Jon Ormazabal

Sufritzen ere ikasi duela berretsi du Imanol Ansak txapela defendatuta (30-19)

Masterseko finalaren lehen erdian Azpirozek oso estu hartu du sakean babestu den Urnietako txapelduna eta 12-16 ere aurreratu da uitziarra, baina epailearen oker batekin kontzentrazioa galdu eta behera etorri da aurkariaren mende ibiliz.

Imanol Ansa garaipena ospatzen, alboan Azpiroz duela.
Imanol Ansa garaipena ospatzen, alboan Azpiroz duela. (Maialen ANDRES/ORIAMENDI)

Heltzea baino zailagoa izaten da maiz mantentzea eta Imanol Ansak egugugo buruz buruko erreferentzia nagusiena dela berretsi du gaur Galarretan, Azpirozi gailenduta, Mastersaren txapelari eutsita. Lehiaketa honetan bertan eman zuen iaz aurrelari urnietarrak hainbeste bilatutako saltoa Barrenetxeari irabazita bere lehen txapela jantzita eta aurten ere bere ibilbidean aurrera pauso bat eman du, sufritzen ere badakiela erakutsiz, lanak eman dizkion Azpiroz on bat gaindituta.

Izan ere, azken emaitzari bakarrik erreparatuta, gipuzkoarrak garaipen eroso xamarra lortu duela esan dezake finala ikusi ez duen norbaitek, baina uitziarrak, batez ere finalaren lehen erdian, oso estu hartu du egungo buruz buruko txapelduna, 16-12 aurreratzeraino. Krudela da oso, ordea, buruz burukoa erremontean, despisterik onartzen ez duen modalitate horietakoa, eta atzelari nafarrak garesti ordaindu du une batez partidatik irten eta Ansa bezalako erremontari bati haizea ematea.

Partidako lehen atsedenaldira finala nahi zuen lekuan zuela heldu da Azpiroz. Markagailuak erakusten aldeaz harago, piloteoan gehiago zenaren sentsazioarekin eta partidari eusteko Ansa sakean babestera behartuta. Aurkaria kantxan mugiaraztearen ideiarekin irten da Imanol Ansa kantxara, baina ez du pilota nahi bezala gurutzatu eta tantoa luzatu den bakoitzean urdin izaten zen.

Binakako finalean izan zen betekadarik gabe, Galarretak oso itxura ona aurkeztu du 862 ikuslerekin, baina presioa ez da oztopo izan lasai irten den Azpirozentzat. Ez dira finalak partida onak ikusteko egunik onenak izaten, baina zaleek gozatzeko modukoa izan da Mastersekoa, lehen erdian bederen, denera bederatzi berdinketa izan baitira, azkena hamazazpinakoa.

Epailearen akatsa

Atsedenaldia eta berdinketa horren artean egin dio, ordea, ihes partidak Azpirozi.  Ondo itzuli da uitziarra aulkitik tanto on batekin partidako bere alderik handiena eskuratuta, baina konturatzerako egin dio alde. Lehendabizi berak partidako hirugarren pasa egin du saketik eta jarraian epailea erratu egin da Ansak egindako beste bat ontzat emanda. Kantxan zegoen pantailan arrazoi emanak mesede baino kalte handiagoa egin dio Azpirozi  ­–epaileak berak ere barkamena eskatu zion­­– eta ordura arte horren ondo aritu den atzelari nafarra partidatik irten bezala egin da. Ansak ere, odola usaindu  eta ez du barkatu eta hortxe atera du bere jokorik ikusgarriena.

Kalitateaz harago, fisikoki ere oso indartsu dago Imanol Ansa, kantxa asko bete du defentsan eta pilota ezker paretan arrimatzen ere asmatu du, Azpiroz desesperatzeraino. Ordura arte oso orekatua joan den partida errotik hautsi du urnietarrak 18-3ko partzial batekin, tartean tanto ikusgarriak sinatuz. Txalotuena, ziurrenik 20-17koa izan da, errebote zail bat eramanaz lehendabizi eta aurrean bikain amaituz. Piloteoan ere, oso opari gutxi egin ditu eta merezitako garaipena eskuratu du.

Bigarren mastersa

2011an Koteto Ezkurrak txapelketa honetako palmaresa estreinatu zuenetik, 14 Masters jokatu dira eta denera bost txapeldun desberdin izan dira Ezkurra (2011 eta 2012), Urriza (2013, 2014, 2017, 2018, 2019 eta 2021), Uterga (2015 eta 2016), Barrenetxea IV.a (2020 eta 2022) eta Imanol Ansa azken bi urteetan, hau da, Javi Urrizaren atzetik, bigarren koskan jarri da urnietarra, aurrean oraindik ibilbide luzea duelarik.

Partidaren amaieran oso pozik agertu da Imanol Ansa. «Sakearekin min handia egin dut eta hor egon da partidaren giltzetako bat.  Konstantea izan naiz eta horrek ere asko laguntzen du buruz buruko partidetan. Ondo hasi ez naizen arren, azkenerako gozatu egin dut.  Unerik txarrenetan mentalki eta fisikoki partidari eusteko gai izan naiz eta horrek garrantzi handia izan du. Orain dela gutxi arte finalak galdu egiten nituen eta orain, aldiz, irabazi eta ez dut gauza askorik aldatu, betiko taldearekin, baina detaile txikiek erabakitzen dituzte finalak eta horretan hobetu dut».

FITXA TEKNIKOA

Ansa II.a: 30
Azpiroz: 19

Pilotakadak: 211. Iraupena: 56,37 minutu. Markagailua: 0-3, 2-3, 2-4, 5-4, 5-6, 7-6, 7-9, 10-9, 10-10, 11-10, 11-14, 12-14, 12-16, 17-16, 17-17, 20-17, 20-18, 25-18, 25-19, 30-19. Sakeak: 8 (falta 1) Ansa II.ak eta 2 (3 falta) Azpirozek. Egindakoak: 13 Ansa II.ak eta 12 Azpirozek. Galdutakoak: 2 Ansa II.ak eta 6 Azpirozek. Gorabeherak: Oso sarrera polita Galarretan, 862 ikusle, baina betekadatik urrun. Loitegi aritu da Ansa II.aren botilero lanetan eta Josetxo Ezkurra Azpirozekin.