Euria hasi duenean Benito Villamarinen, Betisekoek eskuak aurpegira eraman dituzte kezkatuta eta Athleticekoak alaitu egin dira. Sevillan jokatzen zen partida bazirudien Bilbon izango zela, etxean. Baina ez da hala izan, zuri-gorrientzat gauza negatibo gehiegi gertatu diren lehen zatian behintzat, eta bolada onari amaiera eman diote.
Ernesto Valverdek atsedena eman dio hasieratik Iñaki Williamsi eta bi gol sartzetik zetorren Alex Berenguer mantendu du hamaikakoan, eskuinetik. Ezkerrean Nico Williams aritu da, lehen zatiko protagonista negatiboetako bat. Eskuin hegalean, berriz, 400 partida bete dituen Oscar de Marcos aritu da.
Bilbotarrak ondo hasi dira, aurrean presionatzen eta baloiaren jabe egin nahian. Baina 13. minutua iritsi denean dena okertzen hasi da. Kontraeraso batean, Betisek lehen gola egin du. Willian Josek eskuinetik erdiraketa bikaina egin dio Chimy Avilari, eta neguko merkatuan Osasuna utzi duen aurrelariak ez du hutsik egin Unai Simonen aurrean.
Momentu horretan partida zenbait minutuz gelditu behar izan du epaileak, Guadalupe Porras marrazainak kolpe bat jaso baitu eta ezin izan baitu jarraitu. Bere ordez laugarren epailea aritu da ondoren.
Andaluziarrek, aurten, lehen gola sartu izan dutenean beti irabazi izan dute Benito Villamarinen. Eta bigarren gola iritsi denean egoera hau areagotzeko aukera bikaina izan dute. Izan ere, jokaldia, kasu honetan, beste hegaletik iritsi da. Bertan, ezkerrean, Fekirrek oso erdiraketa ona egin dio Willian Joseri, honek errematatu eta Yurik, alderatzean, bere atean gola sartzeko.
Bi gol jasotzea txarra bazen, are gehiago okertu dira gauzak. Hasteko, Nico Williamsek bi txartel hori ikusi ditu jarraian, lehena falta egiteagatik eta bigarrena epaileari txalo egiteagatik. Williams anaietako gazteena bero zetorren, Betisen bigarren golean berari egindako falta bat eskatu baitio epaileari. Bere kaleratzeak jokalari bat gutxiagorekin utzi du taldea, baina Kopako finalerdietako itzuleko neurketa jokatu ahal izango du aurrelariak.
4-4-1 jokatzera pasa da Athletic, Berenguer ezkerrera etorriz. Minutu batzuk beranduago, Valverdek beste ezbehar bat izan du. Yuri Berchichek zelaia utzi behar izan du lesio batengatik (Imanol Garcia Albeniz zelairatu da bere ordez). Lesioak beti dira txarrak, baina hurrengo astean Kopako partida erabakiorraren atarian gertatzea...
Epaileak sei minutu luzatu du lehen zatia. Fornals oso gertu egon da hirugarrena egiteko, baina gehiegi gurutzatu du ateratzean duda egin duen Unai Simonen aurrean.
Athleticek dena kontra zuela uste zenean, hor agertu da Guruzeta, sei minutuko luzapenetik kanpo, korner batean gola egiteko. Zuri-gorriekin kontratua luzatu eta egun gutxitara, hor utzi du bere zigilua donostiarrak. Gol psikologiko horietakoa izan da, lehen zatiaren amaieran.
Pisu gehiegi bigarren zatian
Bigarren zatiaren hasieran ez da nabaritu Athletic jokalari bat gutxiagorekin ari zela. Iñaki Williamsek Oihan Sanceten tokia hartu du hasi eta berehala. Are gehiago, Alex Berenguerrek oso gertu izan du berdinketaren gola, baina gehiegi gurutzatu du baloia zutoin luzera.
Etxeko taldea, motibazioz beterik, bere aukerak ere izan ditu. Unai Simonen eskuetara joan den Carvalhoren jaurtiketa lehen abisua izan da. Eta abisua alarman bihurtu da hirugarren gola iritsi denean. Johnnyk, areatik kanpoko jaurtiketa eder batekin, aldeak handitu ditu 67. minutuan eta are zailago jarri dizkio gauzak Athletici.
Hori bai, lesionatu ugari dituen Manuel Pellegrinik beste aldaketa bat egin behar izan du derrigortuta. Aitor Ruibal kendu behar izan du, minarekin, eta bere ordez Bellerin zelairatu du.
Valverdek azken fitxak mugitu ditu ere. Minutu batzuk lehenago Unai Gomez eta Dani Garcia zelairatu ditu, eta azkena Mikel Vesga izan da, Paredesen ordez. Baina bere taldeak ez du ezertan aldatu.
Kasualitatez, euri tantak gutxiagotu egin dira Sevillan, eguerdian zeuden argi izpi batzuei pauso emanez. Betisek Reala gainditu du sailkapenaren seigarren postuan eta Athleticek ostegunean duen helburu garrantzitsurako prestatzen hasi beharko du dagoeneko. Kopako finala jokatzea dute helburu, baina horretarako Atletico kanporatu beharko dute. Emaitza ona atera zuten joanekoan (0-1); beraz, jokalariak ondo errekuperatu eta hurrengo erronkan pentsatu beharko dute jada.
PARTIDAKO FITXA:
3 - Betis: Rui Silva; Ruibal (Bellerin, 72'), Pezzella, Riad, Sabaly; Altimira (Carvalho, 46'), Johnny; Fornals, Fekir (Diao, 85'), Chimy Avila (Rodri, 51'); eta Willian Jose.
1 - Athletic: Unai Simon; De Marcos, Vivian, Paredes (Vesga, 72'), Yuri (Garcia de Albeniz, 45+4); Prados (Dani Garcia, 60'), Ruiz de Galarreta (Unai Gómez, 60'); Berenguer, Sancet (Iñaki Williams, 46'), Nico Williams; eta Guruzeta.
Golak: 1-0, m.13: Chimy Avila. 2-0, m.38: Yurik, bere atean. 2-1, m.40+4: Guruzetak, korner batean. 3-1, m.67: Johnny. Epailea: Guillermo Cuadra Fernandez. Txartel horia atera die Chimy Avilari (30’), Yuriri (33’); eta txartel gorria atera dio Nico Williamsi bi horirekin (40’), Berenguerri (40'), Viviani (48'). Gertakariak: Benito Villamarinen jokatu da partida, 53.537 ikusleren aurrean. Partida hasi aurretik, minutu bateko isilunea bete da Valentziako sutean hildako pertsonengatik.