Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Elkarrizketa
Sandra Fdez. Aguirre
Aktorea, titiriteroa eta abeslaria

«Barruan zeozer mugitzea da gakoa, kontzientziak astintzea»

Sandra Fdez. Aguirrek (Barakaldo, 1980) proiektu berria du. ‘Atearen bestaldean’ da Hika Teatrorekin ondu duen lana. Familia osoari zuzendutako obra da eta igande honetan ikusiko du argia Astigarragako Erribera Kulturgunean.

‘Atearen bestaldean’ antzezlanaren irudia.
‘Atearen bestaldean’ antzezlanaren irudia. (Asier CAMACHO)

Hiru hitz, denera, 50 minutuz luzatzen den emanaldian. Musika, bi gorputz eta gurpil gainean doan atea. Ez dago besterik ‘Atearen bestaldean’ Hika Teatroren antzezlanean.

Zuzendaritzaz, dramaturgiaz eta espazio eszenikoaz Agurtzane Intxaurraga arduratu da. Agertoki gainean Sandra Fdez. Aguirre eta Unai Celaya  ikusiko ditugu. «Agurtzane eta biok elkarrekin inprobisatzen hasi ginen. Atea bat itxi eta bestea irekitzen duzunean zer aurki dezakezun irudikatzen. Pertsonaiak hasieran bizi duen bakardadea eta une horretan duen erresilientzia bilatzen. Nahiz tristura izan, indar handia du aurrera ateratzeko, beste mundu batzuk irudikatu eta aurrera jarraitzeko», esan du.

Ondoren Unai Celaya gehitu zitzaien. Musika sortu du eta biolina jotzen du zuzenean Proyecto Villalacreren sustatzaileak. «Bera da nire pertsonaiaren arima, musikaren bidez ahotsa jartzen diona. Hiruron artean pieza osatu genuen; gustura geratu gara», azaldu du.

Dramática Errante konpainiaren “Yerma” obran ikusi dugu Aguirre azken hilabeteotan, Ane Pikazaren ordezko lanetan. «Pena da ezin jarraitu izana baina banekien amatasun bajaren ondoren Ane Pikaza lanera itzuliko zela. Nik ere bizi izan dut egoera bera beraz...», esan du.

Jokatuko duten pertsonaiak interpretazio-arku ahalik zabalena izatea da aktore guztien ametsa. Ezin esan “Yerma”ko protagonistak ez duenik. «Hasieratik oparia izan da. Banekien denbora tarte baterako zela. Lana gustagarria izan da. Bidaia emozional oso potentea dauka pertsonaiak. Artista arrakastatsua izanez hasten da antzezlana eta erabateko zoramenean bukatuko du. Obrak irauten duen ordutebete eta erdian igotzen eta jaisten ari naiz».

Bidezidor berriak aurkituz doa pertsonaiak osatzerakoan: «Estereotipoetan oinarritzen nintzen nire buruan lantzerakoan, eta nola ibili edo nola barre egin zezaketen bilatzen nuen. Orain pertsonaiak entseguetan hazi daitezen uzten dut. Ahalegina egiten dut testua ondo ikasten, publikoa aurrean dudanean hori ahaztu eta unean unekoa bizitzeko».

Enpatia

Berehala enpatia sentitzen du egokitzen zaizkion pertsonaiekiko eta euren mundu emozionalarekiko. «Emozionala naiz eta erraza egiten zait eromenarekin edo etsipenarekin konektatzea», aitortu du.

Emakume baten desioaz idatzi zuen Federico Garcia Lorcak. Gaur egunera ekarri dute Maria Goiricelayak eta Ane Pikazak. «Lorcak sortutako pertsonaiaren esentzia ezin hobeto ekarri dute gaur egunera. Lorcak 1934an idatzi zuen obra, eta garai hartan ezin zuen Yermak bere bikotearengandik banatzea planteatu ere egin. Gaur egun emakume askok bizi duen errealitatea da. Eta baliabide ugari dituzte ama ezin direla izan onartu arte. Amatasun berriak, ernaltze artifiziala... Baina hori horrela izan arren, batzuetan ez da gertatzen. Garai hartan landa eremuko Espainian bizi zuten egoera hartan obra uztea arraroa litzateke orain», dio.

Bi hamarkadako ibilbidea egina du Aguirrek. Gorputzetik eta keinuetatik egindako antzerkia eta testua oinarri duena, biak landu ditu. Azken bi proiektuak horren adibide dira.

