NAIZ

Donostiako Parte Zaharrean ere mugikorren erabilera adina atzeratzeko kanpaina abiatu dute

Donostiako Alde Zaharrean Tolosan ezarritakoaren antzeko ekimena abiatu dute Orixe Ikastolako #Sarean guraso taldeak eta Zaharrean elkarteak, mugikorren erabilera adina atzeratzeko. ‘Gurea erabil dezakezu’ pegatinadun saltokietako telefonoak erabili ahal izango dituzte nerabeek.

Pegatina bereizgarria izango dute ekimenarekin bat egin duten saltokiek.
Pegatina bereizgarria izango dute ekimenarekin bat egin duten saltokiek. (#Sarean)

‘Gurea erabil dezakezu’ pegatinak Donostiako Alde Zaharreko saltokietan zabalduko dituzte Donostiako Orixe Ikastolako #Sarean guraso taldeak eta Zaharrean elkarteak, haur eta gazteek bertatik deitzeko aukera izan dezaten, eskuko telefonoa izateko premiari aurre egiteko. Aurretik Tolosan abian jarritako ekimena hartu dute eredutzat.

Haur eta gazteak eskuko telefonorik gabe ibiltzeko babesa eskaintzea du xede kanpainak, «nerabeek smartphone-a izateko presio sozialari elkarrekin eta sarean aurre eginaz», #Sarean guraso taldeak azaldu duenez. Izan ere, guraso taldea kezka horietatik abiatuta eratu zen duela bi urte, geroz eta arinago eskuratzen diren smartphoneen eta, oro har, pantailen erabilerak dakartan arazoen inguruko ardurak eraginda.

#Sarean taldearen helburu zehatzetako bat, beste hainbat herri eta auzotan zabaldutako ekimenetan bezalaxe, eskuko telefonoa izateko adina atzeratzea da. Adituek lehenengo eskuko telefonoa 16 urterekin izatea gomendatzen badute ere, gaur egungo haur eta nerabe gehienek lehenago eskuratzen dute, kasu askotan, Lehen Hezkuntzatik Bigarren Hezkuntzarako pasaeran.

Hala ere, eskuko telefonoa izateko premia hori funtsean soziala dela dio guraso taldeak, izan ere, «lagunek mugikorrik ez badute ez baitute beharrizan hori sentitzen». Honenbestez, #Sarean taldearen helburua eskuko telefonoa izateko adina «ahalik eta gehien eta elkarrekin» atzeratzea da, presio sozial horri batera aurrre egiteko.

Testuinguru honetan, aurretik Altxa burua! elkarteak Tolosan aurrera eramandako ekimena jarraituz, Donostiako Alde Zaharrean ere ‘Gurea erabil dezakezu’ pegatina identifikagarrien bidez, eskuko telefonoa izateko behar horri komunitatean aurre egin nahi diote, bertako saltokietan telefonoz deitzeko aukerak eskainiz.

Pegatina hauek Alde Zaharreko saltokiak biltzen dituen Zaharrean elkartearen bidez zabalduko dituzte, hala, haur eta nerabeek, bereizgarria duten lekuetan deitzeko aukera dutela jakingo dute. Era berean, auzokideen arteko hartu-emana bultzatuz, elkar zaintza eta komunitatea oinarri izanik, auzoaren saretzean ere eragin nahi dute, Alde Zaharrak «eremu bizi eta bizigarri izaten jarrai dezan».

Alde Zaharreko 35 saltokitik gora batu dira ekimenera, Bretxatik Aquarium bitarteko eremua jasoaz. Aurrerantzean, auzoko beste zenbait lekutara zein hiriko beste auzoetara ere zabaldu nahi dute ekimena. Honekin, «soziala den problematika honi ikusgarritasuna eta babesa» eman nahi diotela azaldu dute.