NAIZ

Euskaltegietarako 23. Korrikari buruzko unitate didaktikoak aurkeztu dituzte

Beste edizio batzuetan egin izan duten moduan, aurten ere euskaltegietarako unitate didaktikoak sortu dituzte Korrikak eta AEK, hain zuzen ere, 23. Korrikari buruz. Maila desberdinetarako egokitutako edukiak dira, eta webgunean daude eskuragarri.

23. Korrika dela eta materiak didaktikoa sortu dute Korrikak eta AEK-k.
23. Korrika dela eta materiak didaktikoa sortu dute Korrikak eta AEK-k. (AEK)

23. Korrika ardatz, unitate didaktikoak aurkeztu zituzten ostiralean AEK-k eta Korrikak, Amaia Lopez de Luzuriaga eta Joseba Irazabal egileekin batera, Altsasuko Itsasi AEK euskaltegian. Webgunean, aurrena, unitate laburrak daude eskuragarri; albiste motzak dira, edizio honetako kanta aitzakiatzat hartuta, Korrika badatorrela iragartzekoak. Ataza horiek abenduan argitaratu zituzten, kanta publiko egitearekin batera.

Horrez gain, behe-mailetarako, Ane Elordi Alburquerque Korrikako arduradun nagusiari egindako elkarrizketa ere txertatu dute. Unitate horiei lotuta, hamabi galderako Kahoot jolasa sortu dute, behe-mailetako zenbait eduki errepasatzeko aukera ematearren.

Horrez gain, Korrika ibilbidearen jolasa ere badago; urtero argitaratzen dute, baina aurten nobedadeak dakartza. Horien artean, online galdetegia dago. Horri esker, paperezko txartelak mozten ibili beharrean, irakasle-ikasleek online irakurri ahal izango dituzte galderak. Korrika ataleko txartelei dagokienez, ohiko galderez gain, «audioak eta bideoak» topa daitezkeela nabarmendu zuen Lopez de Luzuriagak.

Unitate labur horri amaiera emateko, euskara-ikasleek Korrika aplikazioaren inguruko albistetxo bat irakurri ahal izango dute, ibilbidearen inguruko xehetasunak jakiteko.

Azkenik, unitatearen zati nagusia dago: Joseba Irazabalek sortua, ‘Korrika historian’ du izenburua, eta gehienbat online egitekoa da. Bertan, ikasleari ibilbide birtual bat proposatzen zaio: Korrikatik Korrikara bidaiatzeko aukera izango du, hainbat hamarkadatan. Lehendabiziko pantailetan, unitate osoko lanen azalpena aurkituko dugu.

Ondoren, bideo batek Korrikaren historia gogoraraziko die eta, hori ikusita, garaia hautatzeko pantailara helduko dira: Korrika 80ko hamarkadan, Korrika 90eko hamarkadan ala Korrika XXI mendean. «Gure proposamena hirurak jarraian egitea da» azaldu zuen Irazabalek.

Garaia aukeraturik, beste bideo batzuk zabalduko dira, zeinek hamarkada bakoitzean Korrika nola garatu zen erakutsiko duten, garai horretan euskarak eta munduak nolako egoera bizi zuten informatzeaz gain. Horrekin guztiarekin batera, hizkuntza- eta ulermen-jarduerak ere aurkituko daitezke bertan.