NAIZ

Abdelkrim Kharbouch gaztearen ustezko hiltzailea, behin-behineko espetxealdian

Azken lau hilabeteetan ihesean zen 29 urteko gizona bere kasa azaldu zen, atzo, Baionako komisaldegian. Epailearen aurrera eraman ondotik Abdelkrim Kharbouchen hilketaren ardura  bere gain hartu zuen. Joan zen urteko urriaren 14an tiroz hil zuten Kharbouch Gurutze Saindu auzoan.

Abdelkrim Kharbouch gaztearen heriotzak Baionako Gurutze Saindu (ZUP) auzoan zirrara handia eragin zuen.
Abdelkrim Kharbouch gaztearen heriotzak Baionako Gurutze Saindu (ZUP) auzoan zirrara handia eragin zuen. (Guillaume FAUVEAU)

Lau hilabeteko ihesaldiari amaiera emanez, 29 urteko gizona bere kasa azaldu zen, atzo, Baionako komisaldegian.

Bertan, bere gain hartu zuen Abdelkrim Kharbouchen hilketaren ardura. Joan den urteko urriaren 14an hil zuten Baionako Gurutze Sainduko auzoan bizi zen gaztea.

Auzitegira eraman ondoren, hilketagatik behin-behineko espetxealdia agindu zuen bere aurka epaileak.

Fiskaltzak ez du, gaur gaurkoz, aparteko informaziorik eman gizona hilketa hori burutzera bultzatu zuten arrazoiei buruz.

Oroitzearren, Baionako auzo horretan Zuper Fete izeneko besta ospatzen ari zirelarik, urriaren 14an, motor batean zihoan pertsona batek bertan bizi zen Abdelkrim Kharbouch gaztearengana hurbildu eta tiro egin zion.

Arratsaldeko 17.00ak aldera gertatu zen auzoan hunkidura handia eragin zuen erasoa.

27 urteko gaztearen gorpua kalean atzeman zuen handik gutxira auzora bertaratu zen Poliziak. Lau tiro zituen bere gorputzean.

Beste pertsona bi espetxean daude

Lehenengo atxiloketa aski fite heldu zen. Hala hilketa gertatu eta egun gutxira, zehazki urriaren 19an, 20 urteko gazte bat behin-behineko espetxealdian sartu zuten.

Bestalde, 48 urteko gizonezko bat behin-behineko espetxean sartu zuten, joan zen hilabetean Kharbouchen heriotzarekin zerikusia zuelakoan.

Atxiloketa horiek gertatu zirelarik, Fiskaltzak agerian jarri zuen, lehen unetik, hildakoa tirokatu zuen pertsonaren xeka zebilela oraindik ere Polizia.

Ihesaldiari amaiera emanez, erran bezala, 29 urteko pertsona bat Baionako komisaldegira bertaratu zen atzo.

Jerome Bourrier prokuradoreak France Bleu Euskal Herri irratiari baieztatu dionez, Abdelkrim Kharbouch gaztea hil zuela aitortu ondoren, auzitegira eraman eta epaileak behin-behineko espetxealdia agindu zuen 29 urteko pertsona horren kontra.