Manex Altuna
Elkarrizketa
Julen Agirrezabala
Athletic Clubeko jokalaria

«Atezainak lasaitasuna izan behar du, taldeari segurtasuna emateko»

Athletic Kopako finalerdietara iritsi da bosgarren urtez jarraian, eta Agirrezabalaren geldiketak erabakigarriak izan dira. 2000. urtean jaioa, Errenteriakoak ez die jaramonik egiten Simeonek giroa berotzeko esandakoei, eta barneratuta dauka Atleticoren aurkako kanporaketa gogorra izango dela.

Julen Agirrezabala, Athleticeko atezaina.
Julen Agirrezabala, Athleticeko atezaina. (Aritz LOIOLA | FOKU)

2021eko udan, Marcelino entrenatzaile zela, Athleticen lehen taldearekin debuta egin zuenetik, Julen Agirrezabalak maila aparta daukala erakutsi du aukera izan duen bakoitzean. Horren harira, gehiago jokatu nahi lukeela onartzen du, ahotsa altxatu gabe. Lehia estua dauka Unai Simonekin, eta azaltzen duenez, Ernesto Valverdek ez die esaten partida atarira arte nork jokatuko duen hasieratik.

Oso argi dauka finalera iristeko partida «biribilak» egin beharko dituztela Atleticoren kontra. Aurkari indartsua, Txapeldunen Ligan jokatzen ohituta dagoena eta azken urteetan zenbait titulu irabazi dituena. Agirrezabalaren iritziz, gaur gauean Metropolitanon, 21.30etik aurrera, emaitza on bat lortzea, kanporaketa gainditzeko gakoetako bat izango da. Williams anaiek min hartuta amaitu zuten azken norgehiagoka, baina deialdian sartu dira. Berenguer eta Lekue ere bueltan daude.

Kopako finalerdiak datoz. Beharbada aurkari gogorrena egokitu zitzaizuen zozketan?

Badakigu Atletico Madril zer nolako taldea den. Real Madrilen aurkako azken partidan argi utzi zuten jokalari oso onak dituztela, erasoan arriskutsuak direla eta talde sendoa osatzen dutela. Hala ere, Kopako finalerdietan bagenekien edozein talde gainditzea zaila izango zela. Partida biribilak egin beharko ditugu joanekoan zein itzulikoan, aurrera egin eta finalera iristeko.

Yurik joan den astean nabarmendu zuenez, joaneko partida erabakigarria izango da kanporaketa gainditzeko. Zein helbururekin zoazte Madrilera?

Bai, azkenean, bi partida dira, eta lehenengoan ateratzen den emaitzak bigarrenean nola jokatu beharko den baldintzatuko du. Badakigu partida oso ona egin behar dugula Metropolitanon emaitza on bat lortzeko. Gu irabaztera joango gara. Eta partida ona egiten badugu, argi daukagu San Mamesen aukerak izango ditugula finalera heltzeko.

San Mamesen Mallorca jipoituta helduko zarete norgehiagokara. Baina Valentzian eta Cadizen jokatutako azken partidetan ezin izan duzue garaipenik lortu.

Egia da etxetik kanpo jokatu ditugun azken bi partidetan zailtasun gehiago izan ditugula. Baina taldearen dinamika oso ona da orokorrean, Ligan zein Kopan. Horregatik, joaneko partida irabazi nahi dugu, bide beretik jarraitzeko.

Iazko denboraldian baino hobeto zaudete. Nola azaldu daiteke hobekuntza?

Argi dago Ligako txapelketako sailkapenean iaz baino hobeto gaudela. 13 puntu gehiago ditugu eta bosgarren tokian kokatuta gaude, Europako postuetan. Era berean, taldearen sentsazioak oso onak dira erasoan eta defentsan. Zorionez, sortzen ditugun aukeretan golak egitea lortzen ari gara, iaz baino errazago, eta defentsa arloan taldea oso lan serioa egiten ari da. Nabarmenduko nuke taldeak pauso bat aurrera eman duela bi arlo horietan.

«Atletico Madril talde oso sendoa da, eta jokalari arriskutsuak ditu erasoan. Partida biribilak egin beharko ditugu finalera iristeko»

Williams anaiak jokatzeko moduan al daude?

Ez dakit zehatz-mehatz nola dauden fisikoki, baina badakit biak gogo biziz daudela finalerdiak jokatzeko. Azken erabakia, ordea, beste batzuena izango da. Argi dago jokalari garrantzitsuak direla guretzat. Hegaletan ematen diguten abiadurak eta eragiten duten beldurrak aurkariak baldintzatzen ditu. Baina taldean badauzkagu haien ordez ondo egin dezaketenak.

Aldagelan zein iritzi dago Simeoneren kexen inguruan? Partida berotzen saiatzen ari dela uste duzue?

