NAIZ

«Ekologia Baikorra eta lurraldeak» hautagaitza europarzalea babestuko du EAJ-PNBk

Ile-de-France eskualdeko presidente-ordea eta trantsizio ekologikorako arduradunak Yann Wehrlingek beste hainbat partaiderekin batera osaturiko «Ecologie Positive et territoires» hautagaitzarekin parte hartuko du europear bozetan. EAJ-PNBk bere ekimena sostengatuko du.

Jean Tellechea izanen da EAJ-PNBren hautagaia europear hauteskundeetan.
Jean Tellechea izanen da EAJ-PNBren hautagaia europear hauteskundeetan. (eaj-pnb)

Ile-de-France eskualdeko presidente-ordea eta trantsizio ekologikorako arduradunak Yann Wehrlingek joan zen otsailaren 8an iragarri zuen europear hauteskundeetan parte-hartzeko asmoa zuela.

Beste hainbat partaiderekin batera osatu du «Ecologie Positive et territoires» hautagaitza.

Dagoeneko lehen sostengu esanguratsua jaso du Wehrlingek. Hala, CAP21 alderdiaren sustatzaileetariko bat den Corinne Lepage Ekologia ministro ohiak babestu du hautagaitza.

«Ekologia Baikorra eta lurraldeak» hautagaitzan beste hainbat alderdi daude, hala nola Herri Batuen Federakuntzaren baitan jarduten duten Okzitania Bastir, Alderdi Bretoia, Lorreineko Alderdia, Okzitania Aberriaren Alderdia, Prouvènço Nacioun eta EAJ-PNBk alderdiek.

Haiekin batera, Ekologia Baikorra, CAP21, Frantzia Ekologia, Hirusta, Unibertsalistak edota %100 Herritarrak bezalako eragileak batu dira egitasmo horretara.

Hain zuzen EAJ-PNBk agiri baten bidez jakitera eman du otsailaren 8 honetan bat eginen duela «Ekologia Baikorra eta lurraldeak» hautagaitzarekin.

Jean Tellechea hautagai

Ipar Euskadiko EAJ-PNBren idazkaria, Jean Tellechea izanen da hautagai. Hauteskunde-zerrendaren bederatzigarren postuan agertuko da urruñarra.

EAJ-PNBk azaldu duenez, egitasmo horren oinarrizko baloreak partekatzen ditu alderdiak.

Lehenik eta behin, «frantses salbuespen ultrajakobinotik» oso urrun dagoen «estatu oso deserdiratuen Europako eredua» defendatuko duela aipaturiko hautagaitzak nabarmendu du.

Bestalde, Europa indartsua izateko lurraldetatik eraiki behar dela defendatuko du.

«Gure balio demokratikoen kontra edo lehiaketa desleialen kanpoko mehatxuei erantzuteko gai den» eremu gisara irudikatzen du Europa EAJ-PNBk, «erronka nagusiak, bereziki ekologiaren arloan, Europa mailan arautuko direlako».

Hain zuzen, lurraldeek bere baitan duten aniztasunak indartsuago egiten duela europear egitasmoa defendatuko du EAJ-PNBk sostengaturiko hautagaitzak.

Berdin trantsizio ekologikoan zein garapen ekonomiko edo kulturaren sustapenari begira lurraldeek aurrera eramaten dituzten «hurbiltasun politikak» ezinbestekotzat jotzen dituzte jeltzaleek.

Hala, «elikaduraren subiranotasuna, baserri eta hiri eremuen zainketa, energia berriztagarrien garapena edo tokiko bizi espazioen animazioa, bereziki mugaz gaindiko eremuetan» lurraldeek eramaten dituztela aurrera mahaigaineratu du alderdiak.

«Konponbideen eta elgarrizketaren ekologia»

Ekologia baikorraren kontzeptuari helduta, EAJ-PNBk azaldu duenez «gure metodoa da konponbideen eta elgarrizketaren ekologia, solaskideekiko errespetuarekin, denekin, eragile ekonomikoekin, laborantza munduarekin, ezkerreko eta eskuineko partaide politikoekin, aterabideak eraikitzeko gai den ekologia».

Finean, herritarren parte-hartzea bideratuko duen Europako eredua defendatuko dute jeltzaleek europar bozetarako kanpainian. Bizitza publikoan herritar guztien parte-hartzea ahalbideratzea, esaterako, «erreferendumak ohikoak bihurtuz», lagungarria delako «gizarte lasaiago eraikitzeko».