NAIZ

Iñigo Gazteluk Larrabetzuko alkate izateari utziko dio otsailaren 28an: «Ohorea izan da»

Iñigo Gazteluk (EH Bildu)  Larrabetzuko alkate izateari utziko dio datorren osoko bilkuran, otsailaren 28an. «Ohorea izan da, benetan», nabarmendu du sare sozialen bidez zabaldutako mezuan.

Iñigo Gaztelu, artxiboko argazki batean.
Iñigo Gaztelu, artxiboko argazki batean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Datorren osoko bilkuran, otsailaren 28an, Iñigo Gazteluk Larrabetzuko alkate izateari utziko dio. Sare sozialen bidez azaldu duenez, «erabakia pertsonala da. Ia bederatzi urte daramatzat Udala eta udalerriarentzat lanean, beste gauza guztien gainetik, eta azken hilabeteetan motxila honek pisu handiegia dauka».

«Azken hilabeteetan askotan pentsatu ondoren, nire osasunari eta nire buruari lehentasuna ematea erabaki dut. Ez dut erantzukizun handi honekin jarraitzeko indar nahikorik, eta aldaketaren beharra daukat. Deskonektatu eta atsedena hartu», azpimarratu du. Hemendik aurrera «gure herriko beste foro eta espazio batzuetan ekarpenak egiten jarraitzea» espero duela erantsi du.

Halaber, etorkizunera begira, «zinegotzi talde ona» dagoela ohartarazi du EH Bilduko alkateak, «ilusioz eta gogoz, onartutako gobernu planari aurre egiteko. Irakats nezakeen guztia mahai gainean jarrita, dagoen gobernu taldeak ondo egingo duela seguru nago. Eta nik laguntzeko prest jarraituko dut».

«Ezin dut agur agur esan eskerrak eman gabe nire alboan beti egon diren senide, lagun eta pertsona guztiei. Eskerrik asko denoi eta maite zaituztet! Zuek barik ez zen posible izango bederatzi urteko bidai ahaztezin hau. Eta besarkada berezia bidaia honetan nirekin batera gozatu eta sufritu duten zinegotzientzat», esan du.

«Harro egoteko modukoa izan da Larrabetzuko alkatea izatea, beti bihotzean eramango dudan esperientzia ahaztezina. Beti esan dut eta berriro esango dut: harro nago Larrabetzuz», amaitu du.