NAIZ

Donostiako Alde Zaharreko bizilagunak: «Segurtasunak interes pribatuen aurretik egon behar du»

Donostiako Alde Zaharrean gertatutako suteekin kezkatuta, Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak erantzunak eskatu dizkio Eneko Goia alkateari eta «segurtasunak interes pribatuen aurretik» egon behar duela aldarrikatu du. EH Bildu Donostiak ere urgentziazko agerraldia eskatu dio Goiari.

Fermin Kalbeton kaleko Zumeltzegi jatetxean pasa den astean izandako sutea.
Fermin Kalbeton kaleko Zumeltzegi jatetxean pasa den astean izandako sutea. (Donostiako suhiltzaileak)

Donostiako Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak joan den astelehenean Fermin Kalbeton kaleko Zumeltzegi jatetxe-tabernan izandako sutearen ondoren, «herritarren segurtasuna interes pribatuaren gainetik» dagoela aldarrikatu du. Eta gaineratu du Eneko Goia Donostiako alkateak gezurra esaten duela ikuskapenak badaudela ziurtatzen duenean: «Ikuskapenak, egitekotan, salaketaren bat dagoenean egiten dituzte».

Ohar batean, Parte Zaharrean Bizik gogorarazi du Donostiako auzo horretako eraikin askok egurrezko egiturak dituztela, eta horien azpian ostalaritzako 200 establezimendu daudela, «sukaldeak, erauzgailuak, aireztapen aparatuak, musika eta telebista ekipoak, frijigailuak, ontzi garbigailuak eta abar dituztenak», zehaztu du.

Auzo elkarteak datu horiei gehitu dio 60 lokal ere badaudela, aspaldi bertako merkatariak izan zirenenak, baina egun, itxita daudenak. «Horietako gehienek ez dute lizentziarik, ez kontrolik, eta Udalak inoiz ez du ikuskapenik egin».

Bestalde, Donostiako alkateari «egia ez esatea» egotzi dio ostalaritzako establezimenduei ikuskapenak egiten zaizkiela baieztatzen duenean. «Udalak programatuta dituen ikuskapen protokoloak publiko egiteko eskatzen dizugu, zein den balantzea eta zenbat espediente ireki diren», adierazi dute elkartetik.

Bizilagunak, erantzun eske

Testuinguru horretan, elkarteak ohartarazi du udal Gobernuak ezin dituela begiak itxi, legezko betebeharra duela hirigintza, ikuskatze eta kontrol eskumenak egikaritzeko baxu horietan garatzen diren jardueretan.

Azpimarratu du, halaber, «herritarren eta sektoreko langileen segurtasuna bermatu» behar dela, baita «erantzun argiak behar dituzten galderak egin behar direla ere, antzeko gertakarietan arrisku guztiak murrizteko zer egin jakiteko». «Ikerketak tramitekoak ez izatea eta ondorioak publikoak izatea nahi dugu», adierazi du.

EH Bilduk, bere aldetik, Goiari urgentziazko agerraldia eskatu dio: «Zer balorazio egiten duen alkateak azken urtebetean Parte Zaharreko ostalaritza establezimenduetan izandako suteen inguruan, zenbat ikuskapen egin diren azken urtebetean, zenbat zehapen espediente ireki diren ikuskapen horietan eta zer ikuskapen protokolo duen programatuta udal Gobernuak argitzeko».