Lapurditik Arabara, Arabatik Nafarroara, Bizkaian gero eta Gipuzkoan orain. Dozenaka nekazari eta abeltzainek traktoreak errepidera atera dituzte astelehen honetan. Andoainen bildu dira eta N-Ietik abiadura motelean aurrera doaz, Donostiara bidean.
️ #Autopilaketak #N1 Km 446 #Andoain-en ➡️Lasarteko norantzan.
— Trafiko (@trafikoaEJGV) February 12, 2024
️ Retenciones N-1 Pk 446 en Andoain ➡️ sentido Lasarte.
☎ 011 #Trafikoa pic.twitter.com/Km8G54AgRS
Beste zenbait herrialdetan gertatu den bezala, lehenengo protesta hau ez dute sindikatu nagusiek bultzatzen, sare sozialen bidez harremanean dauden langileek baizik. EHNEk eta ENBAk martxoaren 1etatik aurrera deitu dituzte ekimenak, asteburu honetan jakinarazi dutenez.
Donostiako erdigunera heldu dira, Diputazioaren aurrean protesta egiteko. Horretarako, Zarautz ingurutik abiatutakoekin Usurbilgo Urbil merkatalgunean bildu dira. N-634 errepidean ere erretentzioak eragin dituzte. Antiguatik eta Kontxako pasealekutik sartu dira traktoreak Donostiara.
Gipuzkoako plazan Eider Mendoza aldun nagusiarekin eta Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuarekin bildu dira aldarrikapenen berri emateko. Hauen artean, kostuei aurre egiteko arazoak dituztela eta burokrazia gehiegi dutela daude. Sindikatuen kontrako hitzak ere bota dituzte, kexen aurrean entzungorrarena egiten dutela nabarmenduz. Plazan ez ezik Idiakez eta Okendo kaleetan utzi dituzte traktoreak eta motozerrekin zarata egin dute.
Aiako Joseba Pagadizabal baserritarra izan da gaurko protestaren eleduna. «Geroz eta traba, kezka eta lege gehiagori egin behar diogu aurre», salatu du. Sektorearen etorkizuna helburu dutela eta kutsatzaileak direla leporatu izana arbuiatu du.
Azpeitiko Amaia Segurolak, berriz, produzkio kostuen azpitik erostea debekatzen duen legea betetzen hastea eskatu du. Kanpoko produktuak erostea bertakoen kalterako dela azpimarratu du ere.
«Gipuzkoa osoko baserritako jendea elkartu gara gure ezinegona azaltzeko», adierazi die komunikabideei Jokin Urretabizkaia Donostiako Basozabal auzoko abeltzainak. «Sektorea aspalditik dago gaizki», gaineratu dute.
Beste lurraldetan «ez dituztela hainbesteko trabarik» nabarmendu du. Hori dela eta, merkeago ekoiztu ahal dute Euskal Herriko esplotazio txikien kalterako. «Ixtera beharko gaituzte», salatu.
Mendozak azpimarratu duenez, «ezinbestekoa da baserritarrek beraien lana baldintza duin eta ekonomikoki bideragarrietan egin ahal izatea. Errentagarritasunaren erronkan faktore askok eragiten dute, hala nola Europako nekazaritza-politiken zurruntasunak, gehiegizko burokraziak eta bete beharreko baldintzek, edo produktuak saltzerakoan batzuetan kostu ekonomikoak kubritzeko behar dena ez ordaintzeak».
«Aldundiak bere gaitasunen eta eskumenen barruan dagoen guztia egiten» jarraituko duela adierazi du, «nahiz eta Europako nekazal politikak eragiteko dugun ahalmena oso mugatua izan».
Azkenik, azpimarratu du Aldundiak «oso harreman hurbila, zuzena eta oso ondo egituratua duela urte askotatik sindikatuekin eta lehen sektoreko eragileekin, ez bakarrik eguneroko jardunean; partaidetzarako gune berritzaileak ere baditugu, lehen sektorearen etorkizuna denon artean definitzeko». Hori dela eta, mobilizazioetan parte hartu duten pertsonei dei egin die «gune horiekin bat egitera eta beren kezkak eta eskaerak haien bitartez bideratzera. Oso lurralde txikia gara, sektorea ere halakoa da, eta nahitaezkoa dugu ahalik eta gehien eta ondoen elkarlanean aritzea, aurrera jarraitu ahal izateko».
Nafarroan ere
Nafarroan ere batetik bestera ibiliko dira traktoreak, trafikoa oztopatu nahian, honela bere haserrea agerraraziz. Iruñean ostegun eta ostiralean eginiko blokea amaitutzat jo dute momentuz, Nafar Gobernuak hartutako konpromisoen ondorioz, baina herrialdean barrena eutsi diote ekimenari.
Hala ere, gaurko lehenengo orduetan behintzat aurreko astekoa baina apalagoa izan da: Noaingo Txalluntxe poligonoan, Tafallako sarreretan eta Valtierrako Los Abetos bidegurutzean batu dira, baina N-121an traba batzuk baino ez dituzte sortu. Cascanten ere elkartu dira. Noainen Harivasa irin-lantegirako bideak moztu dituzte. Biurrunen ere beste irin-lantegirako bideak moztu dituzte ere, Europako Batasunettik kanpo datozen zerealak erabiltzen dituztela salatzeko. Tuterako erdigunera ere sartu dira.
Protesta Gasteizen
Gasteizen ere protestak izan dira, Jundizeko industrialdean. Udal Gobernuaren arabera, 80 traktore inguru bildu dira eta trafikoa zaildu dute, lehen sektorean hobekuntzak aldarrikatzeko.
Elkarretaratzeak ez du UAGAren babesik, sindikatuak Efe-ri adierazi dioenez. Joan den asteko protesten ondoren, hausnarketa eta «lasaitasun» aldi bat hartu nahi du egoera aztertzeko eta hurrengo ekintzak erabakitzeko.
Izan ere, joan den asteazkenean ehunka traktorek martxa egin zuten Gasteizen, beren produktuentzako prezio justuak eskatzeko. Halaber, makroproiektuen aurka agertu ziren.
Egun bat geroago, Arabako nekazariek eta abeltzainek elkarretaratzea egin zuten Gasteizko Legebiltzarraren aurrean, eta ostiralean UAGAko ordezkariak Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiarekin bildu ziren.
Honek Nekazaritza Politika Komunitarioaren (NPB) izapideak, ebazpenak eta ordainketak arintzeko eta sektorearen egoerari buruzko lan-mahai bat sortzeko konpromisoa hartu zuen.