Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ

Bera Berak irribarrea berreskuratu du etxetik kanpo, euskal derbia irabazita (20-29)

Bera Bera 20-29 gailendu zaio Beti Onak taldeari, Atarrabian. Azaroaren hasieratik donostiarrek ez zutela etxetik kanpo irabazten. Etxekoek eutsi zuten lehen zatian baina Bera Berak ihes egin zuen bigarrengoan. Garaipen honekin, sailkapenean Malagarekin puntuz berdintzen du talde gipuzkoarrak.

Bera Berako Malena Cavo eta Maitane Etxeberria defentsan, Beti Onakeko Almudena Gutierrezekin adi.
Bera Berako Malena Cavo eta Maitane Etxeberria defentsan, Beti Onakeko Almudena Gutierrezekin adi. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

Atarrabian jokaturiko euskal derbiko amaierako markagailuak engainurako tartea uzten du, hein handi batean. Argi dago Bera Bera urrats asko gorago dagoela Beti Onak baino, agerikoa den moduan aurten donostiarrei apur bat gehiago kostatzen zaiela partidak aurrera ateratzea. Larunbat honetan, nagusi izan ziren Hermanos Indurain pabiloian baina etxeko taldeak lan oso duina egin zuen, eta emaitza, bere horretan interpretatuta, ez da horren islada.

Lehen zati oso estua jokatu dute, bi atezainak –Olaia Luzuriaga etxekoen atean eta Maddi Aalla, donostiarrenean– protagonista izan direla. Hain zuzen ere, atezain iruindarra handi egin da bere taldeari airea emateko, Bera Bera bezalako arerio bati aurrez aurre begiratu ahal izateko. Berarengatik izan ez balitz, lehen zatiko aldea askoz handiagoa izan zitekeen. Merituzko sei gelditu egin ditu lehen zatian –Karsten eta Cavori eginikoak, ikusgarriak– eta bere izena goraipatzen hasi ziren harmailan bildu den jende andana. «Olaia, Olaia, Olaia...» oihuak nagusitu dira 10. minutuaren bueltan, markagailua 2-4koa zenean. Pentsa, hor donostiarrek eskapatu balute, dema istoriorik gabe uzteko arriskua egon zitekeen. Beraz, eutsi dute etxekoek, nahiz eta tarteka, beraiek ere, Maddi Aallarekin topatzen ziren. Nerea Canasen bi golek –etxekoen golegile nagusia izan da 5 golekin– indarra eman diot, markagailuan hurbildu (8-10, 21. minutuan) eta lehen zatiaren azken txanpan itxaropen zantzuak berpizteko.

Cavok, Gavilanek eta Arroyok gol bana eginda, abantaila politarekin joan da atsedenaldira Imanol Alvarezen taldea. Partida hasieratik erritmo altua jarri dute eta lehendabiziko minutuetan lorturiko aldea (1-3, 3. minutuan) giltzarria izan da partida bideratzeko, korrontearen aurka igeri ez egiteko, azken norgehiagoketan gertatu legez.

Donostiarren ihesaldia

Bigarren zatia Elke Karstenen beste gol batekin hasi bada ere, kosta zaie berriro atea ikustea, Luzuriagaren lan ona dela-eta. Hala, Beti Onakek ondo baliatu du defentsako lana eta Brasil Pereiraren bi golekin, apur bat estutu dute markagailua (11-14, 34. minutuan), partidan bizirik jarraitzeko itxaropen urriei gogor helduta. Miguel Hernandezen taldea, gainera, une gozoan iristen zen derbi honetara, azken bi partidak irabazita eta zortzigarren postuko borrokara berriro ere engantxatuta.

Bera Berak, baina, ez du inoiz begirik kendu partidatik eta horri esker, erritmoa altuan jokatzea lortu du. Erritmo altu hori gehiegizkoa izan da Atarrabiakoentzat, bai behintzat 40. minututik aurrera. Donostiarrak freskoago iritsi dira minutu horietara.

Etxeberria, Erauskin, Blanco, Karsten, Tchaptchet eta Arroyoren golekin eta defentsaren lan onaren ondorioz, tartean Aalla handi egin dela –azkenerako, jaurtiketen %40 gelditu zituela adierazi zuen estatistikak–, 1-6ko partziala ezarri du Bera Berak (12-22), garaipena oso maldan behera jarrita. Azken txanpan, kolpeak elkartrukatu dituzte, 20-29 markagailuarekin partida itxi eta Bera Berak, hiru hilabeteren ostean, etxetik kanpo irribarre egin eta Malagarekin, ligako liderrarekin, puntuz berdintzeko.

Fitxa teknikoa:

Replasa Beti Onak: Luzuriaga; Urbitarte (1), Gutierrez, Mallo (1), A. Garcia (1), Sans, Costa (3). Encinas (o.a.), Hernandez (2), Zamora (3), Brasil Pereira (3), Fernandez-Agusti, P. Garcia (1), Lovera, Canas (5).

Super Amara Bera Bera: Aalla; Arrojeria (4), Etxeberria (1), Arroyo (3), Tchaptchet (6), Blanco (2), Karsten (3). Silva (o.a.), Cavo (3), Gavilan (3), Fernandes (2), Erauskin (2), Hernandez, Menendez.

Epaileak: Pinilla Iglesias eta Deiros Borras. Etxeko jokalari Fernandez-Agusti eta kanpoko Karsten eta Erauskin kanporatu zituzten.

Markagailua: 2-3, 3-5, 5-7, 6-9, 9-11, 9-13; 11-14, 12-17, 12-20, 13-23, 17-26, 20-29.