Jon Ormazabal

Bere bidea zabalduz, Altuna eta Martijarena goxatu du Javier Zabalak

Larunbatean baino distira gutxiagorekin, baina beste partida on bat jokatuz, Logroñoko aurrelariak txapelketako laugarren puntua eskuratu du Aspeko bikote batentzat eta laugarren postua ziurtatu die 2022ko txapeldunei.

Gaurkoan ere maila polita erakutsi du Javi Zabalak.
Gaurkoan ere maila polita erakutsi du Javi Zabalak. (Iñigo URIZ/FOKU)

Ez zuen Aspek Binakako honetarako lau aurrelaririk onenen artean aukeratu, baina enpresako eskalafoian bi aurrelaririk onenek –Altuna eta Ezkurdiak– adina puntu eskuratu ditu Javier Zabalak jokatutako lau partidetan, kideei eta baita bere buruari ere mesede galanta eginda. Hiru astez jarraian jokatu du Logroñokoak Jokin Altunaren ordez eta eskuratutako hiru puntuak erabakigarriak izan dira, Peña-Albisuri 22-16 irabazita, 2022ko txapeldunek laugarren postua ziurta dezaten eta Peio Etxeberriaren ordez Zabaletarekin lortutakoak ere berebiziko pisua izan dezake larunbatean nafarrek bigarren postua eskuratzeko Artola-Imazen aurka izango duten borrokan. Baina erakutsitako jokoarekin bere burua aldarrikatzea ere lortu du aurrelari gazteak bere nagusiei orain arte izan ez dituen aukerak frontoian eskatuz.

Beotibarreko mozorroez harago, baldintza berezietan jokatutako partida izan da gaurkoa, bere baita bi lehia baitzituen, Zabala-Martijarentzat helmugarik nagusiena 10. kartoian zutelarik, behin hamar tanto lortuta, laugarren postua eurena izango zelako. Honek perfekzioaren mugan, erritmoa eurek eramatera behartu ditu Peña-Albisu eta gauzak are eta gehiago zaildu dizkie gipuzkoarrei, 2-1 aurreratu badira ere, akats gehitxo pilatu baitituzte gauza onerako. 2-6 atzetik ibili ostean 7-6 aurretik joatera pasa badira ere, Zabala-Martijak nahikoak izan dituzte egindako hiru tanto, Zabalaren bi paretako on bat (1-1), errioxarraren sake-erremate bat (2-6) eta Martijak atzean egindako beste bat lehen helburu hori lortzeko (7-10), gainontzekoak aurkarien akatsetatik heldu baitira.

Erritmoa jartzeko borroka

Larunbatean Labriten bezala, asko bultzatuz, saiatu da errioxarra partidaren erritmoa ezartzen, baina materiala ez zen asteburukoa, Beotibar ere askoz pilotaleku exijenteagoa da eta fisikoki ere gastatuxeago, gehiago kosta zaio Zabalari agintzea –gaur ere Martijak baino 49 pilotakada gehiago jo ditu–, baina 13-16koan pilota txapara bota duen arte ez du hutsik egin –3 egin ditu partida osoan– eta partida sendoa jokatu du. Gainera, bere gabeziarik nagusiena den aireko jokoan ere aurrera pauso nabarmen bat eman du guztira 8 tanto amaituz, azken biak ezin dotoreagoak, bata gantxoz eta txokoan ederki utzitakoa azkena.

Nahi ez arren, partidaren baitako bigarren norgehiagoka horretan intentsitatea ez da bera izan, partida erdira aldera ere hezetasuna sortu da kantxan eta pilotalekuko ateak ireki egin behar izan dituzte, baina partidaren joera antzekoa izan da; Aspekoak markagailuan agintzen eta gorriek, markagailuan tanto batera hurbiltzeko aukera izan duten hiruretan huts nabarmen handiak eginez, azkenerako amore eman duten arte.

 

 

Peña-Albisu: 16

Zabala-Martija: 22

Pilotakadak: 437. Iraupena: 55,34 minutu. Markagailua: 1-0, 1-1, 2-1, 2-6, 7-6, 7-11, 8-11, 8-13, 9-13, 9-15, 12-15, 12-16, 14-16, 14-17, 15-17, 15-18, 16-18, 16-22. Sakeak: 2 Peña III.ak eta 0 Zabalak. Egindakoak: 5 Peña III.ak, 4 Albisuk, 9 Zabalak eta 1 Martijak. Galdutakoak: 5 Peña III.ak, 7 Albisuk, 3 Zabalak eta 2 Martijak. Gorabeherak: Sarrera ona, 900 lagun inguru, Tolosako Beotibar pilotalekuan, lehen sakea gorri.

Egiguren-Eskuza finalerdietara B seriean

Bestalde, gaur Dariok (Egigurenen ordez aritu da) eta Eskuzak lortutako garaipenarekin, 22-11 irabazi diete Alberdi II.a-Lizeagari, eta puntu honekin zuzenean sartu dira B serieko finalerdietarako Agirre-Iztuetarekin batera. Era horretan, iazko txapeldunek, Larrazabal-Eskirozek play offa jokatu beharko dute. Lehen mailako txapelketan ez bezala, bigarren mailako honetan play-offa partida bakarrera jokatuko da. Kanporaketa hau Larraintzarren jokatuko da otsailaren 24an eta bertan, Larrazabal-Eskirozez gain, Zubizarreta-Ugartemendia, De la Fuente-Bikuña eta Exposito-Gaskue egongo dira, baina kanporaketak zeintzuk izango diren jakiteko asteburuko jardunaldira itxaron beharko da.