NAIZ

Ainhoa Ozaeta andoaindarra aske geratu da 16 urteko espetxealdiaren ondoren

Ainhoa Ozaeta euskal presoa aske geratu da ostegun honetan, 16 urteko espetxealdiaren ostean. Reau-ko espetxean zegoen, etxetik 1.000 kilometrora, Euskal Herritik gertu emakumezkoen espetxerik ez dagoelako.

Ainhoa Ozaeta, aske, Andoainen.
Ainhoa Ozaeta, aske, Andoainen. (NAIZ)

Ainhoa Ozaeta andoaindarra aske geratu da ostegun honetan. Azken hamasei urteak frantziar Estatuko espetxeetan igaro ditu Ozaetak, 2008an Bordelen atxilotua izan ostean.

2014an izan zen epaitua, Igor Suberbiola eta Jon Salaberriarekin batera, eta 20 urteko espetxe zigorra ezarri zioten ETAko kide izatea leporatua, «zuzendaritza mailan». Aipatu hiru lagunekin batera 2008. urtean Xabier Lopez Peña atxilotu zuten, Ozaetaren bikote zena eta 2013an zendu zena.

Epaiketa hartan Ozaetak egun batzuk lehenago Gure Eskuk antolatutako giza-katea izan zuen mintzagai, «Euskal Herria bizirik» zegoela nabarmenduz eta «berandu baino lehen Euskal Herria aske izanen dela» adieraziz.

Andoaindarra Gipuzkoako udalerriko alkateordea izan zen Euskal Herritarrok-en 1999tik 2003ra bitartean. Bere izena Baltasar Garzonek AEK-ren aurka irekitako sumarioan sartu zuen bere izena eta Batasuneko mahaiko kidea ere izan zen.

Urrunketa eta dispertsio politika amaituta dagoen honetan, Ozaetaren egoeraren anomaliak bere horretan jarraitzen zuen. Reau-ko espetxean zegoen, Euskal Herritik ia 1.000 kilometrora, neurri batean Euskal Herritik gertu emakumezkoen espetxerik ez dagoelako.