Shahak Shapira israeldar jatorriko komiko alemaniarrak aurretik Bartzelonan egindako emanaldi baten bideo bat partekatu du bere sare sozialetan, eta bertan gertatzen dena biral bihurtu da ordu gutxi batzuetan, Katalunian katalanez hitz egiteagatik kexu den emakume bati ematen dion erantzunagatik.
Ver esta publicación en Instagram
Ikusleen artean eserita dagoen emakumeak dio «zoritxarrez» Bartzelonan bizi dela, eta, komikoaren harridura ikusita, zehazten dio hori esan duela «jendeak katalanez bakarrik hitz egiten duen lekuan bizi naizelako».
«Jendeak katalanez baino ez du hitz egiten hemen?», galdetzen du Shapirak, eta entzulegoaren parte batek ezezkoa ematen dio. Hortaz, emakumeari galdetzen dio non bizi den. «Katalunia barnealdean», erantzuten du emakumeak.
«Badirudi arazoa zuk duzula», esaten dio orduan komikoak, eta hauxe gaineratzen du: «Ezin duzu toki batera joan eta jendeari esan: ‘Zergatik hitz egiten duzue hemen ustez hitz egiten den hizkuntzan?’».
«Frantziara bazoaz –jarraitzen du Shapirak– eta galdetzen baduzu ‘zergatik hitz egiten duzue frantsesez?’ hil egingo zaituzte!».
Komikoaren harridura-maila are gehiago handitzen da emakumeak esaten dionean itzultzailea dela: «Itzultzailea zara eta kexu zara mundu guztiak katalanez hitz egiten duelako zure inguruan? Zer arraio?».
Pasarteak, noski, erreakzio ugari eragin ditu Katalunian eta baita Euskal Herrian ere. Komikoak berak aitortu du «ironikoa» dela orain erantzun asko katalanez jaso izana eta txintik ere ez ulertzea.
I gave shit to a nice lady about how Catalans should be speaking Catalan in Catalonia and now the Catalans are sharing it in Catalan and I don’t understand any of it which is highly ironic https://t.co/emuUI8OXWm
— Shahak Shapira (@ShahakShapira) January 29, 2024