Guk ezin dugu horretan sartu. Otsailean gaude, Atletico hiru lehiaketatan jokatzen ari da, partida asko dituzte eta egutegien kontua da. Ez da gure ardura. Partida hauek tentsio handikoak dira, eta badakigu Atleticorentzat ere garrantzitsua dela Kopa. Jokoari erreparatu behar diogu, eta ez kanpotik esaten denari. Barneratuta daukagu partida gogorra eta polita izango dela, eta lan handia egin beharko dugula emaitza on bat lortzeko.

Aipatu duzu aurrelari arriskutsuak dituela Atleticok. Griezmannek begiz jota dauka Athletic. Bere ibilbidean gol gehien egin dion taldea baita: 14 gol 31 partidatan.

Bai, izen bat aipatu behar banu, Griezmann da. Hala ere, beste jokalari asko dituzte erasoan, eta kontu handiarekin ibili beharko dugu, gelditzen saiatzeko. Azkenean, badakigu maila altuko jokalariak direla, eta zelairatzen den edozein gelditzeko lan handia egin beharko dugu.

Iaz Ligako partida jokatu zenuen Metropolitanon. Nola bizi zenuen zaleek egiten duten presioa?

Asko igartzen da. Horregatik, futbolari guztiok nahiago dugu gure etxean jokatu, zaleen babesarekin. Argi dago plus bat ematen duela bultzada horrek. Dena den, guk partidan kontzentratu behar dugu, presio horretaz ahaztu eta futbolean buru-belarri jokatu, denon artean partida aurrera ateratzen saiatzeko.

Kanpotik begiratuta, zelaian zaudenean lasaitasuna transmititzen duzu. Barrutik berdin sentitzen zara?

Urduritasun puntu hori beti daramat. Gorputzak tentsioan egon behar du beti, futbolean jokatzeko. Are gehiago atezaina izanda, kontzentrazio maila handia eskatzen duen postua baita. Partidan sartuta egon beharra daukat. Era berean, atezaina izateko lasaitasun apur bat nahitaezkoa da, taldeari segurtasuna emateko.

Aldi honetan Kopan bakarrik jokatu duzu. Eta erabakigarria izan zara Eibarren edo Alavesen aurka egindako geldiketekin. Pozik al zaude emandako mailarekin?

Ez da erraza izaten egokitzea, urtean zehar partida gutxi batzuk jokatzen dituzunean. Baina klubean eta lehen taldeko postu guztietan lehiakortasun handia dago, baita atepean ere. Ni saiatzen naiz nire lana egiten, eta aukera ematen didatenean taldeari laguntzen. Daukadan adinarekin, oraindik gauzak hobetzeko dauzkat arlo ezberdinetan. Nolanahi dela, garrantzitsua da taldearentzat eta niretzat finalerdietara iristea, eta orain gehiagoren bila goaz.

Lehen taldearekin 29 partida jokatu dituzu. Zer iruditzen zaizu?

Ia 30 partida dira, hiru denboralditan banatuta. Lehen urtean Bilbao Athleticekin jokatzen tartekatu nuen. Ez dakit gutxi edo asko den, ni beti saiatzen naiz nire lana egiten, entrenamenduetan ahalik ondoen egiten, egunero hobetzeko helburuarekin, ez bainaiz zifra horiekin konformatzen. Izan ere, partida gehiago jokatu nahi dut.

Asko edo gutxi izan, partida garrantzitsuak izan dira: Kopako bi finalerdi jokatu dituzu, baita Real Madril, Bartzelona eta Atleticoren aurka.

Bai, partida politak, garrantzitsuak eta tentsio handikoak izan dira. Kopako txapelketan gertatzen dena da partida txar bat eginez gero kalera zoazela. Eskertzekoa da horrelako partidak jokatu ahal izatea. Presio edo tentsio horri aurre egin behar izateak, arlo pertsonalean, hobekuntza hori egiteko aukera ematen du.

Rubiren kontrako lehen kanporaketan normalean baino urduriago egon zinela eman zuen?

Kopako edozein partida tentsio handikoa da. Ezin duzu akatsik egin. Eta egia da jokatutako azken partida ofizialetik Rubiko partidara denbora asko pasatu zela niretzat. Zelaia ere ezberdina zen, belar artifiziala zeukan, eta azkar ohitu behar duzu horrelako gauzetara. Partida ezberdinak izan daitezke, baina kontzentrazioa mantendu eta aurrera eraman behar dira.

«Nire gurasoek hankak lurrean izateko esaten didate beti. Pozik nago Athleticen egindako ibilbidearekin, eta gehiago nahi dut»

Nolakoa da Unai Simonekin daukazun lehia?

