Azken asteotan Gizarte Segurantzako inspektoreak Gipuzkoako zenbait herritan –Tolosa, Hernani, Ordizia...– ibili dira eta bertan beren produktuak saltzen dituzten baserritar jubilatuei 6.000 euro arteko isunak ezarri dizkiete, gutxienez dozena bat kasutan.
Egoera horrek kezka sortu du lehen sektorean, izan ere, baserritar asko beren postua uztera behartu ditu. Egoera horren aurrean, Gipuzkoako Foru Aldundikak Gizarte Segurantzari bilera eskatzea erabaki du, auzi honi irtenbidea topatzeko.
Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeako foru diputatuak ohar batean azaldu duenez, bilera eskaera horren helburua da ezarritako isunen testuingurua baloratzea eta aztertzea, eta «jarduera hori bermatzeko irtenbide bat bilatzen saiatzea».
Arrutik adierazi duenez, «gaur egun badaude alternatibak erretiratuen kolektiboak jarduera ekonomikoak modu osagarrian egiten jarraitu ahal izateko ‘erretiro aktibo gisa». «Zoritxarrez», deitoratu du, «egun diseinatuta dagoen moduan ‘erretiro aktibo’ honek ez du egoera konpontzen, gutxieneko pentsio bat jasotzen duen kolektiboa baita».
Ildo horretan, «baserritarren errealitatera hobekien egokitzen den formula» bilatzen saiatuko direla ziurtatu du, «Gipuzkoan astero egiten diren nekazaritza merkatuetan gure lurraldeko produktuen salmenta bideragarria izaten jarraitu dadin».
Hala, Gizarte Segurantzari «eskua luzatuko diogu, arlo horretako eskumena berak baitu, gure errealitatearekin bateragarria den akordio batera iritsi ahal izateko», esan du.
Foru diputatuak nabarmendu duenez, «azalera handietako supermerkatuetako prezioen gerrak, klima aldaketak eta landa inguruneko biztanleriaren jaitsierak kalte egiten diote» lehen sektorearen biziraupenari». Eta jarritako isunak «beste traba bat dira eta bideragarritasuna arriskuan jartzen dute».
Egoera horren aurrean, «baserritarrei eguneroko bizitzan laguntzeko eta sustatzeko» lan egitearen alde azaldu da, «jardueraren belaunaldi erreleboan lan egiten den aldi berean».