Zabaletak bale, Altunak kale. Egunean zehar egindako saioek emaitza desberdinak izan dituzte asteburuan jokatzera deituak ziren Aspeko pilotarien artean eta eskuin zangoan zuen gainkarga gaindituta, Jose Javier Zabaleta Zornotzan izango da ostiral honetan, Peio Etxeberriarekin batera Laso eta Mikel Urrutikoetxearen aurka jokatzeko. Jokin Altunak aldiz, ez du batere sentsazio onik izan Amezketan eskuak egiterakoan eta igandean Donostian jokatzekoa zuen partidari uko egin dio. Javier Zabalak beteko du aurrelari gipuzkoarraren lekua.
Eibarko enpresako bi erreferentzia nagusiek aurreko larunbatean hartu zuten min, Labriten atzelariak eta Bilbon aurrelariak, eta osatzeko denborarik gutxien izan duenak izan du garapen egokia hamabigarren jardunaldi hau jokatu ahal izateko. Jose Javier Zabaletak gainkarga bat izan zuen Jaka-Eskirozen aurka eta partida amaitu ahal izan bazuen ere, baldintzatuta aritu zen eta ez zuen ohikoa duen mailarik eman. Zorionez, astean zehar egindako ekografiak hausturarik ez dagoela erakutsi zuen, garapena egokia izan da eta ostiralean jokatzeko moduan ikusi du bere burua. Azken bi partidak galduta, Laso eta Arangurenen ordez arituko den Urrutikoetxearen aurkakoa partida garrantzitsua da Aspeko bikotearentzat bigarren posturako lehian.
Arriskurik hartu gabe
Jokin Altunaren kasuan, Laso eta Urrutikoetxearen aurka jokatzen ari zela pilota batek ezker eskuko zain bat lehertu zion ubeldura handi bat sortuz. Erditik aurrera, ia 100 pilotakada izan zituen lehia ezkerrez ia beste pilotarik jo gabe amaitu zuen, eskuan ubeldura handi bat zuela.
Osatzeko ohiko eskuko min bat baino hobea omen da orain izandako lesioa, amezketarrak berak aurretik izana du antzeko zerbait eskuinean, baina gaur herrian egindako lehen proban sentsazioak onak izan ez direnez, Altuna III.ak igandean ez jokatzea erabaki du.
Play-offean egoteko beste puntu bat beharko dutela uste du amezketarrak, gutxienez bi lau lehenen artean egon nahi badute, baina egutegia ere ondo aztertua du eta badaki hurrengo bi jardunaldietako puntuek are gehiago balioko dutela borroka horretan Artola-Imaz eta Peña-Albisu arerio zuzenen aurkako partidetan eta horregatik nahiago izan du zuhurtziaz jokatu, aste honetan presaka itzuli, eskua are gehiago izorratu eta azken bi jardunaldi horietan edo balizko play-offean arrastaka aritu baino.
Sorbaldako lesioa zela eta, lehen hiru jardunaldietan jokatzeari ere uko egin zion amezketarrak eta Danel Elezkanok ordezkatu zuen hiru partida horietan, baina oraingoan enpresak Javi Zabala errioxarra deitu du iganderako. Logroñokoak Peio Etxeberria ordezkatu zuen seigarren jardunaldian Sestaon eta maila bikaina eman zuen, Zabaletarekin Peña-Albisuri 22-17 gailenduta.
Partida honetan bertan Jon Mariezkurrenaren presentzia ere ez dago ziurtatuta. Berriozarkoak ez zuen aurreko larunbatean Labriten jokatu eskuko minarengatik, atzo itxaropentsu agertu zen material aukeraketan baina azken ordura arte itxoingo du erabakia hartzeko.