NAIZ

Lidertza bistatik ez galtzeko garaipen erosoegia lortu du Bera Berak Xixonen aurka (37-21)

Nahiz eta hasierako minutuetan 3-3 joan markagailuan, donostiarrek 7-1ko partzial bat sinatu dute hamar minutuetan atsedenaldira 17-10 joateko eta ondoren lasaitasunez jokatu dute beste garaipen bat lortzeko.

Maitane Etxeberriak hirutik hiru penalti sartu ditu Elxen aurka.
Maitane Etxeberriak hirutik hiru penalti sartu ditu Elxen aurka. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Duela bi jardunaldi Elxen aurka berdindu eta lidergoa galdu ostean, Super Amara Bera Berak Beti Onaken aurka irabaztea lortu zuen eta larunbat honetan beste garaipen bat behar zuen lidertza bistatik ez galtzeko (edo behintzat gehiago alde ez egiteko), eta ahal bazen "erraz" morala igotzeko. Bada lortu egin du salbazioa helburu duen Xixonen aurka (37-21). Elxek ere irabazi du bere neurketa, Valladoliden aurka (27-32), eta lider jarraituko du 31 punturekin; Bera Berak baino bat gehiagorekin, alegia.

Neurketa oso pareko hasi da. Kanpoko taldeak atezaina izan du protagonistetako bat hasierako minutuetan, zenbait geldiketa garrantzitsu egin baititu. Hala, asturiarrak lehen hamar minutuak bete baino lehen, 3-3 berdinduta iristea lortu dute. Baina hortxe amaitu da kanpokoen ametsa.

Donostiarrek 7-1eko partzial bat sinatu dute hurrengo hamar minutuetan eta nabarmen alde egin dute markagailuan (10-4). Gainera, Maddi Aallak penalti bat gelditu dio Xixoneko jokalari bati, kanpokoen energia eta esperantzak are eta gehiago murriztuz.

Imanol Alvarezen taldeak ez du inolako arazorik izan atsedenaldira zazpi goleko errentarekin iristeko (17-10).

Bigarren zatian gauzak ez dira asko aldatu. Etxekoek segituan hartu dute iniziatiba eta 4-0eko partzial bat sinatu dute hasteko. Bera Berak garaipena eskuetan zuen eta partida beste helburu batzuk praktikatzeko balio izan du.

Adibidez, Maitane Etxeberriak penalti bat jaurti du. Entrenamenduetan ari da jaurtiketa hau egiten, eta gaurkoan ondo atera zaio, gola egin baitu 24-13koa egiteko –ondoren beste bi jaurti ditu, eta sartu ere, 29-17a eta 31-19a jartzeko–.

Beste jokaldi batean, datorren denboraldian Bera Beran jarraituko ez duen Mariane Fernandesek zutoinean jo du baloia fly batean. Arraroa bada ere, brasildarra golik gabe zihoan momentu horretan partidan. Baina ez da oso berandu iritsi, 27-15ekoan sartu baitu bere lehen gola.

Bera Berak defentsa sendotu egin du eta ez du arazorik izan hortik amaiera arte Ligako 13. garaipena lortzeko.

PARTIDAKO FITXA:

37 - Super Amara Bera Bera: Aalla, Fernandes (1), Arrojeria (6), Fernandes (4), Alba Menendez, Laura Hernandez (2), Cavo (1), Maitane Etxeberria (5), Karsten (4), Tchaptchet (2), Loidi (1), Erauskin (4), Gavilan (2) eta Arroyo (5).

21 - Xixon: Raquel Alvarez, Valdivia (3), Maria Gonzalez (1), Marta Da Silva (3), Lucia Laguna (2), Pereira (1), Lucia Mendez (1), De Andres (1), Rojas (6) eta Margit (3).

Partzialak bost minuturo: 2-2, 5-3, 9-4, 11-5, 14-8, 17-10 (atsedenaldia); 20-10, 23-13, 25-15, 27-16, 30-19, 37-21 (amaiera).

Epaileak: Beatriz eta Patricia del Valle Encuentra. Bi minutu kaleratu dituzte Bera Berako Maitane Etxeberria, Erauskin, Gavilan (2) eta Arroyo (2); eta Xixoneko Da Silva, De Andres eta Rojas.

Gertakariak: Ohorezko Mailako 19. jardunaldiko partida Donostiako Gaskan jokatu da. Partida hasi baino lehen, minutu bateko isilunea bete da Valentziako sutean hildako pertsonengatik.