NAIZ

Iruñeko euskalgintzak auzo guztietako haur eskoletan euskarazko murgiltze eredua aldarrikatu du

Hiriko auzo guztietako haur eskoletan euskarazko murgiltze eredua izatea du helburu Iruñeko euskalgintzak. Horretarako, hainbat alderdirekin bildu dira, eta udaberrian zenbait mobilizazio izango direla aurreratu dute.

Iruñeko euskalgintzaren agerraldia haur eskolak euskaraz aldarrikatzeko.
Iruñeko euskalgintzaren agerraldia haur eskolak euskaraz aldarrikatzeko. (Iñigo Uriz | FOKU)

«Gure eskaria argia izan da: Iruñeko auzo guztietan euskarazko murgiltze eredua», hori izan da Iruñeko euskalgintzak asteazken honetan egindako agerraldian egindako aldarrikapena. Kontatu dute orain dela 35 urte bezala, haur eskola euskaldun bakarrarekin jarraitzen dutela, eta aldatzearen beharra dagoela. Horretarako, udaberriarekin batera mobilizazioak egingo dituztela aurreratu dute.

«Egoera diglosikoan bizi diren herrialdeetan, berebiziko garrantzia du  murgiltzeko irakaskuntza-sistemak: hizkuntza nagusia gizarteko esparru guztietan zabalduena izanik, eskolak lehentasunezko lekua ematen dio hizkuntza gutxituari», argudiatu dute. Eta gogoratu dute ikerketek erakutsi dutela hizkuntza gutxituan murgilduta egoteak ikasleen elebitasuna edo eleaniztasuna bermatzen duela.

Euskararen ezagutza unibertsalizatuko duen hezkuntza sisteman sinesten dutela gehitu dute, eta alde legeak egiten diren lekuetan hazkundea nabaria izan dela.

Alderdiekin bilkurak

Euskarazko haur eskolen gaiaz mintzatzeko azken hilabeteotan Iruñeko Udaleko alderdi politiko batzuekin bildu direla azaldu dute; EH Bildu, PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa alderdiekin mintzatu dira hain zuzen ere, eta une horretan oposizioan zeudela zehaztu dute.

Eskaintza zabaltzen hasteko hiru auzo proposatu zizkieten: Mendillorri, Arrosadia eta Donibane. Haur eskola gehiagoren beharra ere azaldu zietela kontatu dute, «iaz eskaeren %80a plazarik gabe geratu baitzen».

Azaldu dute «jarrera irekia» izan zutela aipaturiko alderdi politikoek, «baina orain Gobernuan daudela hurrengo ikasturtean aldaketarik egongo ez dela adierazi dute», gaineratu dute ondoren. «Guretzat ez dira berri onak izan. Hala ere, Asironek ondokoa esan du: ‘Legealdirako helburua izango da Iruñeko edozein auzotan haurrak euskaraz ikasteko aukera edukitzea’. Adierazpenok itxaropena ekartzen dute, baina estu jarraituko ditugu mugimenduak».

Horretarako, udaberrian mobilizazioak deituko dituztela aurreratu dute, eta euskaltzale guztiei parte hartzeko dei egin diete.