Arnaitz Gorriti

Euroligako zurrunbiloan murgilduko da Baskonia, Sedekerskisekin baina Diop gabe

Jokalari faltak eta partidarik ezak eraginda, zalantzaz josita jokatuko du Baskoniak Fenerbahçeren kantxan. Zorionez, Tadas Sedekerskis hantxe izango da, giharretako arazoak gainditu eta gero. Aldiz, Khalifa Diopek ez du denboraldia amaitu bitarte jokatzerik izango, eskumuturreko ebakuntza dela-eta.

Baskoniaren albiste onena Tadas Sedekerskis berriz ere jokatzeko moduan dagoela da.
Baskoniaren albiste onena Tadas Sedekerskis berriz ere jokatzeko moduan dagoela da. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Hemeretzi egun eman ditu Saski Baskoniak partidarik jokatu gabe. Hilaren 11an, ACB Ligako norgehiagokan, Joventuten aurka 78-81 galdu zuen orduko hartan talde gasteiztarrak eta ostiral hay iritsi bitartean Kopa telebistaz ikusteaz gain, ‘FIBA Leihoetan’ bost jokalari joan dira Gasteiztik: Marinkovic Serbiarekin, Raieste eta Kotsar Estoniarekin, Miller-McIntyre Bulgariarekin eta Rogkavopoulos Greziarekin. Denak sano itzuli dira eta ez da gutxi, eta bostak prest egongo dira ostiral arratsaldean, 18.45etan, Fenerbahçeren aurka Euroligako hogeita zazpigarren jardunaldiari ekiteko.

Baita Tadas Sedekerskis ere, giharretako arazoak halakoren baten atzean laga eta gero. «Asteartean taldearekin entrenatu zuen eta baita atzo –asteazkenean– ere. Ez da puntuan egongo, baina tira, behintzat jokatzeko moduan izango da eta taldeari lagunduko dio», adierazi du Dusko Ivanovicek partida bezperako prentsaurrekoan.

Montenegrokoak, alabaina, albiste txarra eman du Khalifa Diopen inguruan. Eskumuturra operatu behar izan zuen Senegalgo pibotak eta, Ivanovicen hitzetan, «bost bat hilabete beharko ditu osatzeko. Beraz, amaitu da berarentzat denboraldia». Zalantzarik gabe, Saski Baskoniak pasa den udan egin zuen apostu sendoenetarikoa den honek kale egin du bere aurreneko urtean; 2022/23 denboraldian Eurocupeko txapeldun izan zen Diop Kanaria Handiarekin, eta finaleko MVP aukeratu zuten gainera, baina aurten, bizkarreko arazoak izan dituelako lehenbizi eta eskumuturreko lesioa gero, bere mailarik erakutsi ezinik geratu da jokalari afrikar gaztea. Hurrengoan beharko du.

Ondorioz, Maik Kotsar eta Matt Costellok osatuko dute pibot postua, Sedekerskis eta Monekeren laguntzarekin. Nahikoa eta gehiago Dusko Ivanovicentzat, batez ere denboraldia bere zatirik erabakigarrienean sartzen delarik. «Bost jokalari falta izanda, ahal duguna egin dugu entrenamenduetan, baina partidak jokatzen hasi arte, inkognita hutsa da dena. Ikusi egin behar modu automatikoan egiten genituen mugimendu horiek galdu ditugun edo ez», onartu du Ivanovicek geldialdi honen harira.

Nolanahi, inkognita izan zein ez, Bijelo Poljeko entrenatzaileak argi dauka hemendik aurrerako neurketek berebiziko garrantzia hartuko dutela. «Hanka sartzeko tartea geroz eta estuagoa da hemendik aurrera, mundu guztiak aurrean egon nahi baitu», azaldu du.

Hobetze aldera, bi xehetasun lehenetsi ditu Ivanovicek. «Arlo guztietan hobetu behar dugu, noski, baina defentsa da indartu behar dugun guneetako bat, eta bestea, berriz, partiden hasiera. Behar baino abantaila handiagoa ematen diegu aurkariei aurreneko minutuetan eta hor sendo egon behar dugu», azpimarratu du.

Berdintasunean igerian

Euroligan zortzigarren postuan dago Saski Baskonia uneotan, 14-12 balantzearekin. Hain zuzen, sailkapenean bere aurretik dagoen Fenerbahçeren kantxan jokatu behar dute arabarrek. Saras Jasikevicius lituaniarrak gidatzen duen taldeak Baskoniak baino garaipen bat gehiago du, baina argi izan behar da puntu aldea gasteiztarren alde egongo litzatekeela deskuiduan Ivanovicenek Istanbulen irabaziko balute. Ez da ahaztu behar pasa den abenduaren 6an Markus Howarden azken orduko hiruko bati esker 80-79 nagusitu zirela gasteiztarrak.

Bestela ere sailkapen nagusian gauzak hain estu daudela aintzat hartuta –jardunaldiaren hasieran, Baskoniaren atzetik dauden Valentziak eta Maccabik 13na garaipen dituzte, 12 Belgradeko Partizanek, hamaikagarren postuan, eta 11na berdinduta daude sailkapenean hain urruti ez dauden Armani Milano, Zalgiris, Anadolu Efes eta Bayern Munich ere. Gorantz begiratu nahiko lukete gasteiztarrek, seigarren postuan dagoen Olympiacosen lekua hartu eta zuzenean final-laurdenak jokatzeko eskubidea irabazi, aurretiaz jokatu beharreko kanporaketarik gabe. Ez da ahaztu behar gainera puntu aldea irabazita duela talde greziarrarekiko Saski Baskoniak. Baina Ivanovicen beraren hitzei jaramon eginez, kale egiteko tartea hain da estua, besteren balizko hutsegiteei begira jartzea norberak hanka sartu eta Euroligaren lasterketa ero horretan estropezu egin eta lurrera muturrez aurrera erortzeko arrisku handia dagoela.

Egia da, halaber, Fenerbahçek ere hainbat egun daramatzala talde osoarekin entrenatu ezinik. Hasteko, Dyshawn Pierre, Yigit Hamza Mestoglu  eta Metecan Birsen jokatu ezinik daude lesionaturik daudelako. Horrez gain, Tarik Biberovic, Sertac Sanli, Melih Mahmotoglou eta Sehmus Hazer Turkiako selekzioarekin ibili dira, Yam Madar Israelgoarekin eta Georgios Papagiannis, berriz, Greziako taldearekin.

Ondorioz, Fenerbahçek azken asteetan lortu duen ustezko abiadura eta mugimenduen liraintasuna pixka bat erdoilduko zen, are gehiago Saras Jasikevicius bezalako entrenatzaile kontrolatzaile eta obsesibo batekin, non bere jokalarien irudimenari tarte txikia lagatzen dion.

Ezin, beraz, antzeman zer-nolako partida izango den Ulker Sports and Event Hall pabiloian. «Jasikeviciusen taldeek gauza bat dute ona: jokalari guztiek ederki asko dakitela zein den beren rola», azpimarratu du zentzu horretan Dusko Ivanovicek. Bada, Scottie Wilbekin, Madar edo Nigels-Hayes bezalako jokalariak oso gertutik zaindu beharko ditu talde gasteiztarrak, emaitza on edo txar batek azken sailkapenera begira garrantzia eskerga izan dezakeelako.