NAIZ

Lan ikuskaritzak Petronorri 16.000 euroko isuna ipini diola jakinarazi du ELAk

ELA sindikatuak ohar baten bitartez jakinarazi duenez, Lan Ikuskaritzak 16.000 euroko isuna jarri dio Petronorri bere ebazpen bat ez betetzeagatik. Sindikatuak enpresak lan baldintzak «prekarizatzea erabaki duela» salatu du, baina Lan Ikuskaritzaren «eraginkortasun eza» ere.

Petronorreko instalazioak, Muskizen.
Petronorreko instalazioak, Muskizen. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

ELAk jarritako salaketa baten ondorioz, Lan Ikuskaritzaren ebazpen bat ez betetzeagatik 16.000 euroko isuna jarri dio diote Petronor enpresari, sindikatuak jakinarazi duenez.

2023ko ekainean, ELAko atal sindikalak salaketa bat aurkeztu zuen Lan Ikuskaritzan, Petronor behin-behineko kontratazioan «iruzurra» egiten ari zela iritzita. Zehazki, Lan Ikuskaritzari eskatu zitzaion 17 pertsonaren kontratua mugagabe bihurtzeko, ekoizpen gorabeherengatik.

Abenduaren 7an Lan Ikuskaritzak egindako txostenean jakinarazi zuenez, «ikertutako enpresari errekeritu zaio 2024-01-18an Lan eta Gizarte Segurantzako ikuskatzaileorde sinatzailearen aurrean egiazta dezan lehen aipatutako ekoizpen gorabeherengatiko kontratuak mugagabe arrunt bihurtzea».

Baina, ELAk jakinarazi berri duenez, Petronorrek ez du bete Lan Ikuskaritzaren eskaera, eta Ikuskaritzak arau haustearen akta egin du. Akta horretan 16.000 euroko isuna jarri dio bere errekerimendua ez betetzeagatik.

«Petronorrek lan baldintzak prekarizatzea erabaki du, kontratatutako azken langileak ezegonkor baitaude, nahiz eta beharrezkoak izan findegiak baldintza seguruetan funtziona dezan. Bestalde, kontratazioaren prekarizazio horrek zein absentziak eta lizentziak ez betetzeak arriskuan jartzen du Petronorreko langileen bizitza, batzuetan lanaldi luzeak egin behar izaten baitituzte», salatu du sindikatuak.

Era berean, Lan Ikuskaritzaren «eraginkortasun eza» salatu nahi du ELAk: «7 hilabete baino gehiago behar izan ditu kontratazio iruzur salaketa bat ebazteko, zehapen bat ezarriz, 16.000 euroko isunarekin. Azken urtean mozkinen bigarren emaitza historikoa lortu duen enpresa bati (348,9 milioi euro) oso errentagarria zaio legea haustea, berandu eta gaizki erantzuten duen erakunde baten aurrean».