NAIZ

Elantxobe eta Ibarrangeluko herritarrek beraien herriko medikua ez lekualdatezko eskatu dute

Ibarrangeluko eta Elantxobeko udalek ohar baten bidez adierazi dute ez dutela bat egiten Osakidetzako Zuzendaritzak beraien herriko medikua lekualdatzeko hartutako erabakiarekin. Ez lekualdatzeko eskatu diote, «lehen arreta zerbitzuen alde».

Elantxobeko eta Ibarrangeluko medikua ez lekualdatzeko eskatzen dute herritarrek.
Elantxobeko eta Ibarrangeluko medikua ez lekualdatzeko eskatzen dute herritarrek. (June Prieto | FOKU)

Ibarrangelu eta Elantxobeko udalek, herritarren borondatearekin bat eginda, eskakizun zehatz bat egin diote Osakidetzari: azken urteetan beraien herriko medikua izan den Ruth Torreri barne mugikortasun prozeduraren bidez Elantxobe eta Ibarrangeluko medikua izaten jarraitzea, hasieran onartu bezala.

Bi herrietako udalek, ohar bateratu batean beraien «harridura eta haserrea» adierazi dute. Izan ere, Torre medikuak herri horietan geratzeko eskatu zuen barne mugikortasuna prozeduraren bidez, hasiera batean onartu egin zion Osakidetzeko Zuzendaritzak udal ordezkariek azaldu dutenez, baina Enplegu Eskaintza Publikoko plazen izendapena egiterakoan «lehenbailehen Galdako-Usansoloko osasun zentrora inkorporatzeko agindu diote», argitu dute. Medikuaren eskaera onartzeko datorren igandean, martxoaren 3an elkarretaratzea egingo dute 12.15etan Ibarrangeluko plazan.

Oharrean adierazi dutenez, herriko medikuak erretiroa hartu zuenetik beraien osasun zentroetatik pasatako hirugarren medikua da Torre: «Urte bi baino gehiago daramatza gurekin eta ibilbide honetan herritarren begikotasuna irabazi du, plazari estabilitatea eman dio eta bere eguneroko jarduera biziak salbatu gaitu. Oso ondo zainduta sentitzen gara herritarrok bera hemen egonda».

Herritarren konfiantza, ezinbestekoa

Elantxobeko eta Ibarrangeluko udal ordezkarien ustez, herritar orok konfidantzazko harremana izan behar du medikuarekin, eta Osakidetzak hartutako erabaki horrek «ezkotasunez betetzen du lehen arreta zerbitzua eta zalantzan ipintzen du gure herrietako lehen arreta zerbitzua egokia izatea».

Medikuaren borondatea «ez errespetatzea» dakar Galdakao-Usansoloko plaza hartzera behartzeak, adierazi dutenez, eta beraien herrietako «lehen arreta zerbitzua eta osasunaren eraginkortasunari» eragiten diola uste dute.

«Lehendik ere badugu nahiko arazo pediatria zerbitzua dela eta, udan ordezkorik ez izatea eta ondorioz kontsulta egunak murriztea, eta orain bertako plaza zalantzan ipintzen da, errespetatu barik profesionalen erabakia, berton geratzeko barne mugikortasunaren bidez», gaineratu dute.