Iraitz Mateo

‘Ez naiz ondo akordatzen’, Karlos Linazasororen «autohagiografia» bat

Karlos Linazasororen irudimena agortezina dela frogatuta geratu da beste behin, asteazken honetan aurkeztu du bere lan berria, ‘Ez naiz ondo akordatzen. Autohagiografia bat 101 ataletan’. Bere «santu bizitza» kontatzen du, literaturarekin duen harremana eta kezkatzen duten gaiak lantzen ditu.

Karlos Linazasorok bere liburu berria aurketzu du Donostian.
Karlos Linazasorok bere liburu berria aurketzu du Donostian. (Jon Urbe | FOKU)

Azaletik bertatik sumatu daiteke Karlos Linazasororen liburu berriaren tonu jostaria. Santu baten margolanean Linazasororen aurpegia ikusi daiteke, eta liburuaren titulua bezain garrantzitsua den azpititulua: ‘Ez naiz ondo akordatzen. Autohagiografia bat 101 ataletan’.

Xabier Mendiguren editoreak argitu du asteazken goiz honetan egindako aurkezpenean autohagiografiaren esanahia: «Santu baten bizitza esan nahi du, santu batek bere bizitza eta bere mirariak kontatzea da». Eta Linazasorok tonu serioz jarraitu du liburuaren jatorria azaltzen: «Santu izendatu ninduten. Duela bi edo hiru urte gutun bat jaso nuen, euskal literaturan agintzen dutenena, eta literaturaren arloko santu izendatu ninduten. Egia esan ez dakit euskal literaturan besterik badagoen».

Literaturaren santu izateko bi baldintza bete behar direla kontatu du Linazasorok, lehenengoa «sekula enfant terriblea ez izatea, eta ez naiz izan, oso esanekoa eta zintzoa naiz». Eta bigarrena, gutxienez hamar aldiz porrot egitea, «eta nik baditut, azkena lehengo urtean atera nuen soneto liburua», adierazi du.

Testu laburrak dira eta «zehazgabetasuna dago», aurreratu du idazleak berak. 101 ataletan banatuta dago liburua, 101 testu daude, «nire santu bizitza kontatzen dut, aurretik idatzitakoak eta ondoren idatzitakoak. Nire bizitzako gauzak idazten ditut, idazletzarekin zer ikusia dutenak, nire pentsamenduak».

Eta izenburuarekin lotu du ideia hori, ‘Ez naiz ondo akordatzen’. «Memoria ona ez dudanez, ez ditut ongi bereizten errealitatea eta fikzioa, zer den ametsa…». Eta ondorioz, data batzuk, leku izen batzuk edota baita zenbait hitz ere, ez daudela ondo aitortu du, «ez dira propio gaizki egindakoak, ez naiz ondo akordatzen gauzekin». Liburuan bekatu handiak daudela ziurtatu du, baina santua denez horretarako eskubidea duela defendatuz.

Jolaserako deia

«Nire filiak eta fobiak kontatzeko ironia handia dago, nire buruari barre egiten diot», adierazi du. Eta euskararekin duen kezka edota umore beltz eta basatia aurkitu daitezkeela esan du aurkezpenean; idazten oso ondo pasatu duela gaineratu du. «Santu naizelako banatu ditut ostia dexente liburuan», onartu du irri txikia ahoan.

Guztia «ludikotasun batez zipriztinduta» dagoela kontatu du, eta irakurlea jolas egitera gonbidatu du. Testuak dauden ordenean irakurtzeko gomendatu du, eta egunean lau edo bost besterik ez irakurtzeko, «bakoitzari zukua ateratzeko». Gomendio izarra ere aurkezpenean jakinarazi du: «Konprobatu dudanez testu bakoitza sei aldiz irakurtzen baduzu, estasi batera iristen zarela, kannabisa erretzea bezalakoa da, lurretik pixka bat lebitatzen duzu».

Mendiguren editoreak adi jarraitu du aurkezpena ondotik, eta irakurleari ere adi egoteko deia egin dio, «adarra jotzen ari zaigu». Editorearen lana akatsak bilatzea dela azaldu du, eta bera ere Linazasororen liburuan akatsak bilatu eta zuzentzen hasi zela, baina konturatu zela nahita ari zela datu okerrak ematen, «adarra jotzen ari da, adi irakurtzen ez bada gehienak oharkabean pasatuko dira».