Asier Robles

San Faustoko 11 familientzako bizitoki-alternatiba duina exijitu diote Basauriko Udalari

Basauriko Udalaren aurrean egindako mobilizazio batean, herriko erdigunea eraberritzeko helburua duen hirigintza-planaren baitan etxetik kanporatuko dituzten 11 familiarentzako bizitegi-alternatiba bat eskatu dute.

Elkarretaratzea Basauriko Udaletxearen aurrean.
Elkarretaratzea Basauriko Udaletxearen aurrean. (Oskar MATXIN EDESA)

Basauriko erdigunea eraberritzeko plan urbanistikoaren baitan, Udalak San Fausto kaleko 5., 9., 7. eta 11. blokeak eraisteko asmoa du etxe berriak eraikitzeko. Testuinguru horretan, 11 familia beren etxeak galtzeko arriskuan daude; izan ere, etxetik ateraraziko dituzte, eta, salatu dutenez, ez zaie bizitegi-alternatiba duin bat eskaini.

Horrela jakinarazi dute kaltetuek Batu Etxebizitza Sindikatuarekin batera astelehen honetan Basauriko Udaletxean egindako mobilizazio baten bitartez. Diotenez, Atxalar etxebizitza-jabe handiak azarotik alokairu-kontratuak deuseztatu die.

Bidebik, Basauri udalerriko higintza-planteamendua eta kudeaketa bultzatzeaz arduratzen den sozietate publikoa, «egoera bakoitzerako proposamen pertsonalizatuak» eskaini die bloke horietan bizi zen jendeari. Askok onartu zuten eskaini zitzaiena, baina 11 familia hauek salatzen dute eskaintzen zaizkien kalte-ordainak ez direla haien beharretara egokitzen «eta are gutxiago Basauriko higiezinen merkatuaren egoera kontuan hartuz, non alokairuak izugarri igo diren». Gainera, eskaintza horiek sinatzeko Bidebiren «presioak» salatu dituzte.

Gaurko agerraldian adierazi dutenez, bizilagunek bizi osoa daramate San Fausto kalean, eta ez dute etxetik alde egin nahi Basaurin bizileku duina eskaini arte.

Elkarretaratzea amaitu ondoren, Udaletxean sartu dira Basauriko Jasangarritasun, Hiri-Garapen eta Herritarren Segurtasun Arloko zinegotziarekin eta Gobernu taldearekin bilera bat eskatzeko eta konponbide adostu bat bilatzeko. «San Fausto no se vende, San Fausto se defiende», «Ez, ez, ez, kaleratzerik ez» eta «Ayuntamiento y Atxalar, dejar de especular» leloak oihukatu dituzte Udaletxe barruan.

Batu Etxebizitza Sindikatuak 11 familiei Basaurin bizitoki duina eskaintzea exijitzen du.

Azkenik, Basauriko herriari dei egin diete egoera honen salaketarekin bat egin dezan. Horregatik, martxoaren 15ean, 18.30ean, Arizgoitiko plazan elkarretaratzea deitu dute.