NAIZ

Bi gizon atxilotu dituzte Galdakaon, sei adingabekori sexu erasoak egitea egotzita

Oparien truke adingabekoak sexu-harremanak izatera behartzen zituzten bi gizon atxilotu dituzte Galdakaon, sei adingaberi eginiko sexu-erasoak eta intimitatearen aurkako delituak egotzita. Oraindik zabalik dago ikerketa. Biak aske daude.

Adingabekoen aurkako abusuak gaitzesteko elkarretaratze bat, Bilbon, artxiboko irudian.
Adingabekoen aurkako abusuak gaitzesteko elkarretaratze bat, Bilbon, artxiboko irudian. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

37 eta 21 urteko bi gizon atxilotu dituzte Galdakaon sexu-erasoak eta intimitatearen aurkako delituak egotzita. Sei adingaberi opariak eskaintzen zizkieten sexu-harremanak izatearen truke, Lakuako Segurtasun sailak jakinarazi duenez.

Ertzaintzaren Ikerketa Kriminaleko eta Polizia Judizialeko Burutzako Pertsonen aurkako Delituen alorretik hasitako polizia ikerketen ondorio dira atxiloketa hauek, gutxienez bi helduren sexu-erasoen biktima izan daitezkeela jakin ondoren, batez ere Galdakaoko barrutian. Antza denez, gertakariak 2023ko otsailean hasi ziren erregistratzen.

Egindako ikerketen arabera, biktimek, guztiak adingabeak, sexu-harremanak izan zituzten bi gizon horiekin, eta, horregatik, hainbat opari jaso zituzten.

Gainera, zenbait kasutan, biktimak ustez behartuak izan ziren bi inplikatuen arteko edo haiek beste adingabe batzuekin izandako sexu-harremanak ikustera, eta sexu-harreman horiek ere grabatzen zituzten.

Horrela, joan den azaroan horietako bat atxilotu zuten, Galdakaon bizi zena, eta asteazken goiz honetan bigarrena atxilotu dute, Bizkaiko udalerri berean, adingabeei sexu-erasoak eta intimitatearen aurkako delituak egitea egotzita.

Biak aske

Lehen atxilotua Bilboko Instrukzioko 10 zenbakiko Epaitegiaren esku utzi zuten, eta han agindu judiziala eman zuten aske utzi eta biktimengandik urruntzeko. Bigarren atxilotua ostegun honetan geratu da aske, kontrol judizialpean.

Polizia-ikerketak zabalik jarraitzen du, eta atxilotuei konfiskatutako material informatikoa eta gailu elektronikoak aztertzen ari dira. Gainera, Ertzaintzak biktima gehiago egon daitezkeela pentsatzen du.

Tolosan atxilotutako bi gizonak aske

Astearte goizaldean Tolosan atxilotutako gizona aske geratu da Tolosako epaitegiko aginduaren ostean. 37 urteko gizona kalean adingabeko bati sexu eraso bat egitea egotzita atxilotu zuten goizaldean bertan.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Justizia Auzitegi Nagusiak jakitera eman duenez, atxilotua Tolosako Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko 4 zenbakiko Epaitegiaren esku utzi dute asteazken honetan. Epaitegiak fidantzarik eta kautelazko neurririk gabeko behin-behineko askatasuna erabaki du.

Biktimak gertatutakoaren berri eman zien ustezko egilea atxilotu zuten ertzainei, eta gizonezkoak aurrekariak dituela jakinarazi du Efe agentziak.

Tolosako inauterietan, Ertzaintzak beste gizon bat atxilotu zuen igandean, 28 urteko gazte bat, bi emakumeri sexu-erasoa egitea egotzita. Gizon hori astelehenean eraman zuten epailearen aurrera, eta hura ere aske utzi zuten.

Tolosaldean izandako erasoak salatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo ehunka herritarrek. Bestalde, Azpeitian egindako bortxaketa kasua dela-eta atxilotutako gizonak espetxean jarraitzen du, gaur-gaurkoz. Azpeitian ere hau salatzeko elkarretaratzea egin zuten herritarrek, eta inauteriak bertan behera utzi zituen Udalak.