Parisko kaleetan barrena ez da sumatzen bakarrik esperantza eta ilusioa, anbizioa ere bai: zaleek Reala gai ikusten dute PSG bezalako aurkari bat azpiratzeko. Hori da realzaleek adierazi diotena NAIZ Irratiari Eiffel dorre inguruan: ez dira etorri bakarrik ondo pasatzera, lehiatzera ere bai.
Aitor, Patxi, Leire, Haritz, Joxean, Josu, Juanjo, Mikel, Unai… 2.000 zale inguru etorri dira Parisera haien taldea hauspotzera, eta ez nolanahiko zelai batean: Printzeen Parkean, hain zuzen ere. Kanpotik, behintzat, lehen begi-kolpean ez da kikiltzen zaituen horietakoa; ez, behintzat, orain dela hamar urte Old Traffordek beldurtu gintuen bezala. Barruan, ordea, argi dago beste kontu bat izango dela. Partida jokatu bezperan estadio inguruan NAIZ Irratiak ez zuen realzalerik topatu.
Bai, aldiz, Eiffel dorre inguruan. Realzaleak Euskal Herriko txoko guztietatik etorri dira, baina bereziki Gipuzkoatik: Zarautz, Azkoitia, Berastegi, Donostia, Orio, Lezo… Bada bat Argentinatik etorri dena, Ivan Paredes bere semearekin batera iritsi da Frantziako hiriburura: «26 orduko bidaia egin dugu, eta gero, aprobetxatuta hemen gaudela, Donostiara joango gara». Aita donostiarra da eta semea argentinarra. «Orain dela 20 urte Argentinara etorri nintzela».
Argentinatik ez ezik, Puerto Ricotik etorri den zale bat ere aurkitu dugu. Donostiarra da eta irlatik zuzenean Parisera etorri da bere gurasoekin batera partidaz gozatzera.
Partida hasi baino ordu batzuk lehenago, realzale aunitz bildu dira zale txuri-urdinentzako egokitu den gunean, ‘meeting point’ delakoan. Bertan izan da NAIZ Irratia eta kantuan eta festa gogoz aurkitu dituzte Reala animatzera joandakoak.
Pixkanaka gehiago gara@NAIZirratia @naiz_kirolak pic.twitter.com/H6WL4bc6Dx
— Zuriñe Iglesias Sarasola (@zuriglesias) February 14, 2024
Trenean, hegazkinean eta autokaranaban
Trenean eta hegazkinean etorri dira gehientxuenak, baina autokarabanan etorri direnak ere badira. Orioko familia batek autokarabanaz egin du bidaia, eta Parisera iritsi aurretik, EuroDisneyen pasatu dute egun bat. Semea pozik agertu da Mickey Mousse ikusi duela eta.
Orain dela 10 urte Reala azkenekoz sartu zen Txapeldunen Ligara, eta bertan ez zuen lortu multzoen fasetik igarotzea. Orain, aldiz, gauza bat aldatu da realzaleen artean: orduan bertan egotea jada sari potoloa zen, eta gaur, ordea, zaleak ez dira konformatzen, eta gehiago nahi dute. Anbizioa handia da realzaleen artean, eta esperantza ez ezik, sinetsita daude taldeak aukerak dituela PSG ahalguztiduna Txapeldunen Ligako final-zortzirenetan kaleratzeko. Eta hori ez da gutxi.
Roberto Olabe, Imanol Alguacil eta Mikel Oiartzabal dira oraingo Realaren ikurrak, eta horren erantzule nagusiak, beste jokalari askoren artean: Igor Zubeldia, Mikel Merino, eta Martin Zubimendi, kasurako.
Realzale baikorrenek taldea irabazteko gai ikusten dute, 0-1 eta 0-2 dira bota dituzten emaitzak. Badira beste batzuk, agian errealistagoak direnak, eta berdinketa bat ontzat ematen dutenak, Anoetako itzulerako partidan kanporaketa hausteko. Gazteenak dira bihotzari gehien jarraitzen diotenak; helduenak, aldiz, buruari.
«Gutxienez berdinketa bat atera behar dugu. 1-1 edota 0-1, eutsiko diogu!», dio Ivan Paredesek, golegilea Take Kubo izango denaren itxaropenarekin. Zaleen artean, japoniarraren izena izan da entzunena, astean kontratua berritu duela probestuta. Brais, Zubimendi, Oyarzabal (jokatuko balu), Barrenetxea edo Merinoren gola ospatzen ere ikusten dituzte beraien buruak.
Denon artean bildutako adierazpenekin gauza bat argi geratu da: realzaleeak ez daudela Parisen bakarrik ondo pasatzeko, lehiatzeko ere bai.