NAIZ

Lakuako Gobernuak sektore publikoa euskalduntzeko dekretua onartu du

«Herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko eta euskararen erabileran sakontzeko» helburuarekin sektore publikoa euskalduntzako dekretu berria onartu berri du Lakuak. Euskalgintzaren Kontseiluak dekretu honekiko desadostasuna adierazi zuen.

Erasoaldi judizialaren aurka Kontseiluak Bilbon egindako manifestazio jendetsua, azaroan.
Erasoaldi judizialaren aurka Kontseiluak Bilbon egindako manifestazio jendetsua, azaroan. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Lakuako Gobernuak Euskal Sektore Publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Dekretu berria onartu du ostegun honetako Gobernu Batzordearen bileran. Dekretu berriak 1997ko dekretua ordezkatuko du «hizkuntza normalizazioaren irizpideak garai berrietara egokituz eta euskal sektore publiko osoaren koordinazioa bermatuz».

Dekretu berriaren helburu nagusia da «herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzea eta euskararen erabileran sakontzea neurri malgu, progresibo eta egingarrien bidez», ohar batean adierazi duenez.

Aste honetan bertan Euskalgintzaren Kontseiluak ohartarazi du dekretu hau ez dela «egungo abagunea eta erronkak kontuan hartuta jauzi sendoa bultzatuko duen dekretua». Bere iritziz, hainbat kasutan, gainera, «agerikoa da oldarraldi judizialak dekretu honen garapena modu nabarmenean baldintzatu duela. Anbizioz jokatu eta oldarraldi judizialak ezarritako mugak gainditu beharrean, epaitegiek ezarritako murrizketak islatu dira».

Dekretuak 140.000 langile baino gehiagori eragingo die, ez bakarrik EAEko administrazio publiko guztietako langileei, baita sozietate, enpresa publiko, partzuergo eta fundazioetakoei ere, baita sektore publikoak kontratatutako enpresa pribatuetakoei ere.

Hiru profil mota ezartzen ditu: simetrikoa, gaitasun berberak eskatzen dituena bi alderdietan (ahoz eta idatziz), gaur egun egiten den bezala; asimetrikoa, bata bestea baino beharrezkoagoa den egoeretarako, jendearen arretarako postuetan bezala, eta partziala, horietako bat beharko ez duena eta, batez ere, desgaitasun fisikoa edo sentsoriala duten pertsonei zuzenduta dagoena.

Araudiak atea irekitzen die entitateei euskara derrigorrezkotzat duten lanpostuetarako hautaprobetan azterketak edo horietako batzuk euskaraz egitea erabakitzeko.

Etorkizunean helegiteak saihesteko, dekretua bat dator espainiar Konstituzio Auzitegiak eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak euskararen lehentasunezko erabilerari dagokionez Udal Legearen garapenaren zati bat baliogabetzen zuten epaiekin.