagonista dituen istorio berri honek Alaska urrunera eramango gaitu. Tsalal izeneko Artikoko Ikerketa Estazioan diharduten zortzi gizon desagertu egingo dira, arrastorik utzi gabe, eta bi protagonisten lana kasua argitzea izango da. Ekoizpen honen lehen denboraldia ikaragarria izan zen, eta bigarren eta hirugarren zati kaskarragoen ostean, estreinatu berri den laugarren honek lehenengoaren bideari jarraitzen dio.

Cristobal Balenciaga

DISNEY +

Atzo estreinatu zen Moriartitarren “Cristobal Balenciaga” telesaila Disney + plataforman. Jostunaren bizitzari buruzkoa da eta bere bizitzako hainbat pasarte izango ditu hizpide: 36ko gerratik, jostunak modaren industrian egin zituen lehen urratsetara. Alberto San Juan aktoreak gorpuztuko du getariarra. Zuzendari lanetan, berriz, Lourdes Iglesias, Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga aritu dira. Euskal Herriko beste hainbat txokotan grabatu dute telesaila: Donostian, Getarian, Irunen, Azpeitian, Hondarribian, Gasteizen, Biarritzen, Iruñean eta Balmasedan. Baita Balentziagaren ibilbidean esanguratsuak izan diren beste leku batzuetan ere: Madril, Paris, Okzitaniako Tolosa eta Bordele, adibidez.

Blossoms Shanghai

Wong Kar-Wai zinemagile hongkongdarraren telesaila. Jin Yucheng-en izen bereko eleberriaren egokitzapena da eta, bi denbora tartetan, A Bao izeneko negozio-gizon baten istorioa azalduko digu. 1960ko hamarkadatik 1970eko erdialdera, Kultura Iraultzaren amaiera; eta 1980tik XXI. mendearen hasiera arte. Urrian argitaratu nuen Ekografiak zutabean aipatu nuen eduki luzeak ikusteko ezgaitasuna gure gizartean nagusitzen ari den zerbait dela. Dirudienez, hongkongdarrari bost axola zaizkio gizartearen kontsumo-ohiturak zeintzuk diren -eta txalotu egiten dut horregatik-, telesailak 55 minutuko iraupena duten 30 atal izango baititu, hau da, 25 ordu inguru.

The Penguin

HBO MAX

Urte amaieran iritsiko den telesail hau 2022ko “The Batman” filmaren spin-off-a da, eta Colin Farrell aktoreak The Penguin gaizkile ezagunaren pertsonaia antzeztuko du. Filmaren istorioa amaitzen denetik astebetera girotzen da eta Gotham City-ko azpimundu kriminalean Oswald «Oz» Cobblepot/The Penguin boterera nola iristen den azalduko digu. Xehetasun gutxi ezagutzen dira serieari buruz, baina Farrelekin batera Cristin Milioti aktorea egongo dela ere baieztatu dute.

3 Body Problem

NETFLIX

Zeresan handia emango duen izenburua dela susmatzen dut; izan ere, “Game of Thrones”-en zuzendariak diren Daniel Brett Weiss eta David Benioff-en telesail berria izateaz gain, batzuen ustez azken urteotako zientzia-fikziozko nobela onenetako baten egokitzapena ere badelako. Liu Cixin nobelagile txinatarraren “3 Body Problem”, hain zuzen. Gizateriak adimen estralurtar batekin duen lehen harremanaz dihardu. Hainbat galdera mahai gainean jartzen ditu istorioak: estralurtarrak era baketsuan al datoz? Haiekin komunikatzeko gai izango al gara? Eskatzen digutena egiteko prest egongo al gara?

Masters of the air

APPLE TV+

“Masters of the air”, hori da “Band of Brothers” eta “The Pacific” miniserie belikoen hirugarren zatirako aukeratu duten izenburua. Zuzendari lanetan Cary Joji Fukunaga, eta aurrekoetan bezala Steven Spielberg eta Tom Hanks ekoizle, zeinak Bloody Hundredth izeneko bonbardaketa-taldean zentratuko diren.

Criminal Record

APPLE TV+

Iragan urtarrilaren 10ean iritsi ziren miniserie ingeles honen lehen bi atalak (guztira zortzi izango ditu). Aktore zerrendan izen ezagunena Peter Capaldi eskoziarra. 2005 eta 2012 artean “The Thick of It” sitcom-ean Malcolm Tucker izan zen, eta orduan bihurtu zen ezagun, jakina baita 2013an hamabigarren Who Doktorea izan zela. Baina niretzat sorpresa handiena “The Good Fight” telesailean ikusi genuen Cush Jumbo aktorea izan da, lan itzela egiten du hemen. Biak ala biak poliziak diren arren, zeharo desberdinak dira. Peter Capaldiren pertsonaia, Hegarty, inspektore beteranoa da, iragan misteriotsu samarra duena. Jumbo-rena aldiz, June, detektibe gaztea, hasiberria, baina anbizio handikoa. Belaunaldien arteko desberdintasuna oso ongi definitzen da hasieratik, eta garrantzitsua izango da istorioan, baita Jumbo emakumea eta beltza izatea ere.

Londres hirian girotzen da telesaila eta larrialdi-zerbitzuetan jasotzen duten dei batekin hasten da istorioa. Anonimoki deitu duen emakume batek arriskuan dagoela adierazten du, bere bikotekideak mehatxatu egin diola eta arriskuan dagoela dio. Baina dei horretan, emakumeak azalduko ez dizuedan beste informazio bat ere partekatuko du. Gertaera horrek bi helburu oso kontrajarri dituzten bi polizia horiek aurrez aurre jarriko ditu, baita 24 urteko espetxe zigorra betetzen ari den preso bat ere.