Unai Simon maila oso bereziko atezaina da, eta denboraldi honetan laguntza handikoa izaten ari da taldearentzat. Partida guztietan segurtasuna ematen du, eta puntuak irabazten lagundu. Ni saiatzen naiz berak egiten dituen gauzetatik ikasten. Aldi berean, polita da horrelako atezain batekin entrenatzea. Ni nire lana ahalik ondoen egiten saiatzen naiz entrenamenduetan, aukerak iristen direnean aprobetxatzeko.

Entrenatzailearekin hitz eginda daukazue nork jokatuko duen Kopan eta Ligan?

Egia esan, niri Valverdek ez dit horrelakorik esan. Uste dut bientzat ona dela ez jakitea hurrengo partidan nork jokatuko duen. Horrek hobeto entrenatzeko balio du, eta lehiakortasuna bultzatzeko. Azkenean, Valverde da erabakia hartzen duena, eta nire lana da beti prest egotea, aukera dudanean ahalik ondoen jokatzeko.

2025ean kontratua amaitzen zaizu Athleticen. Luzatzeko asmoa daukazu?

Ez dut horretan pentsatzen. Orain partida garrantzitsuak dauzkagu eta aurrean daukagunari begira nago. Taldekideekin eta taldean oso gustura nago. Athletic profesionaltasunera eraman nauen taldea da, eta pozik nago hemen.

Lehen aipatu duzu hobetu beharra daukazula. Zertan esango zenuke?

Pixka bat orokorrean ari nintzen. Erabakiak hartzeko unera ohitzea da kontua. Goi mailan atezain guztiek ditugu teknikoki gauzak ondo ikasita, baina gero garrantzitsuena izaten da erabakiak hartzeko unean noiz eta nola asmatzea.

Joan den denboraldian Sadarren jokatutako azken partidan akats bat egin zenuen. Nola aurre egiten diozu horrelakoak gertatzen direnean?

Atezaina izanda, argi daukagu egiten dugun edozein akatsek gol bat jasotzen bukatuko duela. Saiatzen naiz lasaitasunarekin eta normaltasunarekin aurrera eramaten. Akatsa futbolaren parte da, eta edozein momentutan gerta daiteke. Ez naiz saiatzen ahazten, baina bai normaltasunarekin aurrera egiten eta partidan kontzentratuta jarraitzen, taldeari laguntzeko.

Oraindik 23 urte dituzu, eta esan daiteke azkar iritsi zarela goi mailara.

Egia da nahiko azkarra izan dela nire ibilbidea. Antiguokon nengoela, Realarekin entrenatzen egon nintzen. Baina Athleticek apustu handia egin zuen nire alde, eta ez nuen zalantzarik izan hona etortzeko. Lezamara gazteen mailako azken urtean iritsi nintzen, 17-18 urte nituela; azken urtekoa nintzen, eta taldeko gehienak bigarren urtekoak. Gero, urtero igotzen joan naiz. Basconiatik eta Bilbao Athleticetik igaro ondoren, lehen taldera iritsi naiz, eta oso pozik nago.

Bizitza aldaketa igarri duzu?

Bai. Athleticera iristea aldaketa handia da. Maila honetako klub baten egotea oso berezia da. Aldaketak egon dira, baina nire kasuan pertsona bera izaten jarraitzen dut. Lagunekin eta familiarekin egotea gustatzen zait. Nire gurasoek beti esan didate hankak lurrean izateko. Oso pozik nago egindako ibilbidearekin. Baina gehiago nahi dut, eta horren bila goaz.

Berandu hasi omen zinen futbolean jokatzen.

Bai, alebinetako azken urtean, 11-12 urte nituenean sartu nintzen Touringen, herriko taldean. Txikiagoa nintzenean ez zitzaidan futbolean jokatzea gustatzen. Gero, gogoan daukat oporretan geundela lehengusua hasi zitzaidala baloi batzuk jaurtitzen, eta ni atezain bezala jarri nintzela. Horrela hasi nintzen. Orain asko gustatzen zait, eta saiatzen naiz partida ahalik gehienak ikusten. Horrela, beste atezain batzuengandik ikasi dezakedala uste dut.

Simon edo Athleticeko besteren bat kenduta, zein atezain duzu eredutzat?

Ez daukat erreferentzia bakarra. Atezain guztiek dituzte beren gauza onak eta txarrak. Baina bat nabarmentzekotan, eta dena kontuan hartuta, Courtois esango nuke. Azken urte hauetan oso ondo dabil.

Era berean, ez da ohikoena goi mailan ari den futbolari batengan, baina ikasketak egiten ere saiatu zara.

Familian beti azpimarratu izan didate ikasketak izatea garrantzitsua dela. Eta nik ere garrantzia ematen diot hezkuntzari. Athleticera iritsi nintzenean, Ingeniaritza gradua abiatu nuen. Baina zaila egin zitzaidan biak partekatzea. Joan den urtean Administrazio gradu bat hasi nuen, baina ezin izan nuen jarraitu. Eta aurten begiratzen nabil zer egin dezakedan.