NAIZ

1.400 lagun baino gehiago Saski Baskoniaren ate irekien eguneko entrenamendua ikusten

Kopatik kanpo dagoela eta datorren astean bost jokalarik beren selekzioaekin joan beharko dutenez, zaleen aurrean entrenamendua egin du Saski Baskoniak. Zaleekin argazkiak, zapatilak eta jokalarien sinadurak ere jaso dituzte giro ederrean.

Saski Baskoniako jokalariek aldarte lasaian entrenatu dute, 1.400 lagun baino gehiago begira zirela.
Saski Baskoniako jokalariek aldarte lasaian entrenatu dute, 1.400 lagun baino gehiago begira zirela. (@SASKI BASKONIA)

Tamalez, jakina da Saski Baskonia ez dagoela Kopa jokatzen Malagan, baina horrek badu bere alde ona: elkarrekin lan egin eta entrenatzeko denbora dauka Dusko Ivanovicen taldeak. Lan egun hauek baliatuta, ate irekien eguna antolatu du Saski Baskoniak Buesa Arenan; hau da, zaleek taldearen entrenamentua ikusteko aukera izan dute eta 1.400 lagun baino gehiago bildu dira Zurbaon.

Esan gabe doa entrenamendua oso giro lasaian burutu dela. Azken baten, zaleentzat pentsaturiko ekimena izanik, beste egun batzuetako lan gogorra albo batera utzi ahal izan dute jokalariek tarte batez. Kantxa osoan sistema ezberdinak probatuz aritu badira ere, ohikoa izango zatekeen intentsitatea baino askoz erlaxatuago aritu dira lanean bai Dusko Ivanovic eta baita bere jokalariak ere. Txalorik eta animorik ez zaie falta izan, bederen.

Esan gabe doa zaleek entrenamendua ikustera joateagatik saria ere izan dutela. Esaterako, Dani Diez eta beste zenbait jokalarik zapatilak banatu dituzte, eta horrez gain, jokalariekin denbora tarte apur bat hartu ahal izan dute entrenamenduaren ostean. Jokalariekin berriketan aritu eta animoak emateaz gain, beraiekin argazkiak atera –halako lanetan ez dago Chima Moneke bezalakorik–, hauek sinaturiko klubaren argazki ofizialak jaso dituzte, edo baloiak, edota kamisetetan jokalari gogokoenen sinadura ere, goiz giro ederra osatuz.

Astelehenetik aurrera, datorren astean bost jokalari gutxiago izango ditu Saski Baskoniak: Kotsar, Raieste, Miller-McIntyre, Marinkovic eta Rogkavopoulos, guztiek ere beren selekzioekin «FIBAren Lehioetan» aritu beharko baitute. Baina bitartean, lana eta zaleekin hurbiltasuna, denetarik jorratu ahal izan dute Saski Baskoniako kideek.