BABESLEDUN EDUKIA

Zorameneko egunak iritsi dira Tolosara

Ostegun eguerdiko suziriaren ondoren, zorameneko sei egunetan murgildu da Tolosa. Egitaraurik behar ez duten jaiak dira, musika, irudimena eta umore ona bezalako osagaiak nahikoak baitira ongi pasatzeko, batezere igandetik aurrera. Aldaketa batzuk izango dira, tartean txoznen kokaleku berria.

Suziriaren ondoren, txarangen doinuak zabalduko dira herriko kaleetan.
Suziriaren ondoren, txarangen doinuak zabalduko dira herriko kaleetan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Aurten txupinazoa botatzeko ardura izan dutenak Tolosako Aiz-Orratz elkarteko kideak dira, haurren parte hartzea bultzatzeko azken 50 urteetan egin duten lana eskertzeko. Izan ere, 60. hamarkada arte haurrek ez zuten lekurik Tolosako inauterietan, eta elkarte hori izan zen haur danborrada antolatzen hasi zena, lehenbizi, eta haur jaialdia urte gutxi batzuk beranduago.

Jaietako lehen egunean ere bada nabarmentzeko beste ekitaldi bat: aurten 50 urte bete dituen Aurrera Kirol Elkartearen ostegun gizeneko danborrada. Arratsaldeko 19.00etan aterako dira kalera, oraingo honetan erraldoien konpartsaren laguntzarekin.

Lehen hiru egunetan egitarau zabala prestatu bada ere (zezen-festak, txarangak, kontzertuak, dantzariak…) mozorrotzeko eguna igandean iritsiko da, goizeko 8.00etan Udal Musika Bandak eskainiko duen Dianarekin hasita. Une horretatik aurrera, Tolosa guztiz itxuraldatuko da eta musika zein irudimena bazter guztietara zabalduko dira.

Irudimenaren jaiak dira Tolosako inauteriak. (Gorka RUBIO | FOKU)

Aurten 17 karroza aterako dira kalera igande, astelehen eta asteartean, eta azken urteetan ohikoa den moduan, toki finkoetan eskainiko dituzte beren emanaldiak, argi-sorgailurik ez erabiltzeko eta modu horretan sare elektrikoa erabili ahal izateko. Gehienak San Frantzisko pasealekuan kokatuko dira (12), beste hiru Foruen Etorbidean eta azken biak Rondilla kalean.

Antolaketa modu honek haserrea piztu du Karroza Batzordeko kideen artean eta geldialdi bat egingo dute eguerdiko 12.00etatik 14.00etara. Beren iritziz, karrozei dagozkien arauak Udaltzaingoaren segurtasun txosten tekniko batean daude oinarrituta, baina askotan eskatu arren, oraindik ez dutela ikusi salatu dute.

Txoznak

Txoznei dagokionez, aurten ere kokaleku berria izango dute, Triangulo plazan. Azken urteetan Tolosako Udala Euskal Herria plazako ohiko kokalekuari alternatiba bilatu nahiean dabil, bertako bizilagunek atsedena izan dezaten. Iaz plaza Berrian jarri ziren, eta aurten Trianguloarekin egin nahi dute proba. «Argi utzi nahi genuke proba izango dela. Probatzen ez badugu, inoiz ez dugu jakingo leku egokia den ala ez. Behin inauteriak pasata, espazioaren egokitasun maila aztertuko dugu», adierazi du Goiuri Ezeiza kultur zinegotziak.

Lekualdaketa izango duen beste ekitaldia iluntzetako txarangen dantzaldia da. Txarangen ordezkariek hala eskatuta, Berdura plazatik Zerkausira aldatuko dira, bultzada bat eman asmoz. Era berean, eta dantzaldi horien ondorengo hutsunea betetzeko, igande gauean kontzertua antolatu dute plaza Berrian Gozategi taldearekin, gaueko 22.30etatik aurrera.

Elkartasun sagardotegiak, 25 urte

Leku berean jarraituko duena, ordea, elkartasun sagardotegia da eta, aurten, gainera 25 urte beteko ditu Tolosaldeko preso eta iheslarien lagunek bultzatutako ekimenak. Lehenbiziko urteetan plaza Berriaren ondoan zegoen Abastos merkatuan egiten bazen ere, azken hamabost urteotan Tolosako sarreran dagoen Lapurdi plazan egiten da, Udalak utzitako karpa erraldoi baten babesean.

Mende laurden honetan inauterietako toki erreferente bihurtu da elkartasun sagardotegia, eta herritar zein bisitari askok bertara jotzen dute herritik mugitu gabe bazkaldu edo afaldu nahi badute. Sagardotegiko menu tradizionalarekin, afariak ostegun, ostiral, astelehen eta asteartean ematen dituzte, gaueko 21.00etatik aurrera, eta bazkariak igande eguerdian, 14.00etatik 17.00etara.

Arduraz jokatzeko deia

Udalak dei egin die Tolosara hurbilduko diren herritarrei inauterietan arduraz jokatzeko. «Norbere erara bizitzeko jaiak dira inauteriak, baina ez nolanahi: errespetuan eta elkarbizitzan oinarritutako jaiak nahi eta behar ditugu, inolako eraso matxista eta xenofoborik gabekoak, inklusiboak, eta jaia beste era batera bizi nahi dutenei ere begirunea azaltzen dietenak», adierazi du Andu Martinez de Rituerto alkateak.

Era berean, informazio eta arretarako bi gune more prestatu dira iganderako eta astelehenerako. Trianguloan informazio puntua izango da, 22:00etatik 01:00etara bitartean. Hortik aurrera, arreta puntua Andragorako Tolosaldeko Emakumeen Etxean egingo da, 05:00ak arte, eta telefono zenbaki bat ere jarri dute: 747 420 488.

Tolosako inauterietako erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Desacristal, Iurre taberna, Zabala kafeak eta Tolosako herri sagardotegia.