Artearen hainbat esparru lantzen ditu. «Abestea osasuntsu egoteko bidea da niretzat. Lanbidez aktorea naiz, Arte Dramatiko ikasketak egin nituen baina egia da txotxongiloak egiteko asmoz iritsi nintzela eskolara. Bihotzez titiritera naiz, musika arima da eta interpretazioa ???????????. Ezin ditut banatu, hirurak ditu gustuko».

Prekariotasuna

Bere ibilbidea zein puntutan ikusten duen jakin nahi dugu. «Konpainia askotatik deitzen didate lanerako. Oso eskertuta nago. Baina antzerkia hobeto ordaindua izatea nahi nuke. Lan asko egin behar duzu bizirauteko. Prekariotasunari lotuta dago jarduera artistikoa. Hasten zarenean, bohemioa eta iraultzailea bezala ikusten duzu, baina 20 urte pasatu direnean....», adierazi du.

Garbi dio. «Helduentzako antzerkia zailagoa da saltzen eta horrez gain osagai soziala badu, are gehiago. Bada egiten duenik –Dramática Errante adibidez, kañeroak dira– posible da, baina konplikatuagoa da.

Aguirrerentzat antzerkia ez da entretenimendu soila, urrunago doa. «Entretenimendua ondo dago baina nire ustez antzerkiak zerbait irakatsi behar digu. Askeago egiten gaitu. Ate berriak irekitzen dizkigu, ez irudimenaren aldetik bakarrik, beste errealitateak ikusi eta hausnarketa eginarazten dizu. Barruan zeozer mugitzea da gakoa. Kontzientzaiak astintzea».

Hogei urteko esperientzia

Bi hamarkadako ibilbidea egina du. 20 urterekin heldu zion profesionalki interpretazioari eta handik urtebetera konpainia propioa sortu zuen hainbat kiderekin: Laressistens. Atxurin antolatzen zituzten jardunaldietara egin dugu atzera. «Sekulako arrakasta zuten. Urtean bizpahiru aldiz hamar eguneko egitaraua osatzen genuen: musika, txotxongiloak, antzerkia... Garai hartan antzerki borrokalariagoa egiten genuen. Performanceak ere egin genituen 2001-2008 urte bitartean. Konpainia gaztea ginen eta ez genuen inolako laguntzarik jasotzen. Gure unerik onena bezala gogoratzen dugu taldeko kideok. Nahi genuena eta sinesten genuen hura egiten genuen. Kasik lokalean bizi ginen», esan du barrez.

Gero La Enana Naranja konpainia etorri zen. ‘Kontu Kantari’ proiektua dute abian. «Hirugarren ikuskizuna eta hirugarren diskoa daukagu esku artean, ‘Zimurren artean’ izenekoa. Alondegian estreinatu genuen joan den urtarrilaren 20an».

Euskal musika tradizionalaren bertsioak egiten dituzte, edo ez hain tradizionalak beste batzuetan. «Gu hazi ginen kantuak umeei eskaintzea pentsatu genuen. Lehen diskoan haur kantuak ziren, eta gero guk gustukoak ditugun abestiak aukeratu ditugu. ez dugu nahi izan infantilegiak egitea. Flamenkoa egin dugu, bluesa ere bai, eta hirugarren disko honetan Mikel Laboa edo Benito Lertxundi ezagutzeko aukera dute txotxongilo lan batean. Gurasoek esan izan digute konektatu egin dutela. ‘Ze ondo, orain autoan goazenean edo etxean jar dezakegu musika hau’», azaldu du.

Gorputzetik eta keinuetatik egindako antzerkia eta testua oinarri duena, biak landu ditu. Azken bi proiektuak, Dramática Erranteren ‘Yerma’ eta Hikaren ‘Atearen bestaldean’ horren adibide dira. «Markeliñe konpainian hamaika urtez aritu naiz antzerki fisikoa lantzen, emanaldi kopuru garrantzitsuarekin eta bidaia ugari eginez. Aldi berean Arriaga Antzokian ‘Los enamorados’ edo Pabellon 6an ‘La orquesta de señoritas’ egin ditut. Azken bi urteotakoak testu asko duten lanak izan dira, ‘Yerma’, Tartean taldearen ‘Alderray’, Gorakadaren ‘El hombre que plantaba árboles’..», gogoratu du.