NAIZ

Manex Agirre nagusitu da Aramaion jokatu den finalerdian

Manex Agirrek etxean, Aramaion, erdietsi du Arabako Bertsolari Txapelketako finalerako txartela, lehen finalerdian. Finalera pasako diren bertsolarien zerrenda martxoaren 2an osatuko da Dulantzin, bigarren eta azken finalerdiarekin.

Manex Agirrek lortu du Gasteizko finalerako txartela.
Manex Agirrek lortu du Gasteizko finalerako txartela. (ARABAKO BERTSOZALE ELKARTEA)

Aramaioko kultur etxeak hartu du Arabako Bertsolari Txapelketako lehen finalerdia, larunbatarekin. Manex Agirre herritarra nagusitu da saioan eta, beraz, berak eskuratu du martxoaren 16an Gasteizen jokatuko den final handirako zuzeneko txartela.

Saioan 372 puntu poltsikoratu ditu aramaioarrak, eta atzetik izan ditu, hurrenez hurren, Peru Abarrategi (365,5 puntu), Iñaki Viñaspre (354 puntu), Unai Anda (337 puntu), Eli Zaldua (331.5 puntu) eta Ekaitz Samaniego (305 puntu).

Bigarren fase honetan hamalau bertso puntuagarri kantatu behar dituzte bertsolariek eta bakarkako lana ganbarakoa da.

Saioan zehar Etxaun Otaño Zinkunegi aritu da gai-jartzaile lanean eta epaimahaia Mikel Fernandez de Arroiabe, Fernando Sopelana, Iker Elexpuru eta Aitor Jimenez Tolosanak osatu dute. Endika Jimenez Enbeita aritu da, azkenik, idazkari lanetan.

Arabako Txapelketako bigarren eta azken finalerdia martxoaren 2an jokatuko da Dulantziko kultur etxean, 17.30etatik aurrera. Bertsotan ariko dira Aitor Ugarte Eriz, Aroa Arrizubieta Barredo, Asier Otamendi Alkorta, Izar Mendiguren Cosgaya, Paula Amilburu Izargarai eta Xabi Igoa Eriz. Bertan erabakiko da ze bertsolari pasako diren martxoaren 16an Gasteizen jokatuko den final handira.

Txapelketaren eta sarreren salmentaren gaineko informazio gehiago, Arabako Bertsolari Txapelketaren web orrialdean.