NAIZ

Gozoak eta goxoak lagundu dituzte San Blas eguneko merkatuak

San Blas egunak gozo-bete postu aurkeztu ditu Euskal Herriko hainbat herrietako kaleetara. Merkatu ezagunena Abadiñokoa da eta ganadu-buruak, barazkiak eta opilak erakutsi dituzte bertan.

Emakume bat bedeinkatutako kordoei begira Abadiñoko merkatuan.
Emakume bat bedeinkatutako kordoei begira Abadiñoko merkatuan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

San Blas eguna larunbatak ekartzeak, eguzkiak eta tenperatura goxoak, goxoegi ohiz kanpo den denboraldirako, jende saldoa eragarri dute Abadiñoko merkatura, non bisitariek topatu dituzten erroskilak, San Blas opilak, abereak edo kordoi bedeinkatuak, besteak beste.

Bizkaiko herri honetan 190 abere aurkeztu dituzte, 81 postutan saltu dituzte nekazaritza-produktuak, artisau-produktuak erakutsi dituzte hogei postu inguruk eta, beste hamahirutan nekazaritzako makinak jarri dira saltzen.

Nekazaritza-produktuen lehiaketan, bestalde, Sartagudako Las Madrazas baserriak jaso du fruta eta barazki onenen saria, eta Abadiñoko Latxaberrik jaso du postu politenaren aitortza.

Abadiñokoa da Euskal Herriko San Blas azokarik ezagunena, baina beste udalerri batzuetan ere ospatzen da egun hau, Tolosan, Laudion eta Iruñean, kasurako.

Iruñean

Nafarroako hiriburuan ere urteroko merkatua topatu dute herritarrek larunbat honetan. San Nikolas plazan eta San Migel kalean zabalik dira postuak 20.30ak arte, baina goizean goiz hasi da jendea postuak zekartzaten eskaintzari begira, artean eguzkiaren berorik sentitzen ez zenean.

Erroskilak, aingeru-adatseko opilak edo txantxigorri opilak eraman dituzte etxera hainbat bisitarik. Bertan zen Joseba Asiron Iruñeko alkatea ere.

San Blas egunaren karietara, Duguna Iruñeko dantza taldeak soka dantza egin du Sarasate pasealekuan. Tradizio handikoa da soka-dantza; XVI. mendetik dantzatzen da Nafarroan.