Trama oso erakargarria eta misteriotsua da, baina gainera, bi pertsonaia protagonistak hain ondo egituratuta egoteak oinarri are sendoagoa txertatzen dio osotasunari.

Disclaimer

APPLE TV+

Cate Blanchettek telebistako dokumentaletan espezializatu den kazetari baten pertsonaia antzeztuko du. Kaleratu berri duten eleberri batean, lurperatuta zegoela uste zuen bere iraganeko istorio bat argitara aterako dela deskubrituko du. Alfonso Cuaron mexikarra da telesail honetako gidoilari eta zuzendaria, eta aktore zerrendan Kevin Kline, Sacha Baron Cohen, Jung Ho-yeon eta Lesley Manville topatuko ditugu.

House Of The Dragon, 2. denboraldia

HBO MAX

“House of the Dragon”-en bigarren denboraldia, aldiz, udan iritsiko da. Daenerys Targaryen-en istorioaren aurretik girotua, 172 urtean zehazki, eta errege baten ondorengotza arriskuan dagoen unean, Viserys Targarien-en erregealdiaren bederatzigarren urtean.

Lehen ataletan gehiegi konbentzitu ez ninduen arren, atalez atal nortasun propioa eraiki duela iruditzen zait, eta oso telesail txukuna egin dutela uste dut. Logikoa den moduan, tonuan, girotzean, estiloan, soinu bandan, estetikan, pertsonaia motetan eta diseinu ekoizpenean oro har jatorrizko telesailaren esentzia oso-osoa topatu daitekeen arren, gidoiari eta pertsonaien arku dramatikoari dagokienez, gertuago dago “Succession” bezalako telesail batetik “Game of Thrones”-etik baino.

Aurrekoa baino askoz “zehatzagoa” ere bada, pertsonaia gutxiago, kokaleku gutxiago, eta tramak orokorrean asko murriztu dira. Ileordeak eta aktore aldaketa sinestezin horiek albo batera utzita, oso gutxi espero nuelako izan daiteke, baina onerako harritu nau.

The Boys, 4. denboraldia

AMAZON PRIME VIDEO

Zeinen ongi pasatzen dudan telesail hau ikusten; gozamen hutsa iruditzen zait, ganberroa, entretenigarria eta basatia, superheroien munduko satira gupidatsua eta zorrotza. Superheroiek ospearen eraginpean jarrera zalantzagarriak hartzen dituzten mundu batean girotua dago, beren buruak ustelkeriaren bidean jarri eta are ospetsuago bilakatzeko helburuz, gizateria arriskuan jarriko dute.

Baina umore beltz eta entretenimendu horren muinean, gainera, idoloak behar dituen gizarte bati buruzko etsipenezko begirada ikaragarria ere eskaintzen du. Ikuspegi ezkor eta amoral horretan datza “The Boys”-en indarra nire ustez; Marvel eta DC faktoriekin erraz identifika daitezkeen superheroiak, hezur-haragizko pertsonen antagonista bihurtzen direnak, ustelkerian oinarritutako status quo horri mozorroa kentzeko borrokan ari diren benetako heroiak.

Proposamen ezin hobea iruditzen zait superheroien generoa gorroto dutenentzat, beren jarrera berresten lagunduko dielako.

Beste batzuk

“The White Lotus”-en hirugarren denboraldia eta “Severance”-en bigarrenak, itzulera nabarmenen artean sartu nahi nituen arren, oraindik ez dute 100% baieztatu aurten estreinatuko direnik, hementxe, beraz, aipamena, baina data zehatza baieztatu gabe. Adi, ordea, honako izenburuei: HBO Max plataforman, “The Regime” aipatuko dut, Kate Winslet baita sei ataleko telesail satiriko honetako protagonista, eta hori argudio nahikoa iruditzen zait ikusteko.

Netflixen, “Ripley” estreinatuko da. Andrew Scott izango da protagonista eta, 1999ko film ezaguna bezala, Patricia Highsmith-en eleberrian oinarrituko da. 50eko hamarkadako Italian girotuko da eta iruzurgile baten eta gizonezko aberats baten istorioa izango da abiapuntua.

Filmin plataforman, aldiz, Vincent Lindon protagonista duen “D'argent et de sang” telesail frantziarra nabarmenduko nuke. Karbono-emisioen zergaren iruzur milioidunaren gainekoa, eta Frantziako hedabideek "mendeko iruzurra" deitu ziotena.

Eta amaitzeko, Prime Videon, Nicole Kidman protagonista duen “Expats”, 2014. urtean eta Hong Kongen girotua eta bereziki “Fallout” bideojoko ezagunaren moldaketa; iaz “The Last of Us”-ek lortu zuen moduan, arrakasta itzela izango duela dirudi.

Eta euskaraz, zer?

Datozen hilabetetan ezustekorik egon ezean, pantaila txikiko helduentzat, euskarazko fikzioari dagokionez, basamortua: ez da estreinaldirik espero. ETB1ek euskaraz bikoiztua estreinatuko du “Toure detektibea” telesaila, martxoan, baina TVErekin batera ekoitzi dutenez gaztelaniaz grabatua dago. Umeentzako Makusi plataforma ere abian jarriko du EITBk udaberrian. Ikus-entzunezkoetan euskarak presentzia sendoagoa izateko herri mugimenduen aldarriak jarraipena izango du datozen hilabeteetan. Hala, Aldatu Gidoia egitasmokoek mobilizazio bat dute iragarria maiatzaren 18rako, Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren aurrealdean.