Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikako departamentuak eta BBVA Fundazioak lankidetza-hitzarmena sinatu dute euskarazko literatura sustatzeko. Xabier Lete Beka izenpean, 70.000 euro emango zaizkio idazle bati, urtebetez soilik euskarazko literatura proiektuan aritzeko konpromisoa har dezan.
Aurkezpenean azaldu dutenez, «sendotze prozesuan» dauden idazleei zuzendutako urteroko beka da eta helburu nagusia «beren talentu literarioaren garapena erraztea» eta «ibilbide literarioan aurrerapen argia ahalbidetzea» da.
«Globalizazioa gero eta handiagoa den testuinguru honetan, hizkuntza minoritario batean kultura sortu eta ekoizteko dauden zailtasunak ezagututa, Eusko Jaurlaritzak eta BBVA Fundazioak euskarazko literatura-sorkuntzara bideratutako beka hau plazaratu dute, euskal literaturak bizi duen gero eta aniztasun eta kalitate handiagoko dinamikari beste ekarpen bat egiteko», azaldu dute.
Oinarrietan zehazten denez, egile bat «bere ibilbidea sendotzeko prozesuan» dagoela ulertuko da gutxienez eleberri bat euskeraz argitaratu eta merkaturatu badu. Kanpoan geratzen dira autoeditatutako lanak, hala edizio fisikoan nola digitalean.
Hautatutako idazleak 70.000 euro gordineko laguntza jasoko du eta beka onartzen den unetik aurrera 12 hilabetez osorik literatur sorkuntzako euskarazko proiektua garatzen aritu beharko du. «Bekaren xede den proiektuak amaituta egon behar du aldi hori bukatzean», zehaztu dute.
Interesdunek apirilaren 9ra arteko epea izango dute euren proposamenak helarazteko eta hautaketarako eskatzailearen curriculum-profila eta aurretik egindako lana zein proposamenaren originaltasuna eta kalitatea hartuko dira kontuan. Informazio gehiago eta oinarriak, Xabier Lete Bekaren orrialdean.