NAIZ

Hiru entzunezko proiektu onduko dira Audiogile Berriak programaren abaroan

Xabier Paya Ruiz (‘Autopsiak’), Iñaki Cid Larrea (‘Errautsak’) eta Garazi Urkola eta Hodei Arrastoaren (‘Enkantea’) soinu-fikzio proiektuek hartuko dute parte Audiogile Berriak programan. Bakoitzak 2.000 euroko laguntza jasoko du proiektua garatzeko eta Harkaitz Canoren aholkularitza jasoko dute.

Garazi Urkola, Iñaki Cid Larrea eta Xabier Paya Ruiz, aurkezpenean.
Garazi Urkola, Iñaki Cid Larrea eta Xabier Paya Ruiz, aurkezpenean. (TABAKALERA)

Tabakalerako ikus-entzunezko laborategiak Audiogile Berriak deialdian hautatutako proiektuak aurkeztu ditu. Xabier Paya Ruizen ‘Autopsiak’, Iñaki Cid Larrearen ‘Errautsak’ eta Garazi Urkola eta Hodei Arrastoaren ‘Enkantea’ soinu-fikzio proiektuak izango dira parte hartuko duten hiru programak.

Programa Tabakalerak eta EITBk sustatutako ekimena da, eta hautatutako proiektuetako bat azken honek ekoitzi eta zabalduko du.

Programaren lehen fasea Tabakalerako ikus-entzunezko laborategian izango da, aurtengo otsailetik maiatzera bitartean. 2019 urtean sortu zen laborategiak talentua eta sormen-testuinguru berriak sustatzea du helburu eta mentoretzak eta aholkularitza eskaintzen ditu. Audiogile Berriak deialdiarekin, lehen aldiz, soinu-fikzio proiektuak sustatuko ditu.

Deialdian hautatutako hiru proiektuek 2.000 euroko laguntza jasoko dute gidoiaren garapenean lan egin ahal izateko, eta banakako aholkularitza izango dute, proiektu bakoitzaren esparrura egokitua, Harkaitz Cano idazle eta gidoilariaren eskutik. Prestakuntzako eta gidoia garatzeko trebakuntza saio bereziak ere izango dituzte. Besteak beste, Jose Antonio Perez Ledorekin ‘La firma de Dios’ soinu-fikzioaren gidoia landuko dute eta podcasterako prestakuntza teknikoa landuko dute EITB eta Ulumediaren eskutik.

Egoiliarrek euren proposamenak azaldu dituzte. Payaren ‘Autopsiak’ gorputegi batera eramango du entzulea: «Euskal Herriko gorputegi bateko forentsearen grabagailuko bost grabazio. Bost gorpuak ez dira edozein, eta ez dira edonola hil. Forentseak eta gorputegiko laguntzaileak kanpotik eta barrutik behatu beharko dituzte hildakoen gorpuak, baita eurekin agertutako jabetzak ere, heriotza bakoitzaren zergatiaren aztarnen bila».

‘Enkantea’ proiektuan, lapur bila jarriko dituzte entzuleak Urkola eta Arrastoak: «Galarreta andereak hainbat pertsona prestigiotsu gonbidatuko ditu bere jauregian ospatuko den enkantera, bertan bere senarrak hil aurretik sortu zuen bitxi preziatuena jarriko da eskuragai: diamante urdinaren lepokoa. Ospakizuna hasi aurretik, ordea, jauregiko argiak itzaltzen dira bat-batean eta kristal bat entzuten da hausten. Argitasuna itzultzean bitxia desagertu dela ikusten dute gonbidatu guztiek. Nor da lapurra? Gonbidatuen artean dagoen Otxoa ikertzailea kasua argitzen saiatuko da».

Eta, azkenik, ‘Errautsak’ proposamenean bakardadeaz arituko da Cid Larrea: «Koro, Isa, Nuntxi eta Maite lagunak dira txiki txikiak zirenetik. Gaur egun gutxiago ikusten dute elkar baina elkarrekin duten whatsapp taldeak lau lagunak inoiz baino batuagoak dauzka. Egunero bidaltzen dizkiete mezuak batak besteei eta audioak bidaltzen ikasi dutenetik elkarrekin egongo balira bezala sentitzen dira; izan ere, lau lagunak bakarrik bizi dira eta talde hau bakardadearen aurkako sendagaia bilakatu da».